Han eta Hemen | 2026ko Urtarrilaren 08a
EHEren mobilizatzeko deia
Joan den irailaren 27an, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduko lau kideak Baionako Departamenduaren egoitzan “Euskaraz bizi nahi dugu” margotu izanagatik otsailaren 5ean, ostegunez, epaituko dituzte Baionan. Auziperatuekiko elkartasuna adierazteko, eta euskaraz bizi nahi duela aldarrikatzeko, EHEk mobilizazio masiboa antolatuko du Baionan, urtarrilaren 31n. Bi hitzordu hauen aipatzeko, abenduaren 17an Baionako epaitegi aitzinean prentsaurrekoa antolatua zen.
Euskarak tokirik ez auzitegietan
Azken hilabetetan Baionan izandako zonbait auzitan, epaileek 17 pertsonei euskaraz hitzegitea errefusatu dietela oroitarazi dute EHEko kideek. Kasuak horiek izan ziren: iazko martxoan, OSTIAko lau kideren kontrako epaiketa Bouygues-en maketa lurrez estaltzeagatik; apirilaren 11n, EHEko bi kideren epaiketa auzitegiaren paretan “Justizia euskararentzat” idazteagatik; irailaren 30ean, Arberoako Lurra eta Etxebizitza taldeko eta OSTIAko zazpi kideren epaiketa higiezin agentzia bat okupatzeagatik; urriaren 7an, zazpi militanteren epaiketa Korrikan etorkinei muga pasatzen laguntzeagatik eta urriaren 14an, hiru militanteren kontrako epaiketa Marieneko eraikuntzaren kontra mobilizatzeagatik.
Oroitarazia izan da haatik 1984ko ekainaren 7an, lau militante abertzalek (Joanes Borda, Betti Bidart, Xan Koskarat eta Alain Mateo) Baionako auzitegian iragan zen auzian euskaraz hitzegin ahal ukan zutela, itzultzaile batek frantsesera itzulirik.
Prentsaurrekora hurbilduak
Abenduaren 17ko prentsaurrekora hurbilduak ziren Betti Bidart eta Xan Koskarat, 1984ko auzipetuak. Horrez gain, 2025ean auzipetuak izan diren hainbat kide ere izan ziren, hala nola Dominika Daguerre, Jakes Bortayrou eta Intza Gurrutxaga Loi. Otsailaren 5ean auziperatuak izanen diren Gorka Roca Torre, Ignacio Arenal Sánchez (Natxo), Lukarte Areskurrinaga Mirandona eta Xabier Renteria Uriarte ere presente ziren.
Urtarrilaren 31n iraganen da mobilizazio masibora parte hartzeko deia zabaldu dute EHEko kideek, Baionako Departamenduaren egoitzaren aitzinean (12:00).












