Euskal diaspora | 2026ko Urtarrilaren 29a

Urtea azkar hasia: urtebetetzeetarik biltzar nagusi eta Agate Deunaren kobletara

Joseba Etxarri

Ageda koblak eta besta Valentzian; tripota jatea Gardnervillen
Ageda%20koblak%20eta%20besta%20Valentzian;%20tripota%20jatea%20Gardnervillen

BAHIA BLANCA. 127 urte bete ditu ostegun huntan, urtarrilaren 29an, Argentinan, Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxeak, eta bazkide eta adiskideek, elkarteko Txokoan bildu eta iraganaren, orainaren eta geroaren alde topa eginez ospatzea deliberatu dute. Munduan ehun urtetarik goiti dituzten Euskal Etxe multxo bereziko kide da 1899an Laurak Bat izenpean sortu zen Euskal Etxe bahiablancatarra.

PARISE. Euskal Etxean “Pariseko Euskal Komedy Club” antolatu dute, bost monologista Euskal Etxeko publikoaren aitzinean, euskal, frantses edo nazioarteko omorearen egiten. Ostiralean izanen da eta Aitor, Antonin, Margaux, Andoni, Emma eta Arthuro dira monologistak. Sarrera eta edari bat 7 euro, bazkideek 5.

AUSTRALIA. Ebiakoitzeko proposamenen artean, Euskal Australiar Alkarteak deia egin du “Australia Day” ospatzeko, australiarren Aberri Eguna, eguerditik goiti Gernikako Zallo Barri jatetxean, bazkideak azkarki euskaldunak izan eta senditzearekin batera azkarki australiarrak izan eta senditzen baitira. Bazkaria eta hain segur kantuak eta dantza ere guzien biltzaile.

BOLIVAR. Buenos Aires probintziako Nafarroako Etxeak bere 72. urtebetetzea bete eta ospatuko du urtarrilaren 31n. Afari dotore batekin (Bolivarreko areto handietako bat dute heien egoitzan), bazkide eta lagunak, eta elkarteko koraleko kide eta dantzariak partaide. Topa ere eginen dute geroa emankorra izan dadin eta afalondoan, dantzatzeko musika ez da faltako.

BORDELE. Urteko biltzar nagusia eginen du igandean Bordeleko Euskal Etxeak. Apertifa eskainiko dute eta etxeko marka ederra diren kantariek animatuko dute eguna. Bazkaria 25 euro, eta izena 05-47-79-41-18 zenbakian ematen ahal da. Goizeko 10:30etan bilduko dira, lehenik biltzar nagusia egin eta gero bestari ekiteko.

GARDNERVILLE. Nevadako Garnervilleko Mendiko Euskal Etxeko lagunek, berriz, tripoa bazkaria eginen dute igandean, JT euskal ostatuan. Tripota egin eta jatea AEBko anitz euskal komunitatetan segitzen duten usaia da. Jendea goizeko 11:30etan hasiko da biltzen JTko kantinan, eta traguen eta solas eta agurren ondoren jinen da bazkaria, 12:30etan. Whatsappa, 775-722-1445 (Teresa).

BUFFALO. Wyomingeko Buffalon, “Big Horn Basque Club” Euskal Etxearen urteko biltzar nagusi eguna ukanen dute heldu den igandea, 12:00etarik goiti. Ondoko bazkarian, lukainka ezin falta, bertako marka baita. Ez ahantzi 2027an NABOren Euskal Besta Nagusia Buffalon antolatuko dutela eta hori ere solasgai izanen.

SANTA AGEDA. Heldu den astean Santa Ageda edo Agate Deuna bezperako koblak kantatuko dituzte Diasporan, bederen Boise, Madril eta Valentziako Euskal Etxeetako lagunek. Biba ziek eta euskal usadioak gogoz eta bihotzez atxikitzen dituzuen guziak. Ondoko astean gehiago!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3819. zbk

Gure Hitza | 2026/01/29

Totalitarismoa, urrats handiz

Peio Jorajuria

Munduak garai kezkagarria bizi du. Indartsuenen legea da gero eta gehiago bertze guzieri inposatzen, nazioartean nekez bada nekez eraikiak izan diren legeak airoski zangopilatuz. Azkenik hor dugu Donald Trump ipar-amerikar presidente autokrataren jokabide kriminala, Venezuelaren kontrako erasoa. Narkoterrorismoaren aitzakian gezur hutsa Trumpek Venezuelako petrolioa bereganatu baizik ez du nahi. Kuba eta beste herrialde batzuk ere jomugan ditu, hala nola Nikaragua eta Kanada, aipatu gabe Groenlandia, hau ere irentsi nahi lukeela, apetitua zorrozturik. Inperialismoak ez zuen aspaldian horrelako indarra erakutsia munduan barna. Taiwanek baduke kezkatzekoa Txinarekin, Ukrainak bere aldetik jadanik hainbertze pairatzen duelarik Errusiarengandik, eta beste herrialde asko ere badira tiranoen aztaparretara eroriak edo erortzen ahal litezkeenak. Trump, Putin eta Xi Jinping, enperadore izan nahi duten hiru predatore, eta beste txakal guziak,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016