Azalekoa | 2026ko Urtarrilaren 08a
Herri baten soinuak
A.E.
Beñat Elizondo urruñarra, Pausuko Xaia ostatuan lanean ari da 25 urte huntan. Politikan eta musikan ere engaiatua, harekin elkartu gira bere ibilbidearen inguruan solastatzeko.
Musikaren haria
Beñat Elizondo eskusoinu jolea da. Ttipitan burasoek bultzaturik zen musika tresna horri lotu.
Musikari esker bidaiatu du, besteak beste Bavarian –Urruña hango herri batekin birazkatua baita–, Belgikan, Bretainian, Korsikan,…
Badu 50 urte arizana dela besteak beste ezkontza eta zikiro jateak animatzen. Orotara 1975etik 500 bat ezkontza animatu ditu, horietan gehien oroitzen duena Niko Etxarten ezkontza da, 1985ean, Muskildin.
Horrez gain, Kuxkuxtu txarangaren sortzaileetarik da, duela 45 urte. Lehen ateraldia Buzunaritzen egin zuten. Gaur egun, txarangak 50 bat ateraldi egiten ditu urtean zehar, horietan erdia Ipar Euskal Herrian, eta beste erdia Hegoaldean. 40 bat musikarik osatzen dute txaranga, baina nehor ez da musikaz bizi. Ez dute errepikarik egiten, kalean bertan praktikatzen dute, momentuan.
Beñat Elizondok azaltzen zuen argi ikusten dela jende anitzek musika beharrezkoa dutela, eta plazerez kantu zahar eta ez hain zaharrak abesten artzen direla.
Musikak herri batzuen ezagutzeko aukera ematen du, baita haien kultura eta bertako jendea ere.
Militantzia eta herrigintza
Beñat Elizondo Urruñako Herritarrak elkartean ere ibili da, 1983an sortu zenetik, lehen aldiz herriko bozetan aurkeztu zirenean. Elkartea sortu denetik Herriko Etxeko kontseiluan egon da. Garai hartan Danielle Albizu sartu zen kontseiluan, eta berriki Herriko Etxeko plazak haren izena hartu du.
Musikari urruñarra Herriko Etxean sartu zen 1989tik 2014 arte, oposizioan. Konplikatua izan bada ere, interesgarria izan dela zioen.
Urruñako ikastolaren aldeko borrokan ere arizana da, orain dela 30 urte sortu zena.
Geroztik ibilbide luzea ukan du, Ezkerreko Mugimendu Abertzalean (EMA) egon da, baita EHBai alderdi politikoan ere, departamendu eta legislatiboetan kandidatu izanez.
Militantzia guzi hortaz sortu da Iparra-Hegoa, orain dela 30 urte, Urruña eta Seguraren artean. Gaur egun, bi herri horiek ofizialki birazkatuak dira.
Xaia ostatua
Pausun kokatua, 1860. urte inguruan arrain kontserbak egiten ziren gune hartan, berantago zaldiak egon ziren, 1920tik ostatu bilakatu arte.
Fresa-tornulari gisa 20 urtez arizan ondoan, Beñat Elizondok 2000. urtean Xaiaren segida hartzea erabaki zuen, lehengo jabeek ostatua uzten zutela.
Pausuko gune hori ostatua izateaz gain, kulturgunea ere da, baita musika, kantu, bertsu, bilkura, mus… gunea ere. Oro har, herriko taberna moduan funtzionatzen du.
Paraleloki, Bakalau elkartea duela 20 bat urte sortu zen, eta Xaiako kultur arloak hark eramaten ditu, besteak beste Euskal Herriko mus txapelketa edota pilota txapelketak ostatu ondoan den pilota plazan.
Beñat Elizondok anekdota gisa, kondatu dauku garaian kontrabandistak eta aduanak elkarrekin musean artzen zirela Xaian. Bilkurei dagokienez, Ipar eta Hego Euskal Herriko laborari sindikatuak ostatuan biltzen dira besteak beste.
Musikaren pasioaz jarraikiz, badu 20 bat urte hilabetean bi aldiz “Kantu terapia” kantu tailerrak antolatzen direla, nun 100 bat pertsona elkartzen diren urritik ekainera. Horrez gain, azken 25 urte horietan 200 bat kontzertu egin dira, batzuetan musikari ezagunekin, bestetan hasi berriak ziren talde gazteekin.
Xaia ostatua astearte arratsetik igande arratsalde arte idekia da. Harremanetan sar daiteke 05-47-75-07-02 zenbakiaren bidez.











