Han eta Hemen | 2026ko Urtarrilaren 15a

2026ko berrikuntzak

2026ko%20berrikuntzak

Urte berria martxan jarri den honetan, hainbat berrikuntza aitzin-ikusiak izan dira Frantziako estatuan. Huna beraz iragarria izan denez, urte berri honetan aldatuko denaren zenbait adibide.

Hilabete saria

Hazkundeari darraion lanbide-arteko gutieneko soldata (SMIC) %1,18z emendatu da urtarrilaren 1ean. Hilabetean 1.801,80 euro gordinetik 1.823,03 eurora pasatzen da; orduko soldata gordina 11,88 eurotik 12,02 eurora heltzeko. Lanaldi osoan gutieneko soldata ukaiten duen langile batek hilabetean 17 euro inguru irabaziko ditu. Emendatze hau mekanikoa da, eta neurri batean inflazioari lotua.

Bestalde, Kontu Publikoen Ministerioak azaldu duenez, funtzio publikoak dituen 5,8 milioi agenteetatik 356.000 ingururen ordainsaria doi bat emendatuko da, ez daitezen gutieneko soldataren azpitik ordainduak izan. Orain arte 1.801,74 euro gordinetan finkatua zen gutieneko ordainsaria 21,23 euroz igoko da, “ordainsari diferentzial” baten bidez, hau da, prima baten bitartez.

Oinarrizko erretreta pentsioak eta gutieneko prestazio sozialak ere %0,9z emendatuko dira urtarrilaren 1ean. 2026rako gizarte segurantzaren finantzaketa legeak ez du erretreten izozterik ukanen; ondorioz, gobernuak zehaztu duenez, inflazioaren araberako eguneratze-arauari segituz berriz baloratuko dira. Azkenik, ikastun langileei ematen zaien gutieneko orduko soldata 4,35 eurotik 4,50 eurora igoko da.

Partikularren arteko dohaintzak

Partikularren arteko dohaintzak zerga-administrazioari jakinarazteko prozedura aldatzen da. Orain arte finantza publikoetako bulegoetan paperezko deklarazioa aurkeztea posible bazen, orain soilik linean egin beharko da, impots.gouv webgunetik, Service Public plataformak ohartarazi duenez. Plataforma hunek segitu beharreko urratsak ere zehaztu ditu. “Garrantzitsuak” diren dohaintzak bakarrik deklaratu behar dira, hala nola hainbat mila euroko diru-emateak, baliozko objektuak eta akzioak.

Burasotasun geldialdia

2026an haurra sortu(ko) zaien burasoek gizarte segurantzaren aurrekontuan aitzin-ikusi sortze-baimen berria baliatzen ahalko dute. Hala ere, Osasun Ministerioak azpimarratu du sortze-baimena ez dela aitzin-ikusia izan zen bezala urtarrilaren 1ean plantan emanen, baizik eta uztailaren 1ean. Ondorioz, urtarrilaren 1etik aitzina sortu edo adoptatutako haurren burasoek baimen hori geroago hartu beharko dute.

Neurri hau amatasun-baimenari (16 aste) eta aitatasun-baimenari (28 egun) gehitzen zaio, eta gaur egun indarrean den buraso-baimena ere mantenduko da, baina kalte-ordain maila handiagoarekin. Baimenaren iraupena hilabete bat edo bikoa izanen da, langilearen arabera. Kalte-ordainaren zenbatekoa dekretu bidez finkatu beharko da. Legebiltzarreko eztabaidetan, gobernuak iragarri du lehen hilabetean soldata garbiaren %70a izanen dela eta bigarrenean %60a.

Herritar azterketa Frantzian instalatzeko

Hainbat urtez iraunen duen egonaldi txartela eskuratzeko baldintza berriak ezarriko dira. Atzerritarrek herritar azterketa gainditu beharko dute. Froga hori 40 galderako aukera anitzeko galdetegi baten bidez eginen da, eta 45 minutu izanen dira erantzuteko. Azterketa bali izateko, gutienez 32 erantzun zuzen lortu beharko dira. Errana izan denez, helburua Errepublikaren printzipio eta balioen ezagutza neurtzea da, baita Frantzian bizi diren pertsonen eskubideak eta betebeharrak ere.

Nahas mahas

Aipatutakoaz gain, besteak beste zigarreta pakete batzuen prezioa igoko da. Tabakismoaren kontrako borrokarako programa nazional batek 2026an zigarreta paketearen prezio minimoa 13 eurokoa izatea aurreikusten bazuen ere, azkenean neurri hori 2027an ezarriko da.

Gas-harpidetzaren prezioa ere 13,10 euroz igoko da 2026an. Emendatze hau gasaz berotzen diren etxe guziei dagokie, baita sukaldeko eta bainugelako ura bakarrik berotzeko gasa erabiltzen dutenei ere.

Posta eta paketeen zigilatzeko prezioak bataz beste %7,4ez igoko dira. Letra berdeak 1,39 eurotik 1,52 eurora pasatuko dira. E-letra gorriak berriz, 1,49 eurotik 1,60 eurora igoko dira. Partikularrek igorri Colissimo paketeen tarifak bataz beste %3,4ez igoko dira.

Azkenik, “Betiko kutsatzaileak” (hidrokarburoz eta fluorrez osaturiko konposatu kimikoak) dituzten produktuak ekoiztea, saltzea eta inportatzea debekatuko dira.

Bururatzeko, martxoaren 15 eta 22an herriko bozak iraganen dira. Aldi huntan aldaketa bat izanen da 1.000 biztanle baino gutiagoko herrietan, zerrenda osoak aurkeztu beharko baitira, paretasuna errespetatuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3817. zbk

Gure Hitza | 2026/01/15

Zapalkuntzaren kontra, herrien ahotsa

Ainhoa Etxenike

2026rako saltoa jadaneko egina dugu, eta hara lehen hamabostaldia ere iragana zaigula. Urteko lehen bi aste horiek motz ala luzeak izan badira ere, urte berriko lehen egunetan hainbat gertakariren berri ukan dugu, baina ez urte hastapenean usaian opa direnak. Izan ere, 2026ko lehen egunak azkarki markatuak izan dira, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea etaCilia Flores haren emaztea harrapatu baititu. Lehen aldiz, Estatu Batuetako presidente batek publikoki onartu du Parlamentua bere erabakitik kanpo utzi duela nahitara, botere legegilearekiko mespretxua agerian utziz.

Estatu Batuetako armadak atxilotu ondoren, Nicolas Maduro urtarrilaren 5ean New Yorkera arribatu da, bertako auzitegi baten aitzinean agertzeko. Droga trafikoa eta armak edukitzea leporatuak zaizkio. Azpimarratzekoa da haatik Estatu Batuek Caracasen Venezuelako lehendakaria atxilotzeko egin zuten operazio militarrak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016