Gure Hitza | 2026ko Urtarrilaren 15a
Zapalkuntzaren kontra, herrien ahotsa
Ainhoa Etxenike
2026rako saltoa jadaneko egina dugu, eta hara lehen hamabostaldia ere iragana zaigula. Urteko lehen bi aste horiek motz ala luzeak izan badira ere, urte berriko lehen egunetan hainbat gertakariren berri ukan dugu, baina ez urte hastapenean usaian opa direnak. Izan ere, 2026ko lehen egunak azkarki markatuak izan dira, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea etaCilia Flores haren emaztea harrapatu baititu. Lehen aldiz, Estatu Batuetako presidente batek publikoki onartu du Parlamentua bere erabakitik kanpo utzi duela nahitara, botere legegilearekiko mespretxua agerian utziz.
Estatu Batuetako armadak atxilotu ondoren, Nicolas Maduro urtarrilaren 5ean New Yorkera arribatu da, bertako auzitegi baten aitzinean agertzeko. Droga trafikoa eta armak edukitzea leporatuak zaizkio. Azpimarratzekoa da haatik Estatu Batuek Caracasen Venezuelako lehendakaria atxilotzeko egin zuten operazio militarrak 100 hil eragin zituela.
Lerro horiek idaztean, Estatu Batuek adierazi zuten beste agindurik eman arte, Venezuelako agintarien erabakiak “gidatzeko” asmoa zutela, eta bereziki Venezuelako petrolioaren merkaturatzearen kontrola beren esku mantenduko zutela epe “mugagabean”. Donald Trumpek adierazi zuenez, Washingtonen bidez merkaturaturiko petrolioaren diru sarrerekin Venezuelak Estatu Batuetan ekoizturiko produktuak soilik erosiko ditu, Caracasekin adostu akordio baten arabera.
Munduaren beste puntan gertatzen ari den gertakari hunen parean hainbat elgarretaratze antolatuak izan dira, horietan Ipar Euskal Herrian. Urtarrilaren 6an mobilizaziora deitu zuen EHBai alderdi politikoak, Baionan eta Ziburun, “Inperialismoaren aitzinean, Venezuelarekiko elkartasuna!” lelopean.
Hala ere, Estatu Batuak eta Venezuelaren arteko afera huntan, Frantziako Emmanuel Macron lehendakariaren posizioa salatua izan da, horietan EHBairengandik. Izan ere, Nazioarteko Zuzenbidea defendatu beharrean, eraso militarra babestu duela salatua izan da, Frantzia Estatu Batuen menean dela berriz ere agerian utziz.
Horrelako testuinguru batean, argi da botere handien erabakiek herrien bizitzetan eragin zuzena dutela. Baina tokian tokiko erabakiek, herriz herri egindako hautuek, bestelako bideak ideki ditzakete.
Mundu mailako egoera ilun horrek ez ditzala martxoan iragan beharrak diren herriko bozak kutsatu. Gure etorkizuna eskala ttipi-ttipitik eraikitzen hasten baita, elgarrekin batu gaitezen, Ipar Euskal Herria eta euskararen aldeko hautu zentzuzkoak eginez. Erakuts dezagun beste norabide bat posible dela: justuagoa, libreagoa eta herritarren borondatean sustraitua.










