Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Urtarrilaren 15a

Urruñak Ukrainako Novy Bilous herriari eskaini - Gurasoendako tailer eta hitzaldiak - Animatzaileak behar - Bertso saio - Karakada - Mus kanporaketa

Urruña herriko kamioi-garabia
Urruna%20herriko%20kamioi-garabia

Urruñak Ukrainako Novy Bilous herriari eskaini

Iazko abenduaren 22an, astelehenez, Urruña herriko kamioi-garabi batek Ukrainarako bidea hartu zuen. Urriaren 6an herriko kontseiluan onartu zen Kievetik 150km-ra eta gatazka eremu batean kokatua den Novy Bilous herriak egin eskaera bati erantzutea, eskaintza bat eginez. Izan ere, 2022ko martxoaren 29ko herriko kontseiluan, hautetsi guziek aho batez erabaki baitzuten Ukrainaren aldeko lankidetza indartzea eta populazio zibilari eta ukrainar komunitateari laguntza ematea, halaber, auzapez jaunari elkartasunezko dokumentuak izenpetzeko baimena ere eman zioten. Ibilgailua zorrozki kontrolatu zuten abiatu aitzin, eta iritsi bezain laster, hau da abenduaren 29an, astelehenez, erabiltzeko moduan ukan zuten.

Gurasoendako tailer eta hitzaldiak

Euskararen Kriseilua proiektuaren baitan, eta Urruñako eta Azkaingo Herriko Etxeek babesturik, guraso eta haurrei zuzendutako egitaraua antolatu dute, Urruñako eta Azkaingo familiak haien egunerokoan euskararen presentzia handitzen laguntzeko asmoz. Tailer eta hitzaldi hauen helburua euskara ikasteko eta erabiltzeko tresnak eta bideak eskaintzea da eta baita kontzientziak piztea ere. Egitaraua soslai ezberdineko familiei erantzunen die. Egitaraua:urtarrilaren 10ean, larunbatez (10:00), eta Herriko Etxeko kontseilu ganberan, tailerra izanen da. Gaia: seme-alabak euskaraz irakurtzen lagundu. Guraso erdaldunei zuzendutako tailerra, euskaldunentzat ere biziki interesgarria, euskarazko haur literatura etxeetara sartzeko. Urtarrilaren 13an, asteartez (18:00-20:00) eta Azkaingo Herriko Etxeko kontseilu ganberan, haur eta guraso artean, euskara gehiago praktikatzeko tailerra. Urtarrilaren 22an, ostegunez, Xan Aire eta Elorri Garaten mintzaldia Urruñako Herriko Etxeko kontseilu ganberan (19:00).Gaia: haurrak euskaraz loratzen lagundu. Gurasoek beren haurrekiko egin duten euskararen hautua indartzeko eta suspertzeko, lagundu eta bultzatu nahian,hitzaldi parte hartzailea izanen da. Izan ere, haurrak handitzen direla hizkuntza-beharrak aldatzen dira, eta ziklo bakoitzak bere erronkak eta aukerak eskaintzen ditu. Urtarrilaren 27an, asteartez, Kike Amonarrizen mintzaldia Azkaingo Bil Toki gelan (Herriko Etxearen gibeleko aldean), 18:30etatik goiti. Gaia: gurasoak haurren eredu eta euskararen sustatzaile. Hitzaldi honetan, haurrek hizkuntzak nola ikasten dituzten landuko dute eta inguratzen duten pertsonen garrantziaz ere mintzatuko dira. Azkenik, euskara gehiago erabiltzeko bideak partekatuko dira. Otsailaren 3an, asteartez, Azkaingo Bil Toki gelan (18:00), Euskararen Kriseiluaren bukaera besta. Egitasmoari bukaera emateko, parte hartuko dutenfamilia guziak gonbidatuak izanen dira. Haurrak izanen dira protagonista eta “Suaren zaindari” izendatuko dira. Euskaraz eta frantsesez izanen dira, bat-bateko itzulpen zerbitzu bidez.

Animatzaileak behar urte berriko udarako

Herriakanimatzaileak xerkatzen ditu 2026ko udarako, aisialdi gunean ari daitezen. Bete beharreko baldintzak: 1.- Hamazazpi urte baino gehiago ukaitea. 2.- BAFAren jabe izatea edo lehen haurtzaroari buruzko diploma bat ukaitea. 3.- 2026ko udan lan egin nahi izatea. 4.- Irudimen biziko pertsona izatea eta ideia anitz ukaitea. Kurrikuluma eta motibapen gutunamartxoaren 7a baino lehen igorri behar dira Herriko Etxera, norberak nahi duen hilabetea zehaztuz.

Bertso saioa

Urtarrilaren 16an, ostiralez (20:00), Bertsularien Lagunak elkarteak antolatu bertso afaria izanen da Berttoli elkartean, Mikel San Sebastian euskal presoa gogoan. Haira Aizpurua, Josu Sanjurjo eta Erika Lagoma bertsolariek parte hartuko dute. Gai jartzailea: Mikel San Sebastian. Prezioa: 25 euro. Izena emateko: +34-67-95-32-582.

Krakada Arotzenian

GEUZak, epifania ospatzeko 70 urte baino gehiagoko urruñarrei krakada eskaini zien Arotzenia jatetxean, urtarrilaren 12an, astelehenez. Thierry Etxegarai musikariak arras ongi animatu zuen.

Mus kanporaketa Berttolin

Hilaren 24an, larunbatez (18:00), Euskal Herriko Mus Txapelketaren kanporaketa izanen da Berttoli elkartean. Izena emateko: 06-37-01-52-47.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3817. zbk

Gure Hitza | 2026/01/15

Zapalkuntzaren kontra, herrien ahotsa

Ainhoa Etxenike

2026rako saltoa jadaneko egina dugu, eta hara lehen hamabostaldia ere iragana zaigula. Urteko lehen bi aste horiek motz ala luzeak izan badira ere, urte berriko lehen egunetan hainbat gertakariren berri ukan dugu, baina ez urte hastapenean usaian opa direnak. Izan ere, 2026ko lehen egunak azkarki markatuak izan dira, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea etaCilia Flores haren emaztea harrapatu baititu. Lehen aldiz, Estatu Batuetako presidente batek publikoki onartu du Parlamentua bere erabakitik kanpo utzi duela nahitara, botere legegilearekiko mespretxua agerian utziz.

Estatu Batuetako armadak atxilotu ondoren, Nicolas Maduro urtarrilaren 5ean New Yorkera arribatu da, bertako auzitegi baten aitzinean agertzeko. Droga trafikoa eta armak edukitzea leporatuak zaizkio. Azpimarratzekoa da haatik Estatu Batuek Caracasen Venezuelako lehendakaria atxilotzeko egin zuten operazio militarrak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016