Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Urtarrilaren 29a
Herriko Etxearen agiantzak - Eskuz Esku - Lapurtarrak - Parropiatik - Pilota
Herriko Etxearen agiantzak
Joan den larunbat goizean iragan dira Herriko Etxearen agiantzak, 100 bat pasa lagunekin. Gonbidatu hautetsietan hor ziren: P. Dufau deputatua, P. Etcheverria kontseilari orokorra, eta 3 auzapez J-M. Iputcha (Ezpeleta), L. Samanos (Larresoro) eta Y. Bassier (Basusarri). Erakunde ordezkatuetan: parropia, jandarmeria, suhiltzaileak eta hainbat elkarteburu. Hauteskundeak hurbil direla, Bruno Carrère auzapezak (azken aldikoz aurkezten zuela) ez zuen bere bilanaren agertzeko eskubiderik. Beraz bere mintzaldian aipatu ditu mediateka berria aitzinatzen ari dena eta urte hondarrari buruz bukatuko dena; Lota jauregia, EKEren egoitza, Arruntzan plaza inguruaren berritzea laster bukatuko dena, Heraitzeri buruzko proiektua, atzeratua dena UGECAM erakundearen proiektuengatik, Xopolo, Leihorrondo, Guadalupea tokietan egin beharrak diren lantegi proiektuak. Aipatu ere ditu gazte kontseilua bere belaunaldi arteko ekintzekin, euskararen egoera bereziki eskoletan eta aurrekontu parte hartzailea. Elkarte kide batzu sariztatu dira azkenik, huna zoin diren (elkartearekin): Christelle Claveranne (errugbia RCUJ), Ludovic Larran (Lagunekin), Luken Richard Bengoechea (Kaska), Sarah Chaibi (Soie), Thomas Michelena (suhiltzaileak), Mañu Erviti, Dany Aguergaray, Xabi Etchegaray, Aitor Lagrenade, Patxi Betachet, Antton Lannes (seiak Herri Soinu), Stéphane Nuñez (Labourdins zangobaloia), Ekain Cachenaut (Budo PB), Nahia Agorrody eta Elena Irigoin (biak Kapito Harri). Goresmenak sariztatueri. Ohidurazko zintzur bustitze eta krakadarekin bukatu dira agiantzak.
Eskuz Esku
Joan den ortzirale arratsaldean egin du Eskuz Esku elkarteak bere urteko biltzar nagusia Lapurdin 120 kiderekin. Elkarteak orotara 170 inguru ditu. Auzapezak eta Edmond Etcheverry lehendakariak egin dute ongietorria. Maialen Guillenteguik eman ditu urteko konduak, oso orekatuak, urte bukaeran etekin ttipi bat ateratuz, 361 eurokoa. Ondotik jardueren berri eman du Myriam Belietek: gimnastika, ibilaldiak, mus lehiaketa, bost bazkari ateraldi (Txistulari, Usurbil, Lasa, Esnazu eta Milafranga) aldi oro jende kopuru ederrarekin. Bidaia bat egin du elkarteak Andorran, 50 parte hartzailerekin, asko toki bisitatuz, bereziki Merixeleko santutegia. Loriatuak etorri dira gibelera. Txostenak oro aho batez onartu dira. Aurtengo egitasmoetan ateraldiak eta jarduerak berdintsu izanen dira, bidaia aldiz eginen da Urdin Kostara elkarteko barne araudien arabera zuzendaritzan egoitea mugatua baita 80 urtetara, ondorioz bi atera dira (Nicole Ibarra eta Maialen Duhalde) eta bi berri sartu (Jean laborde eta Mixel Picard). Bulegoan ez da aldaketarik. Errege bixkotx jatea eskainia izan zaio parte hartzaile guzieri.
Lapurtarrak
Igande goizean Lapurtarrak abesbatzaren aldi zen bere biltzar nagusia egiteko Eskuz Esku gelan auzapezaren presentziarekin. Txosten morala, urteko jarduerak, diru kondu orekatuak (etekin ttipi batekin), eta aurtengo egitasmoak eman dira bat-bestearen ondotik, denak aho batez onartuak izan direnak. Zuzendaritzan aldaketak izan dira, Maialen Videgain lehendakariak eta Marie Jose Iciaga lehendakariordeak eskua pasatu baitute kide berri batzueri. Bulego berria agertuko da ondoko egunetan. Zintzur bustitze baten ondotik kide gehienak bildu dira gero Larresoro Aldaburuan bazkariarentzat.
Parropiatik
Heldu den igandean, Ganderailu kari emana izanen da familien meza (10:30) Bixintxo elizan. Katiximako haur guziak handizki gonbidatuak dira gurasoekin parte hartzera, beren xirioak ekarriz benedikarazteko. Meza hortan haur eta heldu batzuek urrats bat gehiago eginen dute bataioari buruz. Adixkidantzazko hurrupaldia izanen da meza bukaeran eliza aitzinean.
Pilota
Joko garbin, Euskal Ligako xapelgoan, kimuetan gure bi taldek jokatu dituzte finalak azken bi asteburuetan, Hendaiako Beltzenian. Emaitzak ikusiz, ageri da gogorki borrokatu direla, eta guretzat garaipen bat eta galtze bat izan dira. B taldeak erdietsi du garaipena Donapaleuren kontra 40/38. A taldeak galdua zuen joan den asteburuan Senpereren kontra 39/40. Biba zuek pilotari gaztetxoak, orain Frantziako xapelgoa duzue laster.











