Euskal diaspora | 2026ko Urtarrilaren 15a
Danborren burrunba, euskara, euskal solidaritatea...
Joseba Etxarri
URTARRILA. Hilabete berezia izan ohi da urtero urtarrila Euskal Etxe eta komunitatetan. Argentina Uruguai, Txile eta munduko hego hemisferioan, barealdia dakar urte hasierak, uda garaia baita, eta opor garaia beraz jende askorendako, sasoin baxua, Euskal Etxeak eta heien desmartxak geratu eta gero urteari ekiteko indarra hartzeko tenorea. Urte Zaharra bukatzeko txanpa gibelean utzirik, hainbat euskal etxek heien Urteko Biltzarrak egiten dituzte urtarrilean, eta badira baita ere heien egutegietako hitzordu bereziak dauzkaten Euskal Etxeak. Argentinako Necochean, konparazio, ondoko asteburu huntan Gizataldeen Besta daukate, Euskal Etxea partaide, eta ondoko asterako utzi dute San Sebastian festa eta danborradaren ospatzea. 17an, berriz, Estatu Batuetako NABOtik jinen diren Mikaela DePoyster-Goikoetxea eta Madalen Bieter irakasleek, bertako Ignacio Alustiza eta Rocio Basterra irakasleekin eginen dute bat San Nicolaseko Euskal Etxean, FEVAko Gabriela Mendia eta Kinku Zinkunegi koordinatzaile, 2026 Udako Barnetegia egiteko, eta bigarren asteburuan, trebakuntza pedagogiko ikastaroa, euskara irakasle izateko prestatzen ari diren. 15 bat ikasleren irakasle izango dira, euskara irakasle izateko formakuntza emanez.
Urtarrilaren 17a, izan ere, bateko eta besteko hitzorduen bilgarri izanen da. Renoko (Nevada) Zazpiak Bat Euskal Etxekoek heien “installation dinner” edo Euskal Etxeko zuzendaritza berriaren lehenengo elkarretaratze eta afaria eginen dute. Mexiko Hirian, bezperan danborradaren hondarreko errepika egin eta 17an San Sebastian afari eta besta ospatuko dute, klasiko bat. Eta gisa bera Espainian Valladolid-en, hiriko Euskal Etxean, danborrada eta giro ederrarekin. Madrilen, segituko dute haur eta helduen danborraden errepikek, San Sebastian, astegunez, berez dagokion egunean ospatuko baitute, Donostiako bestaren bezperarekin bat, heldu den astelehenean, urtarrilaren 19an, ETBko zuzeneko emanaldia lagun. New Yorken ere, 19an ospatuko dute, gogo handiz, Donostiakoak eta Euskal Herrikoak izanik hirian bizi diren euskaldunek akuilatuta, euskal-amerikar andana bat lagun Euzko Etxean.
Baina danborren abarrots eta azantzez haratago, datorren asteburuan bertan, Idahoko Caldwell herriko euskal komunitateak, “Euzkaldunak Charities-Caldwell Basque Charities” elkartean antolatuta, urteroko Euskal Afari eta Dantza ekitaldia gauzatuko dute, 58. edizioan. Ekimen arrakastatsua den euskal besta ederra da eta erdiesten duten dirua laguntasun beharra duten herriko familieri ematen diete. Caldwell-etik ez sobera urrun, Nevadako Battle Mountain-en, herriko Euskal Etxeak ere bere Neguko Besta iragarri du, negua ospatzeko, heien dantza taldeak eta euskal jatekoa plazaratzeko, eta diru-lagungarri izateko urtean zehar Battle Mountain-eko Oberenak Euskal Etxearentzat. Badira urtarrilean gauza gehiago, baina horiek ondoko beste artikulu batean.











