Ba ote dakixu? | 2026ko Urtarrilaren 08a
Dreyfus afera (1/10)
Gilen Bacho
Duela 120 urte, 1906ko uztailaren 13an, legeak bere eskubide osoaz birjabetu zuen Alfred Dreyfus, azkenean, 12 urteko borroka luze baten ondotik. 1894ko urriaren 15ean, Alfred Dreyfus kapitainak, Aitzindaritza Goreneko buruzagiaren bulegora sartu zelarik, ofizialki ikuskatze sinple batentzat, ez zezakeen asma infernuko atea hetsi zela bere gibelean. Minutu zenbaitez, bizi osoa lurrera erori zitzaion.
Frantziaren eta armadaren hautua
Alfred Dreyfus 1859ko urriaren 9an sortu zen Mulhouse hirian, Alsazian. 1870eko gerlaren ondotik, zeinean Prusiak Frantzia garaitu zuen, Alsazia Alemaniar Estatu berrian barneratua izan zen. Halere, alsaziarrek (Moselako biztanleek bezala) frantses nazionalitatea hautatu ahal izan zuten. Dreyfus-en familiak hautu hori egin zuen. Hautu hori eginez, Alsaziatik abiatu behar ukan zuten eta Frantziako Estatuko lurralde batean instalatu ziren. Alfred Dreyfus gazteak karrera militar baten segitzea hautatu zuen. Alsaziar gisa, amestua zuen bere sorlekua berriz Frantzian barneratzea. Mendeku izpiritu hori, Alemaniaren kontra, ausarkian hedatua zen alsaziar frantsesen artean baina ere mundu politikoan eta armadan. Gainera, testuinguru batean zeinean antisemitismoa zinez azkarra zen (Edouard Drumont-en 1886ko “La France juive” liburuaren arrakastak erakusten zuen bezala, 150.000 saltzerekin), judu anitzen gisan, Dreyfus-ek armada frantses nazioan integratzeko modu baten gisa ikusten zuen. 1878an, Alfred Dreyfus Eskola Politeknikoan onartua izan zen. 1880an, lotinant-peko graduarekin eskolatik jalgi zen, lotinant bihurtu aitzin 1882an (iritzi zinez onak lortuz: “Adimentsua, suharra, eginbidetsua”) eta, azkenean, 1889an, kapitain izendatua izan zen.
Bizi zoriontsua
1890ean, Gerla Eskolako sartze azterketak pasatu zituen, arrakastarekin. 1892an, Gerla Eskolatik atera zen “biziki ontsa” aipamenarekin (82etatik 9. postuan izanez). 1893ko urtarrilaren 1ean, armadaren Aitzindaritza Gorenean, Gerla ministerioan, ikastun langile gisa sartu zen, kapitain graduarekin. Ikastun langile izanez, bere formakuntza betetzeko, Aitzindaritza Gorenaren bulego guzietan ibili zen, “estatistikoen” sekzioan ere, armadaren espioitza zerbitzua, eta hori Dreyfus-en kontra erabilia izango zen. Ber mementoan, Drumont-ek kanpaina azkarra eta itsusia eramaten zuen ofizier juduen presentziaren kontra frantses armadan. Baina, Dreyfus-ek ez zezakeen nehola ere pentsatu prentsan eta gizartean zen antisemitismo horrek bere karrerari eta bere biziari buruz ondorioak ukanen zituela. Bere karrera militarra ederki iragaiten zen eta, ber maneraz, maila pribatuan, bizi zoriontsua eramaten zuen. 1890ean, Pariseko sinagoga handian, Lucie Hadamard-ekin (diamante saltzaile familia aberats batetik jalgitzen zena) ezkondu zen. Bikoteak bi haur ukan zituen, Pierre, 1891n, eta Jeanne, 1893an. Orduan, 1894ko urriaren 13an, konbokazio bat gutunez ukan zuelarik, ikuskatze sinple batentzat Aitzindaritza Gorenaren bulegoetan, urriaren 15erako, ez zuen asmatzen ahal gauzak gaizki itzulikatuko zirela.










