Gogoa hazi | 2026ko Urtarrilaren 15a
Gazteen osagarri mentala
Peio Ospital
Gazteen osagarri mentala kezka handia da gaur egun gure gizartean. Gaur egungo testuinguruak, gatazka armatuek, indarkerien gorakadak, erronka ekologikoek eta Covid garaiko ondorioek markatua izanik, guziz kezkagarria izaten jarraitzen du, eta nerabe eta gazte helduen osagarri mentala hunkitzen du, identitate eta emozio nahasmenduen aldian, nortasunaren eta gizartean duten lekuaren definizioaren garai erabakigarrian. Cyril Tarquinio psikologo eta psikoterapeutak liburu bat argitaratu berri du ("Génération à vif" - Ed. Dunod) non, 25 urteko esperientzia kliniko handia izanik, heldu gazteen ongiezaren miaketa sentikor eta gizatiarra egiten duen. Lan huntan oinarrituko naiz ondoko hainbat artikulutan, hortik irakaspen baliagarriak ateratzeko.
Zygmunt Bauman (1925-2017), filosofo, soziologo eta etorki juduko idazle poloniarra, "modernitate likidoaren" teoria sortzeagatik ospetsu egin zen. Kontzeptu honek gure gizarte garaikideen izaera ezegonkor eta higikorra ilustratzen du, non egitura egonkorrak –familia, lana, erakundeak– desegin diren, gizabanakoak etengabeko mugimenduan dagoen mundu batean bakarrik nabigatzera behartuz eta anitzetan aitzinikusi ezin diren geldiezineko aldaketetara etengabe egokituz. "Modernitate likidoa" "modernitate solidoari" kontrajartzen da, garai honen ezaugarri zirela gizarte-egiturek gizabanakoeri beren bizitzetan gidatzeko eskaintzen zituzten kuadro egonkorrak eta erreferente iraunkorrak, modernitate likidoaren etorrerarekin desintegratu diren kuadroak.
Gauza bera gertatzen da harreman pertsonalekin, giza lokarriekin, amodiozko edo familiako harremanak barne, hauskorragoak bihurtu direnak, berdin behin-behinekoak edo berehalako "errentagarritasun emozional" baten mendekoak ere, segurgabetasun afektiboko giroa sortuz. Gisa hortan, "erritmoari" segitzen ez den pertsona batek gizarte-bazterketa edo zokoratzea jasateko arriskua izango luke.
Bere aldetik, Hartmut Rosa alemaniar soziologo eta filosofoak, bere "zalutze soziala" kontzeptuarekin beste irakurketa-gako bat dakar, gero eta alienazio handiagoa sortzen duena, gainjartzen eta okertzen diren hiru formatan deklinatzen dena: zalutze teknologikoa, dena lasterrago bihurtzen duten berrikuntzak; gizarte-aldaketen zalutzea, erakundeak eta arauak etengabe nahasten dituena; eta bizi-erritmoaren zalutzea, non gizabanakoak beti eta denbora gutiagoan are gehiago egitera behartuak diren. Horren guziaren ondorioz, belaunaldi gazteak hazten dira, errendimendua, ahultasuna eta etengabeko eskuragarritasuna bilatzea arau inplizitu bihurtu den mundu batean, paradoxikoki denbora gutiago eta bizitzaren gaineko kontrol gutiago ukanez.
"Modernitate likidoa" eta "gizarte zalutzea" giro bat dira, non iragankortasuna eta ezegonkortasuna nagusi diren, bizitza ibilbide sendo eta loratuak eraikitzeko posibilitatea mugatuz. Aitzinapena, gizabanakoak askatzea eta haien bizi-kalitatea hobetzea agintzen zuena, presio eta sufrimendu iturri bihurtu da. Paradoxa hori bereziki ageri da sufrimendu psikologikoaren normalizazioan, gizabanakoak hau bakarrik kudeatzera sustatuak direlarik, ezontsa horren egiturazko kausak zalantzan jarri gabe.
Irakurketa honekin jarraituko dugu ondoko artikuluetan.










