Hegoaldean | 2026ko Urtarrilaren 29a
Pradales lehendakaria Davosen
M.V.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Davoseko (Suitza) Munduko Ekonomia Foroan parte hartu du joan den astean. Lehen aldia da Euskadik eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari batek foro ekonomiko horretan parte hartzen duela. Imanol Pradalesen xedea izan da Euskadi “lurralde fidagarri, lehiakor eta nazioarteko adostasun handiekin lerrokatutako” herrialdea dela erakustea.
Davoseko foroaren 56. edizioa izan den honetan, 130 herrialdetako 3.000 ordezkari politiko eta ekonomiko bildu dira, 2026ko desafio handienei buruz gogoetatzeko. Aipagaietan, munduko gobernantza ekonomikoa, geopolitikoa, jasangarritasuna, eraldaketa ekonomikoa eta gizarte-kohesioa izan dituzte, bertzeak bertze.
Pradalesek adierazi du foro honek “Euskadi munduko erakusleihoan jartzeko”, euskal jendartearen interesak zaintzeko eta lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa uztartzen dituen euskal garapen-eredua aldarrikatzeko parada eskaini duela.











