Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Urtarrilaren 29a
Otsail ostegunak - 2026ko Libertimendua - Lurdes Iriondo “Ez gera alferrik pasako” dokumentala
Otsail ostegunak
Zabalik elkarteak 29. aldikoz, otsail ostegunak ostegun huntan abiatzen ditu. Asisko Urmenetak berrikitan sorginkeriari buruz egin duen lana izanen da hitzaldiaren mamia. Huna nola Zabalikek aurkezten duen gaia:
“Proiekzioaren ondotik, Asisko Urmenetak dokumentalaren ikerketa, gidoia eta zuzendaritza eraman duenak, gaiaren nondik norakoak argituko dauzkigu.
Besteak-beste, huna ze galdereri erantzunen duen: zein irudi daukagu sorginaz, haur ipuinetatik hasi, eta gure herrietako ospakizunetaraino? Bidaian abiatu gira eraikuntza zirraragarri hori argitzeko asmoz, zeinak uztartzen baititu mitologia eta erreal historikoa, jakinduria eta errebindikazioa.
1525ean, duela bostehun urte, Auritzen gertatu zen lehenbiziko exekuzio kolektiboa sorginkeriagatik: sekta satanikoa aurkitu berri baitzuten Nafarroan, eta punizio adibidegarria ezarri egin zitzaien akusatuei. Erreketa horrek markatu zuen mende bateko jazarpena.
Zer gordetzen zaigu ke beltz eta lodi horren gibelean?
Dokumentalean parte hartu duten Nazioarteko historialariek bat egiten dute gure lan-hipotesiarekin: sorgin-ehiza ez zen izan elite intelektualek eraikitako alibia baizik, mementoko geoestrategiak markaturik; ez da akelarrerik izan, eta sorgintzat erre zituztenek halakoak zirenik ukatuz bota zuten azken arnasa”.
Gaualdia Touzaa etxean eginen da ostegun huntan (20:30). Hitzalditik landa, baso baten inguruan bi ele partekatzen ahalko ditugu.
2026ko Libertimendua Donapaleun otsailaren 8an
Aurten ere Amikuzeko gazteek libertimendua preparatu daukute. Otsailaren 8an emanen dute Donapaleun.
Hitzordua (10:00) emana da karriken itzulia egiteko eta (11:00) abere merkatu plazan emanaldiarentzat.
Ondotik, bazkari alaitua Airetik gelan! Izenak aitzinetik emaitea galdegina da 06-11-12-49-85ra deituz.
Lurdes Iriondo “Ez gera alferrik pasako” dokumentala
Lurdes Iriondo zuri-beltzean gelditu zen abeslaria! Ez ote zen euskal kulturaren figura garrantzitsua, artista eta emakume gisa? Ez ote zen lehenetarikoa izan haurrendako euskarazko edukiak sortzen? Inge Mendioroz Ibañez eta Idoia Garzes Aldazabalek egin dokumental hunek Lurdes Iriondo omentzen du, eta haren bitartez, Estitxu, Maite Idirin eta Patxika Erramuzpe kantariak, euskal kulturaren alde egiten duten lana gehiegitan ahantzia delarik.
Dokumentala Korrika kari antolatu kulturala kanpainan sartzen da. Donapaleuko zineman proiektatua izanen da urtarrilaren 31n, ibiakoitzez (20:30). Sortzaileak hor izanen dira publikoarekin solastatzeko. Emanaldia aitzin, Korrikako jantziak erosten ahalko dira lekuan berean. Beraz ez duda, jin gostuan harrera hoberena egina izanen zaizue.











