Ba ote dakixu? | 2026ko Urtarrilaren 15a
Dreyfus afera (2/10)
1894ko urriaren 15ean, Alfred Dreyfus Aitzindaritza Goreneko bulegoetara buruz joan zen, Parisen, “burgesez jantzita”, bitxiki eskatua izan zitzaion bezala. Ez zakien oraino bere libertatearen azken minutuak zirela. Bere emaztea, Lucie, eta haurrak agurtu zituen, egunero bezala, jakin gabe bost urtez ez zituela berriz ikusiko.
“Goi traizioaz akusatua zara”
Picquart komandanteak zuen Dreyfus Aitzindaritza Goreneko buruzagiaren (Boisdeffre jenerala) kabinetera eraman. Baina jenerala ez zen hor. Bere tokian, ofizier bitxi eta ospetsu bat zen, du Paty de Clam komandantea. Dreyfus-i jenerala helduko zela erran zion eta eskaera bitxi bat egin: “Gutun bat idatzi behar dut, de Boisdeffre jeneralak sinatu behar duena. Erhian min dut. Nire ordez idazten ahal duzu?” Dreyfus jarri zen gutuna idazteko eta du Patyk gutuna diktatu zion, hitz hauekin hasiz: ”Parise, 1894ko urriaren 15a. Interes oso seriosa dudanez, jauna, maniobrak egitera joan aurretik bidali nizkizun dokumentuak aldi baterako berreskuratzeko...” Du Paty laster gelditu zen, Dreyfus-i galdetuz: “Zer duzu kapitain, ikaratzen zara?” Dreyfus-ek “erhietan hotz” zuela ihardetsi zion. Berantago, du Patyk bere helburua Dreyfus-en “segurtamena kordokatzea” zela idatzi zuen. Diktaketa segitu zuen, Dreyfus-i idorkiago mintzatuz (“Kasu egin. Grabea da!”). Baina, Du Paty-ren arabera berriz, “Dreyfus-ek bere odol-hotz osoa berreskuratu zuen”, orduan, “esperientzia segitzea ezdeusetako zen”. Orduan, du Patyk diktaketa gelditu zuen, eta, ospetsuki, boz azkar batez hitz hauek Dreyfus-i bota zizkion: ”Legearen izenean, arrastatzen zaitut. Goi traizioaz akusatua zara.”
Hobendun ideala
Minutu zenbaitez, Dreyfus bulegoan bakarrik utzia izan zen, arma batekin mahai ondoan, ontsa agerian. Mezua argia zen baina ez zuen arma hunkiko eta Cherche-Midi presondegira igorria izan zen. Dreyfus-entzat, iragaiten ari zenaren ulertzea ezinezkoa zen. Ez zakien ere preseski zertaz akusatua zen. Ez zakien dokumentu bakar batengatik arrastatua izan zela, orri batengatik (bordereau bat), Parisen zen alemaniar arduradun militarraren (Schwartzkoppen) bulegoko zikinontzian aurkitua izan zena. Dokumentuak frantses ofizier batek Frantzia traditzen zuela erakusten zuen, informazio sekretuak hedatzen baitzituen alemaniar ofizierrari (dokumentuko hitzak ziren Dreyfus-i diktatuak izan). Henry komandanteak orria berreskuratu zuen eta Sandherr koronelari (“estatistiko sekzioko” buruzagia) berehala eman. Gonse jenerala, Aitzindaritza Goreneko azpi-buruzagia, eta gerlako ministroa, Mercier jenerala, laster informatuak izan ziren ere. Urriaren 6an, argibidean aniztasuna ikusiz, d’Aboville lotinant-koronelak traidorea artilleriako ofizier ikastun langile bat zela ondorioztatu zuen. Orduan, Fabre koronelak ikastun langile ebaluazio guziak begiztatu zituen eta, haien artean, dosier batek bere arreta guzia bildu zuen, Alfred Dreyfus kapitainaren dosierrak, zeinean Fabrek Dreyfus “oso adimentsua eta dohatua, baina harroa” zela idatzi zuen. D’Aboville eta Fabrek bordereau-ko eta Dreyfus-en idazkera berdinak zirela aztertu zuten. Dreyfus susmagarri bihurtu zen eta, susmagarri izanez, laster hobendun bihurtu zen.











