Azalekoa | 2026ko Urtarrilaren 29a
Tantoz tanto, emazteen pilota lehen lerrora
A.E.
Xalbador kolegioaren egoera ekonomiko gorabeheratsuari aurre egiteko, kolegioaren baloreekin bat egiten duen ekimen inportantea iraganen da otsailaren 8an Itsasun, lehen aldiz Emazteen Binakako Txapelketa Nagusiko partida jokatuko baita Ipar Euskal Herrian. Antton Moustirats kolegioko burasoarekin horren inguruan solastatu gira.
Pilota, berdintasuna eta ikusgarritasuna
Badu laupabost urte Xalbador kolegioa egoera ekonomiko zailean dela. Ikasteko eta lan egiteko baldintzak ahal bezain onak izateko asmoz, burasoak auzolanean ari dira, egoera ekonomikoa hobetzeko xedez. Horretarako, ekimen desberdinetan parte hartu edota antolatu dituzte, beti ere kolegioak transmititzen dituen baloreekin bat eginez.
Emazte pilotariak lehen lerrora eramateko nahikaria ez da berria. Izan ere, duela 3 urte, Xalbador kolegioari lotuak diren Itsasu eta Kanboko ikastolek pilota eguna antolatu zuten, Oinatz Bengoetxearekin. Aitzin-partida gisa, Ipar Euskal Herriko lau emazte pilotari gomitatu zituzten. “Tantoz tanto irabazi arte” izan zen egun hartako lema. Usutan emazteak pilota kantxetatik baztertuak direla eta, aukera izan zen haien presentzia lehen lerrora ekartzeko.
Otsailean Itsasun iragan beharra den txapelketa ber ildotik doa.
Kantxetatik bazterturik
Beste kirol anitzetan bezala, gizonak du usutan protagonismo handiena. Emazteak bere lekua egiteko zailtasunak ditu. Frankismo garaian, emazteei pilotan artzea debekatu zitzaien.
Gaur egun, emazte gero eta gehiago ari da pilotan, nahiz gizonekin parekotasunetik biziki urrun diren.
Ipar Euskal Herrian esku-huska diziplina garatzen ari da emazteen artean. Hala ere, Antton Moustirats-ek azpimarratu nahi ukan du usutan neskak palara bideratuagoak direla beste diziplinetara baino, eta hori ttipidanik ikusten dela. Azken hunen iduriko, garaian emazteak ez ziren kantxetan onartuak ere, Luhusoko trinketean idatzia den “pilotari izan hadi gizon” esaldiak berak adierazten duen bezala.
Hegoaldeko emazteen pilota Iparraldean baino anitzez garatuagoa da egun, besteak beste emazteen jokorako egokitu pilota mistoak sortu dituzte, arinagoak direnak. Antton Moustirats-en iduriko, Hegoaldeko aitzinamendu hori jendarte mailako kontzientzia handiagoaren ondorioa da, sustut feminismoaren galderari dagokionez.
Goi mailako emazte pilotariak Itsasun
Otsailaren 8an, igandearekin jokatuko da partida (15:00), Itsasuko Atharri ezkerparetan.
Ipar Euskal Herrira etorri beharrak diren pilotariak Hego Euskal Herriko erdi-profesionalak dira, “Emakume Master Cup” zirkuitukoak. Txapelketa nagusiko bi partida jokatuko dira eta goi mailako pilotariak arituko dira bertan, besteak beste binakako lau txapelen jabe den Olatz Arrizabalaga, edo 2024ko Lau eta Erdiko txapela jantzi zuen Goiuri Zabaleta nafarra.
Lehen partidan, Arrizabalaga-Bergara iazko finalistak, Etxegarai eta Capellanen kontra ariko dira, eta bigarren lehian, Zabaleta-Bertiz bikoak Ibarrola-Erasunen kontra lehiatuko dira. Bi partida hauek ligaxka nagusiaren parte izanen dira, eta bertan banatuko diren puntuak biziki garrantzitsuak izanen dira finalerditako kanporaketak erabakitzeko momentuan.
Ipar Euskal Herrian holako jardunaldirik sekulan ez da egin, Itsasun lehen aldia izanen da emazteen partida ofiziala eta lehiaketa baten barne gertatuko dela.
Antton Moustirats-ek azpimarratu nahi ukan du biziki kontent direla gutitan gertatzen baita protagonista nagusiak eta sustut bakarrak emazteak izatea.
Enpresa batzuek, mezenasgo moduan, holako ekimen baten antolatzeak suposatzen dituen gastuak estali dituzte. Horren ondorioz, sarrera prezio librean izanen da, 350 lekurekin.
Tokian berean, Xalbador kolegioak ostatua atxikiko du 14:00etatik goiti arrats bukaera arte. Taloak jateko aukera ere izanen da.











