Herriz Herri - Heleta (NB) | 2026ko Urtarrilaren 15a
Sortze - Heriotze
Sortze
Mila lorietan daude Daniel eta Justine, munduraturik urte bukaeran beren lehen haurra eliza aldean den Elizagaraia etxean. Zorionak bikote gazteari eta bizi luze bezain urosa Nathan mutil ttipiari.
Heriotze
Zorigaitzez, bat munduratu orduko bertze batek utzi behar izan du mundu hau, Leon Dendaletche Landagaikoa, eritasun luze baten ondotik deitua izan da Jainkoaren aldera. Bithiriña herrian sortua, jin zen familiarekin Heletara, hemendik joan zen beste anitz gazteren gisa Amerikara, han egon erretira adina arte, eta berriz Landagarairat itzuli. Zorigaitzez osagarri arrangurak jinik, ilobak hartu zuen bereganat Urepelera, osagarri arrangurak handitzearekin Baigorriko erretira etxeratu zen, han eman du bere azken hatsa. Gizon ixil, arrallanta eta langile baten oroitzapena uzten dauku Leonek, soldadu Aljerian ibilirik lagunek egin dazkote hor ibili ohoreak, jendalde ederraren aitzinean. Gure dolumin bihotzekoak bere iloba eta familiari.
Biharamunean bertze heriotze batek jo gaitu, anitzentzat beharbada ezezaguna. Amiral Cazenave, Heletan egona zen hondar gerla denboran gazte zelarik, ondotik marina armadan engaiatu zen. Emeki emeki anitz tokitako guduei esker gradutan iragan Amiral mailaraino, urrezko ezpata berme, han zuen bere kutxaren gainean. Beti jarraiki zaio Heletaren amodioa, nun erosi zuen herriko mugan Lekornerekin, Bordazahar etxea, espos laguna han galdua zuen. Ondotik, bera ere erretiratu baitzen, han pausatu da 93 urtetan. Jendalde ederra bildu da ehorzketetan, bereziki Donibane Lohizunetik, hangoa baitzen sortzez. Dolumin bihotzekoak familiari.










