Mundu zabalean | 2026ko Urtarrilaren 29a
Neguko Olinpiar Jokoak mendien suntsitzaile
M.O.
Italian, otsailean Neguko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak historiako ekologikoenak bezala promozionatuak izan ziren. Baina egun batzuk falta direnean, elur gune horietan egin diren obrak herritarrek eta elkarteek gogor kritikatzen dituzte.
Kostu handiko jokoak
Italia iparraldeko 8 gunetan iraganen dira (22.000 kilometro karratu), Milan (Lombardia) eta Cortina d’Ampezzo (Veneto) artean, 400 kilometro baino gehiagoko distantziarekin. “Milan-Cortina 2026ko Jokoak” hautagaitza pausatu zenean, ingurumena errespetatua izanen zela errana izan zen, etorkizuneko beste jokoentzat inspirazio iturri.
Baina otsailaren 6an Milaneko San Siro estadioan aurreikusia den estreinaldiaren zeremonia baino egun batzuk lehenago, hartu engaiamendua ez da lortu. Joko horientzat 98 proiektu finantzatuak izan dira, gutienez 5,2 miliar euro kostatu dituzte. Hautagaitza pausatu zenean aurkeztu zen aurrekontua anitzez emendatu da. Obrek beranta handia hartua dute, doi-doi bururatzen ari dira.
Azpiegiturak eta mugikortasun iraunkorra
Bestalde erakunde ofizial batzuk eta elkarteek hainbat zentzugabekeria ekologiko seinalatu dituzte.
“Ingurumen arloan ere ondorioak ordaindu beharko dira”. Pista berriak antolatuak izan dira, ondorioz 560 urte duten laritz arbolak aurtikiak izan dira eta 7 hektarea lur artifizializatuak. Mountain Wilderness gobernuz kanpoko erakundeak, Europar Batasunean eta Europako Kontseiluan mendi politikari buruz aholkuak eta gomendioak emaiten dituenak zioen: “Bazterren xahutzea Alpeetako mendigunearen sabelean kolpe bat da”.
Giorgio Vacchiano Milaneko unibertsitateko oihanen kudeaketan eta plangintzan aditu ikertzailearentzat: “Garrantzitsuena ez da hainbeste moztu zuhaitzen kopurua, baizik eta betirako gunea aldatua izanen dela, ingurune naturala puskatua, ekosistema nahasia, higadura arriskuekin”.
Comitato Civico Cortina herritar kolektiboarentzat: “Hori guziak ezertarako balioko du. Pista erraldoiak eta konplexu berriak Olinpiar Jokoentzat eta ondotik? Zentro federal bat hitzemaiten daukute, baina alferrikakoa da erabiltzen ez bada”.
KPMG aholkularitza enpresak galtzeak 600.000 eurotan kalkulatzen ditu. Aurkarientzat, Cortinako pistek Turineko pisten zorte bera ukanen dute. 2006ko Olinpiar Jokoetarako eraikiak izan ziren, geroztik ez dira erabiliak, ondorioz aurten deseginen dituzte.
Milan-Cortinako SIMICO sozietatearentzat, azpiegituren lanen arduradunak, entzuten diren kritikeri buruz iharduki du: “Aurreikusitakoa baino zuhaitzen erdia baizik ez dira moztuak izan eta aurten 10.000 landatuko ditugu. Proposatzen ari giren Olinpiar Jokoak ingurumenarentzat errespetutsuenak dira”.
Ur erreserbak elurretako kanoiak
Olinpiar Jokoentzat ur erreserbak eraikiak izan dira, elur artifiziala ekoizteko gisan. Bozen-Hego Tirolgo probintzian, 30.000 m³-ko edukiera obratu da, Sondrioko probintzian 200.000m³-ko edukiera da egina izan.
Kontrakoek salatzen dute elur artifiziala egiteko, lurzoruak artifizialak, zuhaitzak moztuak, paisaiak aldatuak, kalte handiak eragiten dituela: “Jokoentzat horiek iragazgaitzak dira, egina izan diren obrek iturriak eta errekak lehortu dituzte eta uraren zikloa nahasia da. Turismo eredu berri bat pentsatu beharrean, dagoeneko martxan den aldaketa klimatikoan inbertitzen ari gira. Horrelako azpiegiturak eraikitzea, milioiak kostatzen dutena, lehiaketa egun batzuentzat, aberrazio bat da”.
Teleferiko linea
Cortina d'Ampezzon, telekabina linea berria herriaren erdigunean eraikia izan da. Helburua da ordu bakoitz 2.400 pertsona garraiatzea, horrela autoaren erabilera mugatzeko gisan, 34 milioi euro kostatu da. Bestalde lur-lerratze arriskuan den gunean eraikia izan da. Agorrilean obrak egiten ari zirelarik, 30 metroko arraildura agertu da. Herritarren kolektiboak zioen: “Lur lehertzeen ondorioz Cortina d’Ampezzo bonba bilakatu da. Funikularreko eginak izan diren obrek eta eski pistetako lanek, arriskuak bizkortzen dituzte”. Abendu hondarrean, herritarrak epaitegietara joan ziren, ingurumen eta geologia ebaluazioak nahikoak ez direla estimatuz, salaketa pausatu zuten.
Finantzen hiru laurdenak errepide proiektuetan
Olinpiar Jokoen webgune ofizialean zerrendatutako 98 proiektuetatik, 3tik 2k ez dute zuzenean kirol lehiaketekin zerikusirik. Horietatik 45 errepide lanak izan dira, neguko Olinpiar Joko hauen gastuen %75a. Ingurumenaren zaintzaileek diote: “Horrek erran nahi du lurzoru artifizializatuez gain, batez ere milaka milioi euro inbertitu direla erregai fosiletan, Europako eskualde kutsatuenetako batean. Gainera, proiektu gehienak Olinpiar Jokoen ondotik bururatuko direla errana da. Mendiko trenbidean inbertitzeko aukera galdu dugu. Mendi guneak zaintzeko alternatibak eskaini behar ditugu”.










