Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Urtarrilaren 15a
Lanbide foroa - Helduen arratsaldekoa - Hauteskundeeri buruz - Pilota
Lanbide foroa
Herriko Etxeak jakinarazten du lanbide foroa iraganen dela larunbat huntan Larresoroko poli-jarduera gelan (9:00-15:30). Foro hori formakuntza eta ofizioez ariko da eta egina da bereziki lizeo mailako ikasleentzat. Hor aurkituko dira lizeo profesionaletako irakasleak, formakuntzako erakundeak, artisauak eta lantegietako buruzagi zonbait. Ez da dudarik gazteak lanari buruz gidatzeko foro hori baliosa izanen dela.
Helduen arratsaldekoa
Urte guziz bezala, Herriko Etxeak heldueri eskaini arratsaldekoa iragan da larunbatean giro ezin hobean, 150 jende etorri direla. Errege bixkotxak hautuzkoak ziren eta bazen nasaiki denentzat, edariak ere bai. Besta alaitzeko hor zen Josteta gizon abesbatza, 20 bat kantarirekin, auzapeza bera kantari taldean dela eta Serge Etchegoyen gidari; segur trenpu onean ziren bi oren osoz giroa atxikitzeko. Bainan lehen ere talde horrek frogak emanak ditu eta nehor publikoan ez da aspertu. Mahaineko zerbitzua hautetsiek berek dute segurtatu, zonbaitentzat beharbada azken aldikoz, ez baitira denak aurkezten heldu diren hauteskundeetan. Eskerrak zerbitzarieri, kantarieri eta orobat publikoari, handizki etorririk Bilgunera.
Hauteskundeeri buruz
Orain jende gehiena jakinean da bi zerrenda segur izanen direla Uztaritzen. Bruno Carrère auzapezak uzten du kargua bainan gelditzen da bere ordezko izendatua den Pierot Rougeten zerrendan. Jada hautetsi direnetarik 13 berriz abiatzen dira beste 18 izen berrirekin. Ezker aldean ere aurkezten da Bruno Cendrès zerrendaburu eta zerrenda osatua bide da nahiz ez oraino publikatua. Orain arte lau hautetsi ditu. Uztaritze Sentsu Ona alderdiak, hiru hautetsi dituenak erabaki du ez berriz presentatzea. Azken minutuan beste zerrendarik ez bada aurkezten biekin iraganen da aurtengoa. Berriz aipatuko den gaia.
Pilota
Pilotan ere egunak segitzen dira bainan ez beti berdin. Joko garbin, euskal ligako ezkerparetako xapelgoan finalerdiak ziren joan den larunbatean Daniel Ugarte frontoian. Zorigaitzez helduetan gure hiru taldeek galdu dute: A taldeak 29/40 Hardoitarrak parearen kontra; B taldeak 31/40 Senpereren kontra eta azkenik C taldeak 27/40 Hiribururen kontra. Errebantxa hartuko ote dute Frantziako xapelgoan? Geroak erranen. Kimuen mailan ari ziren bi parek dute ohorea salbatu batek irabaziz Donapaleuren kontra 40/13 eta besteak 40/31 Azkaineren kontra. Gaztetxo horiek suerte on ukan dezatela finaletan.











