Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Urtarrilaren 08a
Urte berri on eta osagarri on - Heriotze - Herriko Etxearen gomita - Bertso afaria
Urte berri on eta osagarri on
Irakurle guziei, herritarrei ala urrunetik Herria astekari hunen bidez hemengo berriak segitzen dituztenei, berriketariei eta astekari huntako langileei, desiratzen diegu urte berri on eta zoriontsua, osagarri onarekin.
Heriotze: J-Pierre Sainte Marie Xedarriko nagusi xaharra
Urte xaharreko azken egunetan zendu da J-Pierre Xedarri. Duela 4 urte alargundurik, 91 urte zituen. Adin ederra ukanikan ere forman zen gizona, eta usaia genuen gurutzatzea Aiherra eta auzo herrietako bidetan barna, berak gidatu autoak eremaiten zuen lekuetan, hala nola bolanjerian edo okindegian, pilota plaza eta trinketean, hirugarren adinekoen mus partidetan (aste guziz), kafearen tenorean herriko ostatuan eta herrian antolatu ekitaldi gehienetan. Herriari eta herriaren biziari biziki atxikia zen. Gizon langilearen, ernearen, diskretaren eta ongi etorri egilearen oroitzapena uzten dauku.
Sortzez landibartarra, Amerikan 5 urteko egonaldia artzain lanetan segurtatu ondoan, Aiherra Xedarriko Maitexa Duhalderekin ezkondu zen eta Xedarrian plantatu laborari gisa. Hastapenean etxaldeak bost hektarea baizik ez bazituen egiten, beharrik zonbait urteren buruan handitu ahal izan zuen auzoko lur batzu alokaturik, eta kaskoz kudeatu ardi eta behi esneduneri lehentasuna emanez, eta arto hazitakoak ekoiztuz (Aiherran laborari bakarra). Laborantzaren garapena helburutzat harturik, urrats kolektibo askotan parte hartu zuen hala nola SICA ESNEA egituraren administrazio kontseiluan, Berria gasnategiaren sortzean, Aiherrako eta Lekorneko CUMA laborantza tresneriaren elkarteen kudeaketan besteak beste. Etxaldearen transmisioa ilobari segurtaturik, kontent eta harro hartu zuten erretreta Maitexa eta J-Pierrek. Harro zen ere J-Pierre, Xalbat Duhalde etxeko gazteak duela zonbait hilabete Argentinan irabazi zuen buruz-burukako munduko pilota txapelketaz. Bestalde herriko kontseilari izan zen ere 12 urtez, bai eta Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteburu urte andana batez.
Azken egunetan, garuneko isuria ukan du (AVC), eta ospitaleraturik 10 egunen buruan zendu da. Astelehen goizean Aiherrako elizan iragan dira J-Pierren ehorzketak. Gure partetik dolumin bizienak Xedarriko J-Paul, Isabelle, Xalbat eta Mireni, bai eta ahaidego guziari.
Herriko Etxearen gomita
Auzapezak eta herriko kontseiluak herritarrak gomitatzen dituzte urte berriaren karietara antolatzen duten ekitaldira. Hau Herriko Etxean iraganen da urtarrilaren 17an, larunbatarekin (10:30). Bururatzean, ohorezko hurrupaldia deneri eskainia izanen zaie.
Bertso afaria Amets Arzallus eta Aitor Bizkarrarekin
Urte berriaren ongi hasteko gisan, aurten ere Beltzuntze elkarteak bertso afaria proposatzen dauku. Hau urtarrilaren 23an iraganen da, ortzirale arratsarekin (19:00), Gozategia jatetxean. Amets Arzallus eta Aitor Bizkarrak giroa berotuko dute, ahotik ezin utzizko afaritik landa. Gaualdia: 25€. Gai emailea Ramuntxo Christy.
Izenak aitzinetik eman behar dira (06-22-37-96-50) deituz, edo beltzuntzeelkartea@gmail.com helbidera idatziz, urtarrilaren 21eko berantenaz. Ongi etorri deneri!
Kantaldia Habia taldearekin
Hazparneko Ezkia ikastolan ibiltzen diren 19 aihertar haurren burasoek jakinarazten dute kantaldia antolatuko dutela Ezkia ikastolarekin urtarrilaren 25ean, Habia taldea gomitatuz. Nota ezazue oraindanik. Horra hor igande arratsalde eder baten iragaiteko parada dudarik gabe. Xehetasunak heldu den astean.











