Orotarik | 2026ko Urtarrilaren 15a

Kukumarro

Xarles Videgain

Buztina

Noiztenka eltzeen eta tupinen feria ospatzen baita, hala nola Bastidan, buztina gogora jin zait. Ahantzi gabe Ortzaizen hedadura hartu duen Goikoetxea izeneko eltzegintza.

Bertzenez, buztina ez dugu anitz entzuten. Baionan bagenituen alta lagunak Buztingorri deitzen zirenak eta Garazi aldean Buztintze herria bada. Euskara markesteko ohitura baitugu, Buztingorri hori Buztengorri deitzeko usaia bagenuen.

Funtsean buztina (guztina leku batzuetan, büztanlürra Zuberoan) lur mota bat da, arroka-hautsa, milaka urteren ondotik egoten dena. Gorria izaten ahal da baina buztinxuria ere bada eta euskaraz toska deitzen da. Denboran Luhuson bazen lantegi bat toska tratatzen zuena (kaolin) eta hetsi zena 1971n. Harrobiaren izena Harrixuri edo Lurxuri zen. Baionan ere luzaz izan da faiantzeria deitzen genuen buztinola.

Buztina ez da berdin ikusia, laborantzan, eltzegintzan eta erlisionean edo sinestetan.

Laborantzan ez zen biziki estimatua ezen buztin asko den lekuan lurrak ez du ura barnean sartzera uzten eta ihiztoka bezala dago tokia. Halere buztina erabiltzen zen ezkaratzeko zola egiteko buztina eta lurra joz. Edota samatsaren zola haren gainean ongarria ematen zelako. Gertatzen zen ere hormak buztinez zartatzea eta Landesetan paretak egiteko on zen. Eta adreiluak ere moldatzen ahal ziren buztinaz. Buztina lan horietan asko jo behar baita, berdin zangopilatuz, buztina orhatzea erraiten da eta norbaiti zafraldi bat ematea erran nahi du. Edo beste zentzua bazuen sexuaren aldetik.

Ogia labean ez bazen ongi altxatzen, ogi buztina zela zioten. Eta gizon bat malestruk bada edo ez jendakina gizon buztina deitzen da. Ogiak eta gizonak orduan altxagarri puska bat eskas dukete. Ditxolariek ez zuten buztina anitz preziatzen eta erraiten zen: “Austin zakua bete buztin”.

Ahanzter nintzen baina bestaldean bereziki haurrentzat moldatzen zen buztinezko deitzen zen kutxa ttipi bat, haren barnean haurrek sosa begiratzen baitzuten, guk tupinitsu edo itsulapiko deitzen dugun hartan.

Buztinak aldiz bere balioa badu eltzegintzan eta ofiziokoak ohartuko dira hortan erabiltzen diren hitz frango ez ditudala ezagutzen: barbotina, bizkotx, bilo, ezpain, xamotina... Doi doia ezagutzen dudan hitza sokarro da, lur berezi honekin labeko paretak altxatzen baitira, sua jasaiten duelakoz sokarroak. Sokarro izena aspaldikoa da Jean-Baptiste Orpustanek aipatzen baitu hura zela Donazaharreko etxe baten izena 1293an eta orain arte iraun du. Jende izen eta izengoiti gisa ezagun da.

Hasteko zeramika, portzelana, esmaltea ez da gauza bera. Ohartarazten dut ondoko mintzairetan portzelana hitz horretan “porc”, hots urdearen izena badagoela. Tresnen aldetik, buztinezko ontzien egiteko tornua behar da eta Ortzaizen jakin dut ontziaren egiteko molde batean soka bat erabiltzen dela. Ez galdegin eni nola egiten den.

Bestalde eltzegintza zaharra da, Grezian duela 8.000 urte bazen baina lehenago ere gizakiak aurkitua zuen teknika zen, janariak prestatzeko aitzinamendu handia izan baitzen.

Zaharra izanik badu buztinak loturarik erlisionearekin eta sinesteekin. Biblian, amets batean, agertzen da zigante oso azkarra, beldurgarria, dena urrez, zilarrez, brontzez, eta bizkitartean oinak baditu burdin eta buztinezkoak. Menditik harri bat erortzen zaio, buztina porroskatzen du, eta irudi zigante hori lehertzen da. Hortakoz “colosse aux pieds d’argile” erraiten da erdaraz baina euskaraz metafora hori ez dut sekulan entzuten nahiz Jon Mirandek behin aipatzen duen.

Bibliak beste arrasto bat utzi du gizaki guziek munduan gaindi bat egiten dutela adierazteko, zaharrek baitzioten: “denak buztin beraz eginak gara”. Eta erlijione zonbaitetan Jainkoa “buztinlari handia” deitzen da.

