Azalekoa | 2026ko Urtarrilaren 15a
Habia, hegaldirako abiapuntua
A.E.
Habia kooperatibako zazpi gaztek beren etxebizitza parte hartzailea sortzea erabaki dute Irisarriko Bidartia etxaldean. Beren proiektua emeki-emeki aitzinatzen ari diren honetan, Habia kooperatibako kideekin elkartu gira, beren desafio berriaz gehiago ikasteko.
Proiektuaren sorrera
Habia kooperatiba urte bat eta erdi huntan sortu bada, lagun talde batek gogoetak duela 3 urte inguru abiatu zituen. Momentu hartan gehienak apartamendukideak zirela eta, elkarrekin trukatuz, ohartu ziren ez zutela beren burua apartamendu edo etxe baten jabe ikusten. Apartamendukidetzak ekartzen duen alde kolektiboa maite zutela eta, beren etxebizitza parte hartzailea sortzea erabaki zuten.
Gaur egun 7 kidek osatzen dute kooperatiba, guti gorabehera 30 eta 35 urte artekoak dira. Apartamendukidetzaren izpiritua atxikiz, baina kide bakoitzak bere intimitatea ere ukaiteko gisan abiatu zuten proiektua. Hortik sortu zen apartamendu indibidualak eraikitzeko asmoa, bakoitzak bere ganbara, sukaldea, bainugela eta egongela ukanen lituzkeelarik; aldi berean, gune amankomunak ere aurreikusi dituzte, hala nola xuriketarako edo baratzea lantzeko adibidez. Kolektiboa bizirik atxikitzeko xedearekin, egongela, sukalde nagusia eta lagunentzat pentsaturiko ganbarak partekatzea ere gogoetatua izan da. Proiektu hunen oinarriak elgarrekin finkatu dituzte, hainbat hilabetez nola bizi nahi zuten eztabaidatuz.
Beren proiektua gauzatzeko, Irisarriko Bidartia etxaldea erosi dute Habia kooperatiba sortu eta gutira. Lehen obrak eramaten ari dira.
Bizi proiektua
Gaur egungo testuinguruan, proiektu hunen helburua eremu gutiago baliatzea da, laborantza lurrak suntsitu gabe. Eraikin berriak eraikitzea baino, hutsik diren etxe zaharrak berrantolatzea da xedea.
Etxearen jabetasuna kooperatibak du, kideak hartzaileak dira. Gobernantza partekatua da, kide bakoitzak boz bat badu.
Apartamenduak alokatuko dira prezio finkatuan, kooperatibak soilik bere gastuak ordaindu ahal izateko. Hala ere, egun batez kide batek etxea uzten badu, ez du bere apartamendua saltzen ahalko edonori eta edozoin preziotan. Eredu anti-espekulatiboa imajinatua izan da. Ahalik eta eskuragarrien izateko, ez da berriz salmentarik izanen, merkatutik kanpo izanen da.
Apartamendu bat libratzen bada, kooperatibak du sartuko den ondoko familia hautatuko. Horri esker, balore eta bizi proiektuarekin bat egiten duten pertsonak sarraraziko dira.
Bidartia etxaldea
Habiak erosi duen etxea etxalde ohia da, lurrik gabekoa. Eraikin horren parte batean lehengo laboraria bizi zen, eta gibeleko partean besteak beste behitegi zaharra bazen.
Lehengo laboraria bizi zen partea berrantolatu eta, gaur egun kooperatibako kide zenbait bertan bizi dira obrak aitzinatu bitartean, apartamendukidetzan. Horrek ahalbidetzen die banku maileguaz gain, beste alokairurik pagatu behar ez izatea.
Orain, ondoko urratsa etxalde partean apartamendu berriak sortzea izanen da. Fitesko arkitektoekin planoak lantzen hasiko dira. Ez dakite oraindik noiz sartuko diren.
Habia kooperatibako kideak esker onekoak agertu dira, Bidartia etxaldearen lehengo jabeek denbora utzi dietelako, proiektu berezia izanez, etapak usaian baino luzeagoak izan baitira.
Habia kooperatibarekin harremanetan sar daiteke habia@etik.com helbidearen bidez.











