Mundu zabalean | 2026ko Urtarrilaren 15a

Munduko estatu pobreena egoera larrian

M.O.

Sudan munduko herri pobreenetako bat da, hiru herritarretik batek gosetea jasan behar du. Hamarkadak irauten duen estatu barneko gatazkaren ondorioz populazioa suntsitua da.

Munduko krisi humanitariorik handiena

Sudan munduko herri pobreenetakoa, hiru herritarretik bat gosete egoeran da, hamarkadak irauten duen gerlak suntsitua. Sudan krisi politiko larrian da, azken denbora hauetan gerrilla gerla bihurtu zaiona. 2021eko estatu kolpeaz geroztik agintean diren bi jeneralen arteko lehiaren ondorioz, populazioa hunkia da, komunikabideak mehatxatuak dira.

Barne estatuko gatazkak arazo etnikoek eta erlijiosoek eragiten eta elikatzen dituzte. Iparraldeko lurraldetan gobernu arabiar eta islamistak nagusi dira, hegoaldean nagusiki kristauak dira. Baliabide naturalek, hala nola petrolioak, urreak eta lur emankorrak ere nazioartean interesa pizten dute.

Nazio Batuen Elikagaien Mundu Programak urte hondarrean Sudaneko egoera munduko krisi humanitariorik handiena dela adierazi du, populazioaren erdia baino gehiago egoera larrian baita. Bi urte eta erdiz 14 milioi pertsonek beren herrietatik lekuz aldatu behar ukan dute. Gatazkaren ondorioz 150.000 hil izan dira eta 25 milioi sudandarrek gosetea jasan behar dute. Mohamed Hamdan Dagolo estatuburuaren armadak bestalde milaka jende bortxatzen, torturatzen eta bahitzen ditu.

Gatazka iraunkorra

Sudan 1956ko urtarrilean independentzia lortu zuenetik etengabe gerlan egon den Afrikako herrialde bakarra da. 2018ko abenduan, ogiaren prezioa hirukoiztu delarik, milaka herritar antolatu eta mobilizatu ziren. 2019ko urtarrilean herritar protestak hasi zirenean, hainbat ekintzaile arrastatuak izan ziren eta armadak bi pertsona hil zituen.

Sindikatuek eta boterearen kontrako mugimenduak, egoera ezin jasanaren aitzinean erresistentzia antolatzeko auzoka bildu ziren.Salatu zuten: “Jende anitz desagertua da, hamarnaka arrastatu badira. Abokatuen sarea sortu dugu atxilotuak defendatzeko, haien kasuak jarraitzeko eta erregimenaren krimenak biltzeko”.

Hogeita hamar urteko diktaduraren ondotik, Omar al-Bashir diktadorea boteretik aurtikia izan zen. Gobernu zibil batek bere ondorengoa hartu zuen, 2021eko estatu kolpe militarrak bota zuena. Mohamed Hamdan Dagolo da orain estatuburua.

Iraultza feminista

Biktimetan emazteak lehen lerroan dira. Alta borrokatzeko prest agertzen dira, setiatuak diren lekuetan jendeak salbatzeko lanean ari dira. Kolpatuen artatzeko emazteek herrietan arta guneak ezarri dituzte, jendeari janaria eta sendagaiak emaiten entseatzen dira. Beren etxeak ere klinika bihurtu dira, beren familiak arrastatzeko arriskuan ezarriz.

Sudaneko armadak emazteen bortxaketa gerla-arma gisa erabiltzen du, esklabo bezala kontsideratuak dira. Emazte horien onerako nazioarteko mugimendu batzuk deiadarra zabaldu dute. Europan sare bat sortu da, emazteek jasan indarkerien lekukotasunak biltzen ari da. Helburua da datu horiek nazioarteko auzitegi baten aitzinean aurkeztea. Nazioarteko Zigor Auzitegiak gizateriaren kontrako krimenak aipatzen ditu.

Nazioartearen axolagabekeria

Sudaneko populazioaren egoera izugarria da, baina Sudaneko gerla Mendebaldeko komunikabidetan ez da aipatzen. Rasheed Saeed sudandar kazetariaren arabera: "Mendebaldeko hedabideak eta nazioarteko politika arduradunak ez dira Sudaneko egoeraz kezkatuak Ukrainako gerlarentzat diren bezala, barne estatu bateko gerla delakoz. Boterearen gerla da, estatuko baliabideak eta ontasunak arrobatuak dira”. Kazetariak beren lanean etengabe kontrolatuak eta trabatuak dira, gerla hasi zenetik 30 kazetari hilak izan dira.

Gerla ekonomikoa

Sudan nazioarteko gerla baten leku bihurtu da, gerla zibila hasi zenetik, bere luzapena neurri batean atzerriko eragileen esku-hartzearen hobenez da, estatu garatuentzat ez da erronka gabea. Estatu batzuk laguntza politikoa eta militarra emaiten dute.Sudanen den urreak, Arabiar Emirerri Batuak, armak hornitzen dituenak, interesak baditu. Sudaneko armadak atzerritik laguntza anitz eskuratzen du, besteak beste, Egipto, Turkia, Iran, Errusia eta Eritreatik. Estatu haueri zuzeneko laguntza militarra emaitea leporatua zaie. Irakurtzen ahal da “Ez da gerla zibila, baina bai nazioarteko baliabideen gerla”.

Goma arabikoaren %80a Sudanen ekoiztua da, Coca Cola eta Pepsi errezetan erabiltzen dena. Urre kopuru handiak ere mundu osoan esportatuak dira.

Sudan nazioarteko antzoki bihurtu da. Arabiar Emirerri Batuak laguntza logistikoa emaiten du, Libiaren bidez laguntza logistikoa emaiten baitie. Sudaneko armadak Turkiako droneak, Irango armak eta Teheranen laguntza tekniko gero eta handiagoak eskuratzen ditu. Egiptok bere interesak defendatzen ditu, iparraldean aliatuen boterea atxiki nahian. Eskualdeko babesle horien gibelean, Errusia eta Txina begira dira, nazioarteko ordena zalantzan jartzen dutenentzat onuragarria izan daitekeena.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3817. zbk

Gure Hitza | 2026/01/15

Zapalkuntzaren kontra, herrien ahotsa

Ainhoa Etxenike

2026rako saltoa jadaneko egina dugu, eta hara lehen hamabostaldia ere iragana zaigula. Urteko lehen bi aste horiek motz ala luzeak izan badira ere, urte berriko lehen egunetan hainbat gertakariren berri ukan dugu, baina ez urte hastapenean usaian opa direnak. Izan ere, 2026ko lehen egunak azkarki markatuak izan dira, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea etaCilia Flores haren emaztea harrapatu baititu. Lehen aldiz, Estatu Batuetako presidente batek publikoki onartu du Parlamentua bere erabakitik kanpo utzi duela nahitara, botere legegilearekiko mespretxua agerian utziz.

Estatu Batuetako armadak atxilotu ondoren, Nicolas Maduro urtarrilaren 5ean New Yorkera arribatu da, bertako auzitegi baten aitzinean agertzeko. Droga trafikoa eta armak edukitzea leporatuak zaizkio. Azpimarratzekoa da haatik Estatu Batuek Caracasen Venezuelako lehendakaria atxilotzeko egin zuten operazio militarrak...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016