Grezian eltzeak eta dupinak egiten ziren ardoa eta olioa begiratzeko. Gure pegarra ere lurrez egina da, urrundik urrez eta hurbildu eta lurrez. Sukaldeko tresna hutsa izanik hatsarrean, emeki emeki marrazkiak agertu ziren hala nola jainkoen irudiak eta historiak piska bat katedraleko berinetan bezala. Beraz ber denboran edergailu eta erakasgailu ziren buztinezko horiek. Hala jarraikitzen dute egungo egunean. Bainan Lévi-Straussek dio eltzegintzaren inguruko mitologiarik ez dela Europan,

Europatik kanpo jainkoek dute buztina erabili lehenik eta Lévi Straussek egin duen liburu baten izenburua hauxe da: Eltzegile jelosa, La potière jalouse. Afrikako edo Ameriketako herrientzat, eltzegintza suaren ekoizpena zen, suari esker erdiesten zena eta arte gisa hartua zen. Arotzak bazuen zerbait ikusteko eltzegintzan suaren jainkoa baitzen. Eta mitologia askotan arotzaren anderea eltzegile da, suaren jainkosa. Gizakiak haragia nola egosarazi behar zuen buztinezko ontziari esker asmatu zuten arotz jainko jainkosek.

Guk halakorik kontatzen duenik ez dugu baina buztina ez gutiets!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2026/01/15

Haziak mintzo

Hendaiako San Bixente kolegioa

Haziak%20mintzo

Itsasotik mendira

Hendaiako San Bixente kolegioan, 4. eta 3.eko ikasleek itsasoko eta mendiko lehen sokorriak ikasteko parada dute, Itsasotik mendira izeneko programa segitzeko hautatzen badute. Bi kirol irakaslek lagunduta, astearte arratsaldetan saio teoriko eta praktikoak egiten dituzte, kurtsoen denboratik kanpo.

Programak hiru etapa ditu: lehenik, itsasoan trebatzen dira, Hendaiako kortsarioak elkartearen laguntzarekin; bigarrenik, aste bat pasatzen dute Gouretten, ikasitakoa praktikan ezartzeko; azkenik, lehen sokorrietako formakuntza berezia jasotzen dute, PSC diploma lortzeko onartua dena.

Programa hau gauzatzeko, kolegioa lankidetzan ari da Hendaiako suhiltzaileekin. Izan ere, profesional hauek lehen sokorrien eta pertsonendako laguntzaren inguruko une bereziak biziarazten diete ikasleei.

...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/01/15

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

Elkar'topa #1: pilotari txapeldunak

Azaroaren 21ean, ostiralez, ekintza berria antolatua izan da kolegioan: Elkar'topa #1!

Aldi honetan, pilota gaia hartuz, Argentinan iragan den 23 urtepeko Munduko Pilota lehiaketan, hiru gazte kolegiora gomitatu ditugu: munduko txapeldunak izan diren Unai Tellechea (kolegioko ikasle ohia) eta Oxan Perugorria Halsouet sare arloan, eta Julen Mariluz esku-huska, buruz-buruko sailean.

Lehen partean, boluntarioak ziren 6. / 5.eko 42 ikasleekin topatu baldin badira, bigarren partean 4./3.eko 26 ikasleekin iragan da.

Lehenik, haien aurkezpena egin ondoren, hautatu duten pilota espezialitatea aipatu dute, nolako erritmoa atxikitzen duten egunerokoan, entrenamendu eta txapelketen artean.

Ondotik, munduko lehiaketa kari pasa dituzten selekzioak, bizi ukan duten bidaia, Espainia/Mexiko/Uruguai/Euskadi/Peru/Argentinako ekipa desberdinen aurkako partidak, final eguna, prestakuntza,...

Irakurri segida

3817. zbk

Gure Hitza | 2026/01/15

Zapalkuntzaren kontra, herrien ahotsa

Ainhoa Etxenike

2026rako saltoa jadaneko egina dugu, eta hara lehen hamabostaldia ere iragana zaigula. Urteko lehen bi aste horiek motz ala luzeak izan badira ere, urte berriko lehen egunetan hainbat gertakariren berri ukan dugu, baina ez urte hastapenean usaian opa direnak. Izan ere, 2026ko lehen egunak azkarki markatuak izan dira, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea etaCilia Flores haren emaztea harrapatu baititu. Lehen aldiz, Estatu Batuetako presidente batek publikoki onartu du Parlamentua bere erabakitik kanpo utzi duela nahitara, botere legegilearekiko mespretxua agerian utziz.

Estatu Batuetako armadak atxilotu ondoren, Nicolas Maduro urtarrilaren 5ean New Yorkera arribatu da, bertako auzitegi baten aitzinean agertzeko. Droga trafikoa eta armak edukitzea leporatuak zaizkio. Azpimarratzekoa da haatik Estatu Batuek Caracasen Venezuelako lehendakaria atxilotzeko egin zuten operazio militarrak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016