Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Urtarrilaren 08a

Urte berri on - Herriko egoera zibila - Zonbait hitzordu - Sua etxe batean - Egur mozte - Pilota

Urte berri on

Urte berri on lehenik uztariztar guzieri, astekari hunen moldatzeko lan egiten duteneri eta irakurle guzieri. Ekar dezala urte berriak osagarria lehenik eta oraino elgarren berri irakurtzeko grazia.

Herriko egoera zibila

Bukatu berri den urteak ikusi ditu Uztaritzen 71 sortze, 24 ezkontza eta 87 heriotze. Gaur egun Uztaritze herriak 8.150 biztanle inguru ditu.

Zonbait hitzordu

Zonbait hitzordu badira jada finkatuak urtarrileko hilabete hunentzat: larunbata 10: Herriko Etxeak adinekoeri eskaintzen duen errege bixkotx jatea Bilgunen; larunbata 17: herriko besta batzordearen mus lehiaketa; ostirala 23: Eskuz Eskuren biltzar nagusia Lapurdin; larunbata 24: Herriko Etxearen agiantzak Lapurdin ere: igandea 25: Lapurtarrak elkartearen biltzar nagusia Eskuz Esku gelan; ortzeguna 29: kontseiluaren biltzarra betiko tokian. Bakotxa bere aldian berriz aipatzeko.

Sua etxe batean

Urtats goizaldera sua lotu da Eliza Hegi karrikako etxe batean, ez da jakin nola, jabea oraino jeikitzekoa zelarik. Suhiltzaileek, laster abertituak izanik, egin dute beren eginbidea. Jabea, 65 urteko gizona, salbatua izan da zorionez, etxea aldiz makur handiekin gelditu da.

Egur mozte eta saltzeak

Uztaritzeko Herriko Etxeak aurtengo neguan ere eginen ditu berotzeko egur mozteak eta salmentak. Egur mozteak oihanean kudeaketa iraunkor batean eginak dira eta segurtasun baldintza handienean. Huna zoin diren 2026ko baldintzak: bakarrik 2025ean egurra hartu ez dutenek, supazterra edo egurrarekin ibiltzen diren berogailuak dituztenek eman dezakete izena Herriko Etxeko idazkaritzan, astelehenetik ortziralerat irekitze orduetan, urtarrilaren 16a arte azken epea. Telefonoz eginen diren izen emaiteak ez dira kontutan hartuak izanen. Lota bakar bat eskainia da familiaka, eskuragarri diren loten kopuruaren arabera mugaturik. Zortean aukeratuko dira izenak 2026ko otsailaren 1ean igandez (10:00), Lapurdi gelan, oihanaz ardura duen herriko batzordeak hautagaien zerrenda aztertu ondoan. Lota bakotxak 8 ezterako bolumena ukanen du nunbaitan eta gostako da 245 euro. Zuhaitzak herriko egur mozlarien esku emanak izanen dira baldintza hauetan: Herriko Etxeak mozturik abarreztaturik, zenbakiturik, errexki hartzeko gune batean emanak izanen dira.

Pilota

Hitz batez erraiteko joan den larunbateko eguna hein batean ona izan da Kapito Harrirentzat. Kiroleta ezkerparetan iragan dira joko garbin euskal ligako txapelketarentzat bost partida eta gure elkartearentzat bost garaipenekin bukatu direnak. Helduetan A mailakoek (Echenique-Sansebastian) irabazi dute Aviron Baionesaren kontra 40/22; B mailakoak (Destaillac-Pelletrat) nagusitu ere Senpereren kontra 40/34; C mailakoak(Fernando-Bidart) ere nagusitu Hiribururen kontra 40/37; M14 kimuetan A taldekoek irabazi dute Noizbaiten kontra 40/17 eta B mailakoek beren aldetik bentzutu dute Aviron Baionesa 40/31. Gazte mailakoak ziren bakarrik kanpoan ari eta biek galdu dute; A taldeak Baionan Avironen kontra 34/40 eta B taldeak Hazparnen Noizbaiten kontra 37/40.Txapelketaren final-laurdenak ziren denak eta beraz 5 talde irabazleek jokatuko dituzte ondoko egunetan finalerdiak Hendaian iraganen direnak. Suerte on gure pilotarieri oraidanik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3816. zbk

Gure Hitza | 2026/01/08

Urteberri kari

Jean-Louis Harignordoquy

Urtarrileko hilabete osoan agiantzak trukatzen ditugu batzu eta bertzeen artean. Gehienetan bakoitzaren osagarriari mugatuak eta hitz gutiz erranak. Bekoz beko, telefonoz edo gutunez, bertzearen familia ere aipatzen dugu, bainan komunzki ez gira urrunago joanki. Zutabe huntaz baliatzen gira gure agiantzen zerrenda doi bat luzatzeko. Erran-zahar batek dio “urte zaharra eskertzeko, urte berria eskatzeko”. Lehenik, nahi ginuke mundu mailako bake iraunkorra eta zuzentasuna. Menturaz xorakeria da hori amestea, ikusiz diktadoreen meneko diren estatu askotan azken urte hauetan zer krimak eta sarraskiak egiten dituzten. Burua galdua dutenak ez dira bat-batean zentzatzen, ez eta ohoinak lurretaz gabetu dituztenez urrikaltzen. Halere atxik dezagun esperantza beren egitate tzarren gelditzera laster behartuak izanen direla.

Bigarrenik, igurika dezakegu Euskal Herria beren peko daukaten bi estatuetan muturreko alderdiak ez heltzea...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016