Mundu zabalean | 2026ko Urtarrilaren 08a

Indartsuenen ordena berria

J.B.

2025eko urtea bururatzen da hasi den bezain ilun eta arranguragarri. Urte guzian munduko joko politikoa nahasi dute Trumpen deklarazio harrigarriek eta ekintzek. Jadanik agertzen ziren tendentzia okerrak azkartu ditu. Errusia ez da azkena izan joko hortan. Inperioak eta interes handiko komertzio akordioak ari dira nagusitzen, ttipiak zapalduz. Nazio Batuetako asmo ederrak zokoratuz indartsuenen ordena berria martxan da.

Aliantza geopolitikoen eraldaketa

Nazioarteko joko politikoa nahasi du, bereziki Europan, Trumpen bigarren agintaldiak. Putin errusiar aitzindariarekin duen hurbiltasun ideologikoa eta interes ekonomiko pertsonalarengatik sartu da Europako Estatuen kontrako borrokan. Harrigarriak izan dira haren administrazioko kargudun nagusien deklarapenak europar aliatuen kontra, eskuin muturreko alderdiak bezala mendebaldeko baloreen galtzeak salatuz. Bide beretik joanez MAGA (Make America Great Again) deitu Amerikanoen nagusitasuna berrindartzeko politika goraipatuz, salatzen dituzte Europako Erakundeek martxan ezarri nahi dituzten amerikano puxant bakar batzuen eskuetan diren sare sozialen kontrolak. Logika berdinarekin mugetako zergak erabiltzen dituzte munduko herri guzieri heien nagusitasuna sentiarazteko.

Harritzekoa da ere Amerikako Estatu Batuen handitze nahikari ase ezina, Groenland edo Kanada berentzeko deklarazioak deblauki plazaratuz.

Eta nola ez aipa Hego Amerikan berrindartu nahi duen “eremu zaindua”? Argentinan eta Txilen iragan berri diren hauteskundeetan eskuin muturreko hautagaiak argiki sustengatuz eta Venezuelako ezkerreko gobernua mehatxatuz, ez bakarrik hitzez bainan arma indarrez.

Errusiako Putinek, bere aldetik, inposaketa militarra segitzen du Georgiaren eta Txetxeniarenondotik Ukrainako lurraldetan. Ahantzi gabe Afrikako zonbait herritan Wagner deitu milizia famatuaren bidez hedatzen duen bere itzala europarren post-kolonialismoaren tokia hartuz.

Munduaren militarizazioa akuilatua

Txinak ere Asian duen jokamoldea konduan harturik, hiru inperio horien militar presentziak eta indar zoingehiagokak munduko beste herri gehienak bultzatzen dituzte inbertsio gero eta handiagoak bideratzen armen gehitzeko eta arraberritzeko, jendeen oinarrizko beharrak baztertuz. Historia hurbilean gertatu diren gerlarako gogoen prestaketa oroitaraziz. Amesgaixto hortarik ateratzeko ateka gero eta hertsiagoa agertzen delarik.

Nazio Batuetako Erakundeak berpiztu beharrak

Bigarren mundu gerlatik ateratzean iragan berri ziren sarraskiak behin betiko ezeztatzeko nahikari zabaletik sortu ziren Nazio Batuak, gerla eta konfrontazio odoltsuetatik ateratzeko eta hortaratu gabe nazioarteko eztabaideri beste aterabide bat atzemaiteko. Ildo bera segituz hainbat erakunde sortu dira lehen biktimak diren zibileri laguntza eskaintzeko, bai eta ere osagarri egoera txarrean edo hazkurri eskas handian dauden populuen sokorritzeko.

Egia da Nazio Batuetako Erakundeak zailtasun handiak ukan dituela, urtetan zehar, bere erabakiak errespetarazteko eta gauzatzeko. Bainan joan den urteko gertakariek sekulako ukaldiak eman dizkiote, zituen indar apurrak zalantza gorrian ezarriz. Hala nola Gazan sufritzen ari ziren jendeen sustengatzeko Nazio Batuetako eraikuntza gehienak suntsituak izan diren eta langileak berak nahitarat tirokatuak edo arrastatuak. Libanon dauden Nazio Batuetako kasko urdinak ere tirokatuak izan dira behin baino gehiagotan. Nazioarteko egiturez eta Gobernuz Kanpoko Erakundeez duda handiak sortu nahi dituzte Israel eta Estatu Batuetako administrazioek, heien indarra eta ikusmoldea denen gainetik ezarriz.

Munduko negoziaketak ez dira gehiago Nazio Batuetako Parlamentuan egiten bainan Mar a Lago deitu Trumpen etxean. Munduaren geroa inperio handietako aitzindari bakar batzuen eskuetan ezin dugu utzi.

Beste gerla mundiala ez badugu zuzenki prestatu nahi, Nazio Batuetako Erakundeari beharko zaio hats berri bat eman.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3816. zbk

Gure Hitza | 2026/01/08

Urteberri kari

Jean-Louis Harignordoquy

Urtarrileko hilabete osoan agiantzak trukatzen ditugu batzu eta bertzeen artean. Gehienetan bakoitzaren osagarriari mugatuak eta hitz gutiz erranak. Bekoz beko, telefonoz edo gutunez, bertzearen familia ere aipatzen dugu, bainan komunzki ez gira urrunago joanki. Zutabe huntaz baliatzen gira gure agiantzen zerrenda doi bat luzatzeko. Erran-zahar batek dio “urte zaharra eskertzeko, urte berria eskatzeko”. Lehenik, nahi ginuke mundu mailako bake iraunkorra eta zuzentasuna. Menturaz xorakeria da hori amestea, ikusiz diktadoreen meneko diren estatu askotan azken urte hauetan zer krimak eta sarraskiak egiten dituzten. Burua galdua dutenak ez dira bat-batean zentzatzen, ez eta ohoinak lurretaz gabetu dituztenez urrikaltzen. Halere atxik dezagun esperantza beren egitate tzarren gelditzera laster behartuak izanen direla.

Bigarrenik, igurika dezakegu Euskal Herria beren peko daukaten bi estatuetan muturreko alderdiak ez heltzea...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016