Mundu zabalean | 2025eko Apirilaren 17a

Gazako infernua

J.B.

Gazako%20infernua

Bi hilabeteko su-etenaren ondotik nekez lortua izan zen akordioa hautsi du Israelek. Bonbardaketa bortitzak berriz hasi ditu parte handi batean suntsitua den Gazako herrialdean, hilen eta zaurituen zerrenda luzatuz eta bahituen lanjera handituz. Trumpen laguntzarekin boterea atxikitzeko gerlaren beharra du Benjamin Netanyahuk.

Infernuko sua berriz ere

Martxoaren 18an Israelgo armadako kanoiak eta lehergailuak berriz piztu dira. Tregoa hauskor bati esker eztituak izan ziren suak eta minak berpiztu dira, Gazako jendeen beldurra eta asaldura akuilatuz. Gerla berrabiatze lehen egunean berean 500 hil kondatu dira, gehien gehienak zibilak, usaian bezala. Su-etena hautsia izan denetik, egun guziz ehun bat haur erailak edo bizi guzirako elbarrituak kondatzen ditu UNICEF munduko haurren eskubideak zaindu nahi dituen erakundeak. Hunkitua den Hamaseko gerlari bakotxeko beste 20 bat inguruko jende erailak dira. Emazte, haur edo xaharrak izan ez du garrantzirik, Israelgo agintariek aspaldidanik onartuak dituzte bazterreko kalteak edo "dommages collatéraux" famatuak.

Orain ez dituzte kontrako gerlariak bakarrik miran hartzen, kazetari, mediku edo giza laguntzaileak hamarnaka erori dira Israelgo armadako soldaduen tirokaldietan.

Jakin dugun azken aberekerietarik bat joan den astean gertatu da: 15 artatzaile eta giza laguntzaileen gorpuak metaturik atzemanak izan dira hobi komun batean lurperatuak, bala ziloak gorputzean, horietarik batzu esku eta zangoak estekatuak zituztelarik.

Akordioaren hiru faseak

Alta esperantza handiak sortu zituen urtarrilaren 19an Israel eta Hamasek azkenean adostu zuten akordioak, hiru fasetan garatu beharra. Lehenak, urtarrilaren 19tik martxoaren 1a artekoak bi aldeetako armen su-etena, giza laguntza Gazan sartzea, bai eta israeldar bahituak eta palestinar presoen libratzea finkatzen zuen. Ondotik Tsahal Israelgo armada osoki erretiratu behar zen Gaza lurraldetik. Azkenean Gazaren berreraikuntza aipatua zen.

Bainan lehen fasea burutu bezain laster, martxoaren 2an, Gazaren biziraupenerako baitezpadakoa den giza laguntzaren blokatzea erabaki du Israelek. Ondoko astean elektrika moztu dute ur gazitua edangarria bilakarazten duen lantegiari. Segidan, ezin onartuzko astokeriak atera ditu Estatu Batuetako presidente berria den Trumpek: Gazan aberats puxantentzat luxuzko iduzki egonleku bat eraikitzeko barnean bizi diren 2,4 milioi gazatiarrak auzo herrietarat igortzea aski dela erranez.

Beharrik, martxoaren 4an, 22 Estatu biltzen dituen Arabiar Ligak Gaza berreraikitzeko zentzuzko proposamena plazaratzen du, nazioarteko hainbat herriek sustengatzeko prest daudelarik, bainan Israel eta Trumpek berehalako ezezkoa ihardesten dute.

Martxoaren 18an sekulako erasoaldi bortitza abiatzen du Israelek, urte hastapenean abiatu akordioa behin betiko hautsiz.

Natanyahuk gerla behar du

Akordioa abiatu zenetik ezadostasunak agertu ziren Israelgo koalizio Gobernuan. Seguritate Nazionaleko ministroa den Judu Indarra eskuin muturra alderdiko Ben Gvirek Gobernutik alde egiten du akordioa ez onartzeagatik. Gerla berriz abiatu orduko Gobernuan berriz sartu da joan den hilabetean. Boterean segitzeko eskuin muturreko koalizioaren beharra du Benjamin Netanyahuk, bestenaz gehiengoa galtzen du eta boteretik atera bezain fite auziperatua izanen da, hainbat auzibide dilindan dituelako. Boterea atxikitzeko gerlaren beharra du Netanyahuk eta sustengu osoa segurtatu dio Trumpek.

Gerlaren logika aldarazteko bidea

Egoera latz hortarik ateratzeko esperantza bakarra Israel barnetik jin ditaike. Badu zonbait aste manifestaldi jendetsuak agertzen direla hiri nagusietan, gerlaren segipenarekin blokatua den bahituen libratzea galdegiteko eta Netanyahuren lerratze antidemokratikoa salatzeko. Bestalde, azken egun hauetan, gerla gelditzeari buruzko akordioa lortzeko eta oraiko estrategia hilkorra gelditzeko dei publikoa plazaratu dute erreserbako militarrek, bai aireko armadako mila erreserbalarik eta itsas armadako 150 aitzindarik.

Agian Netanyahuren politika hilkorrak ez duela nehorentzat aterabiderik eskaintzen ohartuak dira israeldar gehienak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3782. zbk

Gure Hitza | 2025/04/17

Beste eredu ekonomiko bat posible da!

Menane Oxandabaratz

Joan den larunbatean, Eusko Eguna Ezpeletan iragan da. Egun horretan Eusko moneta ospatzeaz gain, tokiko beste eragile batzuen ezagutzeko parada izan da. Ipar Euskal Herriko ekonomia tokian berean bultzatzeko xedearekin sortu elkarteak, zirkuitu laburreko eragileak bildu ditu. Eusko moneta erabiliz, tokiko enplegua eta hurbileko merkataritza bultzatzen da.

Gisa horretako ekonomia garatzeko modeloa ez da berria. 1970eko hamarkadan, N. Georgescu, ekonomialari eta matematikari errumaniarrak, "bio-ekonomia" deitu kontzeptu berria sortu zuen, gaur egun bereziki "décroissant" izenburuarekin ezaguna. Jendarte zuzen eta hobe baten nahian, mugimendu batzuek alternatibak proposatzen dituzte, beren eguneroko bizitza aldatu dituztenak.

Ikuspegi hori, eredu politiko, ekonomiko eta sozial batean oinarritzen da, aberastasuna banatuz sozial berdintasuna lortzea. Helburu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016