Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Urtarrilaren 29a

Mus txapelketa - Xukruta manaketa - Lotoa - Udako lanak - Jazz - Kayaklariak haserre - Hats Berriren eskaera

Kayaklarien aldeko manifestaldia (Arg: T.J)
Kayaklarien%20aldeko%20manifestaldia%20(Arg:%20T.J)

Mus txapelketa Serresen

Urtarrilaren 31n, larunbat eguerditan abian da mus txapelketa, toki ezin ederragoan Serreseko kaperan. 32 ekipetan mugatua den lehiaketak, izen ematea beharrezkoa du, 10€ kide bakoitz, deituz 07-81-70-62-54ra edo serrestarrak@gmail.com helbidera mezua bidaliz. Sekulako giro gozoa muntatzen da holakoetan eta sari asko bada irabazteko, ahantzi gabe bertan jateko eta edatekoak segurtatuak direla. Euskaldunen karta-joko zahar hunek ukanen du iraupena, antolatzaile gazteeri esker.

Xukruta manaketa

Negu betean, urtero errepikatzen den ekitaldia, Spuc Kirolak antolaturik, ongi gozatzeko xukruta banatua izanen da otsailaren 7an, larunbat arratsaldean, 16:00etatik lekura, Inharria baserrian. Manaketa beharrezkoa da otsailaren 4a arte, ontzixka pertsona batendako 12€, deitu 07-71-07-71-59ra edo 06-09-11-36-78ra. Diru irabaziak Spuc Kirolak batasunaren alde, jakinik ontzixkak nola hornituak diren, ez zaizue damutuko.

Lotoa, Inharrian igandean

Otsailaren 1ean (14:30), Karrika eskolako Krakada elkarteak antolatzen du loto delakoa, Ibarrungo baserrian. Ateak zabalik izanen dira eguerdiko, jateko eta edatekoak bertan izanik, sari andana irabazteko, xehetasun guziak: krakada@gmail.com edo deituz 06-71-64-52-91ra.

Udako lanak

Udari begira, Senpereko herriak 18 urtez goitiko gazteei, udako lan baterako hautagaitza aurkeztea proposatzen die. Maiatzetik buruilera, zenbait lanpostu eskuragarri dira: zerbitzu teknikoa, uretako zentroa, hirizaintza, aisialdi zentroa eta nerabeen gunea, hilabeteko kontratuarekin. Dosierra ongi beterik itzuli beharko da otsailaren 20a aitzin, Herriko Etxea Karrika 75- 64310 Senpere helbidera, eskura daiteke www.saintpeesurnivelle.fr gunean edo Herriko Etxean bertan.

Jazz Manouche kontzertua

Otsailaren 5ean iragan beharra da jazz kontzertua Inharria baserrian, Senpereko Kultur eta Ondare elkartearen eskutik, jadanik leku guziak beteak dira. Jazz musikazaleek, bertze batekoa goaitatu beharko duzue.

Kayaklariak haserre

Egun hauetan, jaun merak hartu erabakiek hautsak harrotu ditu bereziki Spuc Kirolak elkartean dagon kayak sekzioko kide eta arduradunen inguruan. Hala nola, hauek erabiltzen duten lokala 43 urte hauetan, enpresa pribatu baten esku emana baitago 10 urterentzat. Hunen ondorioz, Herriko Etxe aitzineko manifestaldi batek bildu du jende andanaxka polita, hauetan sekzioko kide frango, oposizioko kide batzu ere, aintzirako auzokoak eta bertze. Sekzioaren bizitza bera kolokan ezarria da, jakinik galduko dutela zuten diru iturria pedaloen alokatzearekin. Herriko Etxeak bere aldetik ez du kayak sekzioa deuseztatzeko xederik, haatik herriko finantzen egoera larriarengatik, diru sarrera berriak beharrezkoak ditu. Alabainan, aintzirako bi kontzesioak diru iturri izanen dira. Halere aterabide bat bilatzen dute Spuc Kayak sekzioarekin elkartuz laster.

Hats-Berriren eskaera

Gaur oposizioan den taldeak galdegiten du lakuaren kudeaketako proiektua geldiaraztea herriko hauteskundeetaraino. Hauendako, sobera galdera erantzunik gabe gelditzen dira, beraien arrangura eta desadostasuna adierazi dute. Beharrezkoa zaiote holako erabaki garrantzitsua, martxoko bozen ondoko ekipak ongi aztertu dezan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3819. zbk

Gure Hitza | 2026/01/29

Totalitarismoa, urrats handiz

Peio Jorajuria

Munduak garai kezkagarria bizi du. Indartsuenen legea da gero eta gehiago bertze guzieri inposatzen, nazioartean nekez bada nekez eraikiak izan diren legeak airoski zangopilatuz. Azkenik hor dugu Donald Trump ipar-amerikar presidente autokrataren jokabide kriminala, Venezuelaren kontrako erasoa. Narkoterrorismoaren aitzakian gezur hutsa Trumpek Venezuelako petrolioa bereganatu baizik ez du nahi. Kuba eta beste herrialde batzuk ere jomugan ditu, hala nola Nikaragua eta Kanada, aipatu gabe Groenlandia, hau ere irentsi nahi lukeela, apetitua zorrozturik. Inperialismoak ez zuen aspaldian horrelako indarra erakutsia munduan barna. Taiwanek baduke kezkatzekoa Txinarekin, Ukrainak bere aldetik jadanik hainbertze pairatzen duelarik Errusiarengandik, eta beste herrialde asko ere badira tiranoen aztaparretara eroriak edo erortzen ahal litezkeenak. Trump, Putin eta Xi Jinping, enperadore izan nahi duten hiru predatore, eta beste txakal guziak,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016