Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Urtarrilaren 15a
Haurrekin, euskarazko liburuen irakurketa - 2026ko otsail ostegunak - Korrika heldu da! - Kantaldia - Beste hitzordu zenbait
Haurrekin, euskarazko liburuen irakurketa
Amikuzeko ikastolak eta Zabalik elkarteak bi hitzordu eskaintzen dituzte haur, buraso eta aitatxi-amatxieri haurreri istorioak irakurtzeko plazera lantzeko. Hitzordu horiek urtarrilaren 24an eta otsailaren 28an, Donapaleuko mediatekan (10:00) antolatuak izanen dira.
Joan den urtean tailer desberdinak proposatu zituen Zabalik elkarteak buraso gazteeri, eta horietan agertu zen beharrordu hau, helduek nahi zutela "ikasi" nola irakurri istorioak beren haurreri.
Galdegin eta ukan! Hona bi hitzordu gaiari buruz finkatuak Donapaleuko mediatekan, Haria argitaletxeko Mirentxu Ibargarairen laguntzarekin. Goizaldiak 10:00etan hasten dira eta bi partetan iraganen: lehen partean, ipuin kondaketa euskaraz, familian (30min, 4 urtetarik goiti); bigarren partean, kontseiluak emanak izanen dira liburuen hautatzeko eta gakoak irakurketa memento goxoa izan dadin haur eta burasoentzat. Denbora berean, eskulanak eta mahai-jokoak proposatuak izanen zaizkie haurrei.
Aipa zuen inguruan, goizaldiak gaiak interesatzen dituen orori idekiak dira.
2026ko otsail ostegunak Donapaleun
Zabalik elkarteak, 29. aldikoz euskara hutsezko hitzaldiak antolatzen ditu negu huntan. Urtarrilaren 29an hasiko dira eta otsailaren 26an bururatuko. Bost gai barnatuak izanen dira ostegun arratsetan Touzaa etxean proposatzen dituen mintzaldietan (20:30). Huna gaien aurkezpena:
Urtarrilaren 29an, Asisko, “Sorgina, banaiz” bere dokumentalarekin.
Otsailaren 5ean, Joseba Sarrionaindia idazlea, kolonialismoaz eta bere ondorioez.
Otsailaren 12an, Pauline Guelle ikerlaria, estatuen inpunitateaz torturaren erabilera iraunkorrean.
Otsailaren 19an, Leire eta Intza Casamajou Elkegarai pastorala idazleak, Lurdes Iriondo euskal kanta berriaren aitzindariaren obraz eta aurtengo Sohüta-Hokiko pastoralaz.
Otsailaren 26an, Iker Elosegi naturalista, Euskal Herriko faunaren berezitasunez, publikatu berri duen gidaren aurkezpenarekin.
Korrika heldu da!
Martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik. Arrastirian Donapaleun izanen da (19:30), sekulan ez bezala, tenore pollitean. Usaian bezala, Amikuzen gau eskolak eta beste euskalgintzako elkarteek programa osoa antolatzeko ideia dute, Korrika eta euskararen erabilera sustatzeko.
Amikuzeko paisaia prestatzeko, bilkura antolatua da urtarrilaren 22an, ostegunez (18:30), Iturzainenian. Ideiak balin badira eta lan huntan parte hartu nahi bada, joan gostuan harrera hoberena egina izanen da.
Kantaldia Donapaleun
Bithiriñako eskolako burasoek kantaldia antolatzen dute urtarrilaren 17an, ibiakoitzez, Donapaleuko zineman (20:30). Hor entzuten ahalko dira Menditarrak, Bost Axola eta Léa / Anuxka.
Taloak eta matahamiak proposatuak izanen dira kantaldia aitzin (19:00).
Beste hitzordu zenbait
Huna hilabete huntan izanen diren beste hitzordu batzu:
Urtarrilaren 13an (18:00), “Jone batzuetan” filma zineman.
Urtarrilaren 20an (19:00), Touzaa etxean, haurtzain etxe euskaldun bati buruzko lantaldearen bilkura.
Urtarrilaren 24an, Santibate Donapaleuko karriketan.
Otsailaren 8an, Libertimendua Donapaleun.











