Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Apirilaren 17a
Urruña À¢'€'" Sulzbach am Main birazkatze ospakizunak - Urruñarren liburuak Sarako Biltzarrean - Natura marraztuz - Urrunaga elkartearen oharra - Besta eguna Oletan - Arroltze ihizia - Kantu-afaria - Andoni Ollokiegiren kontzertua - Pontx pailazoa
Urruña À¢'€'" Sulzbach am Main birazkatze ospakizunak
Badira45 urte Urruña (10.432 biztanle) eta Bavierako Sulzbach am Main (7.506 biztanle) herriak birazkaturik direla, eta horren kari, iazko maiatzean, 80 bavierar etorri ziren Urruñara. Orain, apirilean, 80 urruñar hara joanen dira, apirilaren 24tik 28ra. Batzuk hegazkinez, autoz besteak, eta Mattin Rafu Ruiz de Alda hautetsi eta kirolari gaztea bizikletaz joanen da. Horretarako 9 egun beharko ditu. Kuxkuxtu txaranga ere joanen da hango bazterrak euskal modura alaitzera.
Urruñarren liburuak Sarako Biltzarrean
Hilaren 21ean, hau da, Pazko astelehenarekin, aurtengo Sarako Biltzarra izanen da, eta hor izanen dira Urruñako ekoizpen zenbait, hala nola, Urrunaga elkartearen Urruña urtekariaren 6. zenbakia, kolorez, euskaraz eta urruñarren artikuluz mukuru; Xerar Urrutiaren "Barneko galderak" izeneko olerki-liburua, Baionako Maiatz argitaletxeak plazaratua; eta Joseba Aurkenerenaren "Euskal izarra beti pizturik" izeneko saiakera, Euskal Herriaren gertaerak, pasadizoak eta narrazioak gogora dakarzkigun liburua, Zarautzeko Dakit argitaletxeak plazaratua. Azken liburu honetan badira istorio ugari Urruñan kokatuak direnak.
Natura marraztuz
Naturaren Bestaren kari (maiatzaren 21etik 25era izanen dena), Urruñako herriak "Natura marraz ezazu" izeneko marrazki erakusketa antolatuko du martxoaren 31tik maiatzaren 9ra. Helburua da naturan diren faunaz eta floraz jendea sentiberatzea. Parte hartzeko baldintzak: 1.- urririk eta deneri irekia izatea, 2.-A4 edo A3 formatuan egina izatea eta 3.- parte hartzaile bakoitzak marrazki bakar bat aurkeztu beharko du. Teknika guziak onartuak dira: koloretako arkatza, margoak, pintura, kolaketak, etab. Marrazkiak maiatzaren 9a aitzin utzi beharko dira Herriko Etxean. Ez ahantzi marrazkiaren gibelean idaztea deitura, izena, adina, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Jasotako marrazkiak Laburrenia plataforma ekologikoan erakusgai izanen dira maiatzaren 21etik 25era (Naturaren Bestaren astean), eta ondotik Iturbidea gunean. Argibide gehiago ukaiteko, Herriko Etxearekin harremanetan sartu: mairie@urrugne.eus/06-14-59-44-60.
Urrunaga elkartearen oharra
Urrunaga euskal kultura elkarteak oroitarazten du Urruña aldizkariaren seigarren zenbakia salgai dela ohiko saltokietan: tabako bulegoan, harategian, Xaia ostatuan... Prezioa: 10 euro. Eta ber denboran, aditzera ematen du azaroaren bukaeran plazaratuko duten zazpigarren zenbakirako, jadanik artikuluak eta kolaborazioak jasotzen hasiak direla betiko posta elektronikoan: urrunaga.elkartea@gmail.com.
Besta eguna Oletan
Hilaren 19an larunbatarekin (19:00), Oletako besta komitearen 30. urteurrenaren karira, besta egun ederra izanen da Oleta auzategian, Tarrapatakan eta DJ.Bull-ek animaturik. Arratsean edariak eta taloak izanen dira.
Arroltze ihizia
Hilaren 20an igandearekin (15:00-18:00), gazteendako jolas eta jokoak izanen dira 110 Bixikineko bidean. Parte hartzeko: 6 euro. Prezio horren barne jateko-edatekoak izanen dira. Izen-ematea: 06-02-56-88-72.
Kantu-afaria Xaian
Maiatzaren 2an ostiralarekin, eta aurtengo Bidasoan Euskaraz kulturaldiaren karira, kantu-afaria izanen da Kuxkuxtu txarangarekin, Pausuko Xaia ostatuan. Menua sagarnotegikoa: bakailao-moleta, txuleta, gasna, kafea eta patxarana. Prezioa: 42 euro. Izen-emaitea: 05-47-75-07-02.
Andoni Ollokiegiren kontzertua
Maiatzaren 3an larunbatarekin, eta aurtengo Bidasoan Euskaraz kulturaldiaren karira, Andoni Ollokiegik kontzertua emanen du Xaia ostatuan (19:00). Pintxoak eta edariak izanen dira.
Pontx pailazoa Xaian
Maiatzaren 1ean ostegunarekin (16:00), eta Bidasoan Euskaraz kulturaldiaren karira, Pontx pailazoak haurrendako saioa emanen du Pausuko Xaia ostatuan. Prezioa: 5 euro eta krakada eskainia.











