Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Urtarrilaren 08a
Urte berri on - Baratze-zaintzako arduraduna behar - Karma - Bertso afaria - Iparra-Hegoa - Segurako besta - Gildaren eguna - Eski egonaldia - Mus
Urte berri on urruñar guziei
Jadanik 2026. urtean sartuak gira, beste ziklo bat betetzeko esperantzaz. Urte berria zorionekoa eta emankorra izan dadila urruñar guzientzat. Herriatik hori opatzen dizuegu, bederen.
Baratze-zaintzako arduraduna behar
Urruñako herriak, hektarea bateko herriko etxalde biologikoa kudeatzeko eta herriko sukaldea hornitzeko arduradun bat xerkatzen du.Honako eginkizunak bete beharko ditu:1- Barazki landareen ekoizpena planifikatzea, antolatzea eta segitzea.2- Laborantza ekoizpenei buruzko plangintzak egitea (aldaeren aukera, mota zabaltzea...). 3- Berotegian eta soroetan diren laborantza ekoizpenak zaintzea. 4- Ereite-ekoizpenaren planoak egitea. 5- Barazkiak bildu eta haien paketatzea segurtatzea. 6- Biderkatze lanak (ereitea/aldaxkatzea) eta laborantzaren gidatze lanak (lorontziz aldatzea, ureztatzea, osasun zaintzea) egitea. 7- Herriko sukaldearentzat beharrezkoak diren kopuruen segimendua egitea, eta 8- Laborantza biologikoaren ziurtagiriaren segitzea. Kasu! Hautagaitza aurkezteko azken eguna: urtarrilaren 9a.
Karma taldearen kontzertua
Urtarrilaren 9an, ostiralez (20:00), Bakalau elkarteak antolaturik, rock aperitifa izanen da Pausuko Xaia ostatuan, eta Karma taldeak disko berria aurkeztuko du. Sarrera urririk. Pausuko komitearen aldeko ekitaldia da.
Bertso afaria Berttolin
Urtarrilaren 16an, ostiralez (20:00), bertso afaria izanen da Berttoli elkartean, Haira Aizpurua, Josu Sanjurjo eta Erika Lagoma bertsolariekin. Informazio gehiago: aurre_bolie@hotmail.com.
Iparra-Hegoaren datak
Jakin dugunez, jadanik aski prestatua dute Iparra-Hegoa euskal kultur astearen egitaraua. Martxoaren 9an, astelehenarekin hasiko da Urruñako ikastolako haurrei Seguran eginen dieten sarrerarekin, eta martxoaren 15ean, igandearekin, bukatuko da.
Segurako besta Urruñako ikastolaren alde
Abenduaren 27an, larunbatez, eta Iparra-Hegoak eta Goierriko Ikastolek antolaturik, Pirritx eta Porrotx pailazoek ekitaldi ederra eman zuten Segurako kiroldegian. Bertan izan ziren Goierriko ikastoletako haurrak eta Urruñako ikastolatik eta Ziburuko kolegiotik autobusez joandako haur eta gaztetxoak. Kuxkuxtu txarangakoak ere han izan ziren, urtero bezala, musikaz eta alaitasunez bihotzak pizten. Kiroldegia haurrez mukuru bete zen. Besta hau urtero antolatzen dute Urruñako ikastolaren eta Ziburuko kolegioaren alde. Ekitaldiaren hasieran, omenaldi hunkigarria egin zioten zendu berria den Erramun Amundarain bultzatzaile eta ekintzaile handiari.
Gildaren eguna Pausun
Gilda da Gipuzkoa osoan harrena ona duen pintxo baten izena, zipotz batean piperra, oliba eta antxoa ezarriz egiten dena. Urtero, abenduaren hondar irian, Gildaren eguna antolatzen dute eta egun horretan, 100 ostatu baino gehiagok hartzen dute parte gildak eginez eta salduz. Abenduaren 20an, larunbatez, egin zuten azkena. Pausun bi ostatuk egin eta eskaini zituzten: Gipuzkoa aldeko Pausu edo Behobiako Faisaia ostatuak eta Lapurdi aldean den Pausuko Xaia ostatuak. Xaia ostatuko Fani sukaldariak badu usaia gildak egiten, eta bezeroek maite dituzte; beraz, Gildaren egunean, Xaian salgai izan zituzten aipatu pintxoak. Biziki usai goxoa!
Eski egonaldia
Urruñako gazteria zerbitzuak eski egonaldia antolatu du, neguko oporretarako, otsailaren 9tik 12ra, La Mongiera, 10-17 urteko gazteentzat. Izen-emaitea Herriko Etxean. 30 leku izanen dira. Prezioa familiaren diru sarreren araberakoa izanen da.
Sailkatuak Lapurdiko mus finalerako
Aurtengo Euskal Herriko Mus Txapelketa jadanik abian da. Abenduaren 27an, larunbatez, Xaia ostatuan Urruñako kanporaketa jokatu zuten eta hiru bikote sailkatu ziren martxoaren 7an jokatuko den Lapurdiko finalarentzat. Horra: Sergio Otamendi eta Iñaki Pena, Ane Arotzena eta Garai Gartzia eta Peio eta Iban Etxeberria anaiak. Zorionak!











