Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Urtarrilaren 08a

Urte berri on - Biribilguneen izendapena - Pilotariak kantuz - Gantxiki trinketeko ostatua zabaldurik - Errugbia - Konferentzia dantzatua

Pilotariak kantuz
Pilotariak%20kantuz

Urte berri on

Urtero gauza berdintsuak errepikatzen ditugu bainan hain dira beharrezkoak, urte berri on herritar guzieri, kazeta hunen irakurle baita berriketari eta moldatzaile guzieri. Urte berriak ekar ditzala osasuna, bakea eta zoriona, atxik azkar esperantza.

Biribilguneen izendapena

Izendapen gehienek hartu badute tokiko lekuen izena, hala nola Ibarrun, Ortzana, Artzirin, Lizardia,Dantxarinea edo Bortz Kantoinak, batek aldiz arrangura sortu du urguritarren artean. Nola ba, auzo hunek duen sar-aterako biribilgune bakarra ez den “Urguri” deitua izan bainan “Maixan Arribillaga”, eta nola hurbildik hunkituak diren biztanleak ez diren galdezkatuak izan? Errespetu handia badute garai bateko errientsa huni buruz, halere zentzuzko erabakia hartzerako ez da berantegi. Gainera, ez dago kartier jendetsu hunen seinalatze berezirik nihun agertzen, hola bederen errepide huntan gaindi ibilki direnek jakinen dute zer auzo zeharkatzen duten.

Pilotariak kantuz

Aurten ere, urte bukaerako pilotarien kantaldiak eliza betexerik utzi du, nahiz jaz baino jende gutixago izan. Aurten herritarren arteko ikuskizuna eskainia izan da. Lehen partean, pilotarien txandan aurkitu ditugu ttipienak, nerabeak baita helduak trebatzaileak barne. Ondotik, Maider Cigarroa musikari-kantari ezagunak bere azken diskoa“Argazkian irria” aurkeztu du. Betiko giro bero eta gozoa, publikoaren parte hartze onarekin, datorren urtean ere hor izanen dira.

Gantxiki trinketeko ostatua zabaldurik

Senpereko bestetako bezperatik, trinketeko edantegia hetsirik zegoen, egun hauetan arduradun berri batzuek hartu dute kudeaketa. Bortz hilabeteren buruan, Yann Furgal eta Marie Louise Pie bikoteari suerte on desiratzen diotegu.

Errugbiari behako bat

Txapelketa badoa aitzina eta urte hondarreko pausaldiaren ondotik, puntu baten egitea merezi luke. Itzulerako lehen partida, jadanik jokatu da St Martin de Seignanx-en kontra galdurik (20/15), emaitza hunekin sailkapenean 4. postuan gelditzen dira. Abiadura motel baten ondotik halako suspertzea izan da, maleruski berriz apaltzera egin du ekipoak. Ikusiz taldearen ahalmenak, pentsa litaike multxoko liderrekin borrokatu behar luketela, ez dezatela etsi lehen postueri begira.

Konferentzia dantzatua

Elirale-Pantxika Telleria Konpainiak atsegin handiz “Led Silhouette” Nafarroako konpainiaren dantza-konferentziara gonbidatzen gaitu, urtarrilaren 10ean larunbat arratsaldean (17:00), Larreko kulturgunean. Ekitaldi hunek publikoari konpainiaren sormen prozesua eta eszena ikerketa ikuspegi berri batetik ezagutzeko aukera emango dio. Urririk deskubritzen ahalko da“Ultimatum” deitu pieza hori, ez huts egin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3816. zbk

Gure Hitza | 2026/01/08

Urteberri kari

Jean-Louis Harignordoquy

Urtarrileko hilabete osoan agiantzak trukatzen ditugu batzu eta bertzeen artean. Gehienetan bakoitzaren osagarriari mugatuak eta hitz gutiz erranak. Bekoz beko, telefonoz edo gutunez, bertzearen familia ere aipatzen dugu, bainan komunzki ez gira urrunago joanki. Zutabe huntaz baliatzen gira gure agiantzen zerrenda doi bat luzatzeko. Erran-zahar batek dio “urte zaharra eskertzeko, urte berria eskatzeko”. Lehenik, nahi ginuke mundu mailako bake iraunkorra eta zuzentasuna. Menturaz xorakeria da hori amestea, ikusiz diktadoreen meneko diren estatu askotan azken urte hauetan zer krimak eta sarraskiak egiten dituzten. Burua galdua dutenak ez dira bat-batean zentzatzen, ez eta ohoinak lurretaz gabetu dituztenez urrikaltzen. Halere atxik dezagun esperantza beren egitate tzarren gelditzera laster behartuak izanen direla.

Bigarrenik, igurika dezakegu Euskal Herria beren peko daukaten bi estatuetan muturreko alderdiak ez heltzea...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016