Orotarik | 2026ko Urtarrilaren 08a
Kukumarro
Xarles Videgain
Ipurtargia
Egun hauetan Okzitaniako Tolosan nintzela gaskoinaren eta euskararen arteko lokarriez zerbait jakin nahian, tesi bat entzun beharrez, lagun batek erran zidan bere herriko erreketan ez zela gehiago ez xiparik ez xarborik bainan halere joan den udan ipurtargi bat edo beste ikusi zuela. Hori Lannemezan inguruan. Erran nion: “Nik bihirik ez diat ikusi”. Ipurtargia diogu euskaraz bitxo ttipi honek gure ustez argia ekartzen duelako dakizun lekuan. Ipurtargi gabe, epertargi, purtaki, harra-ipurtitsu edo har-argitzale deitzen da. Fama aski handia badu ondoko mintzairetan.
Italieraz “cagaufuoco” deitzen da sua ipurditik igortzen balu bezala. Edota “afalustreozu picuraru” erran nahi baita “artzainari argia egiten dioena”. Euskaraz ez dut sinesterik edo besterik entzun ipurtargiaz.
Diotenez, Hego Amerikan Aztekek harrapatzen zituzten ipurtargi handiak eta hango neskatilek zangoetan estekatzen zituzten bidearen argitzeko bezala, edota biloen artean ere emaiten edergailu gisa. Italian mutikoek kapeluaren gainean ematen zituzten eta izena zuten beraz “luciole a cappela”. Herri frankotan eta Biarnon, gauaz ipurtargia biltzen ohi da eta sartzen da berinazko untzi batean eta ontsalaz goizean haren ordez urrezko pieza atzeman behar da. Horrengatik gaskoinez “lum de cambro”, ganberako argia deitzen da eta haurrek ganberan atxikitzen zuten ipurtargia bere argia itzali artio. Goi Aturri aldean “luga” deitzen dute, baina luga izar baten izena da, hots gure dendari izarraren edo gure artzainaren izarraren izena. Finlandian norbaitek etxe batean bere lehen gauaz iragan behar duelarik ipurtargiak ezarri behar ditu egoiliarrak etxe horren barnean.
Portugesez izen bat bada “auruncu”, “arincu”, erran nahi du “urrea ipurdian”. Edota “cagalume” hots argi-kakaegile. Edo “luzencu” hots euskaraz bezala “argia ipurdian”. Baina hango ustezko jakintsu zonbaitek pentsatu ukan zuten hitza itsusi zela eta 1700. urtean hor nonbait, izena kanbiatu zuten mintzaira garbitu behar baitzen. Asmatu eta fabrikatu zuten hitz bat, “pirilampo”, hitz berria eta kimikoa, grekoz “pyr” sua da eta “lampa” kandela. Eta hitz hori sobera konplikatua zelakoz, -grekoa jende guziek ez dakite-, beste hitz bat ere asmatu zuten “bicho luzente”, dirdira egiten duen barbalota. Ahalkegarri zelakoan hitz zaharra, hitz hori inposatu zuten. Euskaraz ez da egundaino nehor mugitu “ipurdi” hori isiltzeko. Hainbat hobe gure ipurtargiarentzat.
Berriz diot beste herrietan dauden sinesteak hemen ez ditudala entzun baina beharbada badira. Entzuleek erran bezate.
Eta gure munduan ihize, basihize eta marmutza anitz hiltzen baitira eta espezie anitz guziz galtzen, zientifikoek tamalez “extinction study” sail berria ideki behar izan dute, hots hiltzen ari diren animalei buruzko ikerketa. Agian ipurtargia ez da oraino horretan. Bainan kasu!












