Gogoa hazi | 2026ko Urtarrilaren 08a

Vatican II giristinoak eta euskara suspertzen

Segida gero. M. Epalza Mandiok euskaratua

Vatican II Kontzilioaren 60. urtebetetze kari, Mikel Epalzak mintzaldi sakona eman zuen frantsesez Ziburun 2025/09/10ean. Bortz puntutan. Hona lehenaren erdia.

I- Euskarazko liturgiaren sortzea, Iparraldean.

1965eko abenduaren 8an, Vatikan II Kontzilioaren amaierako hitzaldian, Paulo VI Aita Santuak hauxe erran zuen: "Zerbitzuaren ideiak hartu du toki nagusia Kontzilio denbora guzian. Elizak bere burua “jendearen zerbitzari” definitu du. “Samariar Ona” istorio zaharra izan da Kontzilioaren espiritualitatearen eredu eta arau. Jendeari buruzko mugarik gabeko sinpatiak hartu du Kontzilio osoa. Hona adibide bat: gaur egungo herriek hitz egiten dituzten hizkuntza guziak onartu dira liturgian, jendeen hitza Jainkoari adierazteko eta Jainkoaren Hitza jendeei helarazteko."

Vatikan II Kontzilioaren fruituetako bat izan da kultura bakoitzari doakion liturgia. Lehen aldikoz, fededunek beren mintzairan otoitz egiten dute meza denboran; apezak meza ematen du jendeari begira. Lehen aldikoz laikoak, gizon ala emazte, aldarera igaiten dira Bibliako testuak irakurtzeko, komunioa emateko eta beren otoitzak eskaintzeko. Predikuak biziari hurbilago egiten dira. “Munduarekin elkarrizketan” hor baitzaigu mintzo Jainkoa.

Apez ministerio berria:

Horren gibelean oinarri teologiko berri bat dago: apez ministerioa Jainkoaren populuaren zerbitzuko da, fededunen apezgo komunean finkatua, bakoitzaren bataioko apezgoan. Denak elkarrekin –laiko, serora, fraile eta apezak– Kristoren Gorputza gara. Vatikano II-aren teologian, apeza ez da beste Kristo bat (alter Christus), baizik eta denek osatzen dugun Kristoren Gorputzeko kide bat. Apezen Ministerio eta Bizitzari buruzko dekretuak dio:

"Bataiatu guzien artean, apezak beren anaien arteko anaiak dira, Kristoren Gorputz bakarraren kide, zoinen eraikuntzan parte hartzea guziei galde egina baitzaie." (9. zk.)

Latinezko liturgia euskaratua:

Latinezko liturgia ehunka herri hizkuntzetara itzulia izan zen, tartean euskarara. Ikus dezagun nola gertatu zen.

Prestaketa-lan handia jadanik egina zen. 1963ko abenduaren 4an liturgiari buruzko konstituzioa onartzean, Kontzilioak bultzada ederra eman zion 1947an hasi euskaratze lan handiari. Urte hartan, sekulan gertatu gabeko gauza bat izan zen Mugerreko elizan: bezperak euskaraz! Lehen aldikoz, euskaraz kantatu ziren Xabier Diharce, Iratzederrek itzulitako salmoak, Gabriel Lerchundik musikaturik. Biak Belokeko fraile.

Marc Doucetek egindako ikerketa baliosari esker, abentura honen ibilbide nagusiak aurki ditzakegu. Bertzeak bertze: 1630etik aurrera, Ziburuko erretor Joanes Etxeberrik Noelak argitaratu zituen. 1948an, Lerchundik euskal parrokietan erabiltzen ziren kantak bildu eta plazaratu zituen Kantikak titulupean. Ondotik publikatuak izan ziren Pasionea, Gau Saindua, Eguberri, Salmoak, Beti Belokeko fraileen lanari esker. Narbaitz kalonjeak Elizako liburua argitaratu zuen 1961ean.

Baina meza bera euskarara itzultzea falta zen oraino. 1964ko martxoaren 7an, Vincent Jaun apezpikuak, Euskal Herriko apezak bildu zituen Baionako Seminario Handian. Kontzilioko Aiten nahiei nola ihardets zuten gogoeta gaia. Gehiengoak euskarazko liturgiaren alde egin zuen.

Lan ikaragarri horren artisau nagusia Pierre Andiazabal apeza izan zen, Urruñakoa. Honaemaitza: Aste barruko irakurgai-liburua (586 orrialde), Igandeetako ABC irakurgai-liburuak (421 orrialde), Besta egunetako, Abendu garaiko, Eguberriko, Garizumako eta Pazkoko irakurgaiak. Halaber, Vatikano II Kontzilioaren mezetako testuen itzulpena (1962 eta 1971).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3816. zbk

Gure Hitza | 2026/01/08

Urteberri kari

Jean-Louis Harignordoquy

Urtarrileko hilabete osoan agiantzak trukatzen ditugu batzu eta bertzeen artean. Gehienetan bakoitzaren osagarriari mugatuak eta hitz gutiz erranak. Bekoz beko, telefonoz edo gutunez, bertzearen familia ere aipatzen dugu, bainan komunzki ez gira urrunago joanki. Zutabe huntaz baliatzen gira gure agiantzen zerrenda doi bat luzatzeko. Erran-zahar batek dio “urte zaharra eskertzeko, urte berria eskatzeko”. Lehenik, nahi ginuke mundu mailako bake iraunkorra eta zuzentasuna. Menturaz xorakeria da hori amestea, ikusiz diktadoreen meneko diren estatu askotan azken urte hauetan zer krimak eta sarraskiak egiten dituzten. Burua galdua dutenak ez dira bat-batean zentzatzen, ez eta ohoinak lurretaz gabetu dituztenez urrikaltzen. Halere atxik dezagun esperantza beren egitate tzarren gelditzera laster behartuak izanen direla.

Bigarrenik, igurika dezakegu Euskal Herria beren peko daukaten bi estatuetan muturreko alderdiak ez heltzea...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016