Gogoa hazi | 2026ko Urtarrilaren 29a

Gazteen osagarria. Badea aterabiderik?

Mikel Erramouspe

Berriki Peio Ospitalek erraiten zaukun haur eta gazteak ez direla osagarri onean. Mundu ezegonkortasun batean bizi baitira, dena aldaketa deus segurik ez izanki. Beraz nola handitu konfiantzan?

Berriki mintzatu ditut bi erakasle. Esperientzia handikoak dira, baikorrak eta langileak. Hauek ere ohartuak dira haurrak ez direla untsa. Barneko kezka batek janak bezala eta horrela helduekin minbera, ikasteko gutiziarik ez, lehen zailtasunean abandonatzen.

Milaka etsenplu eman ginezazke bixtan da hortaz.

Aterabiderik badea?

Bi ikusten ditut:

Lehena da ahal bezain bat egiazko biziari lotzea, adibidez mendian ibiliz, lagunekin jostatuz, elgarrekin kirola eginez, eskulanetan arituz, etxeko lanetan parte hartuz, hots errealitateari lotuak diren ingurumenean bizi eta joko birtual, pantaila eta pozoinak diren tresna horiek baztertuz ahal bezainbat.

Bigarrena da bakotxak bere barneko bizia haztea. Erran nahi dut bai eskolan bai etxean, berriz ikasiz ixiltasunean pentsaketak egiten, bere gogoa hazten, irudikatzen… Beste gisa batera erranez, bere baitan egoiten. Badakit ez dela errex hainbesteraino gure ingurumenak bultzatzen bortxatzen gaituen beti eta lasterrago ibiltzerat, egiterat.

Jarrera hori ikasten da, heldu batek lagundurik bixtan dena. Adibidez erakasle batek erakusten ahal du ikasleeri nola ikasgaiak lehenik bere baitan biziarazten ahal diren, jastatuz, murtxatuz eta nola gisa hortan jabetzen edo bereganatzen ahal dituen.

Hori egiten dakienak sekulako segurtamena edo konfiantza biltzen du bere baitan. Egonkortasun bat bizi duen ber badaki munduaren burrunbilatik urruntzen.

Haur eta gazteentzat egia dena bixtan da gu helduentzat ere egia dela. Gu ere sartuak baikira guti edo aski tenpesta hortan.

Mundu hunen martxa arranguratzekoa balin bada ere, ez dezagun musika hori guk ere hazi. Sar gaiten erresistentzia batean. Egon gaiten gure gazteeri hurbil, jujatu gabe, eta gure egiteko manera ikusizguri fidatuko dira.

Ikus gure inguruan zer inportantzia duten aitatxi amatxiek. Entzun nola, horietarik bathiltzen deneanhaur ttipiek emaiten dituzten lekukotasun ederrak. Ez idurian gure gazteak adinekoeri begira daude.

Helduek beren partea ekartzen ahal dute beraz osagarri kolpatu horren sendatzen.

Eta nola ez pentsa ebanjelio zati huni:

Beraz, nere hitz hauek entzun eta egiten dituena, etxea harrokaren gainean eraiki duen gizon zuhurraren idurikoa da. Euri egin du, ur burrustak etorri, haizeak ufatu, eta etxea jo dute; bainan ez da erori, oinarriak harrokan baititu…

Mt 7, 24-25

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3819. zbk

Gure Hitza | 2026/01/29

Totalitarismoa, urrats handiz

Peio Jorajuria

Munduak garai kezkagarria bizi du. Indartsuenen legea da gero eta gehiago bertze guzieri inposatzen, nazioartean nekez bada nekez eraikiak izan diren legeak airoski zangopilatuz. Azkenik hor dugu Donald Trump ipar-amerikar presidente autokrataren jokabide kriminala, Venezuelaren kontrako erasoa. Narkoterrorismoaren aitzakian gezur hutsa Trumpek Venezuelako petrolioa bereganatu baizik ez du nahi. Kuba eta beste herrialde batzuk ere jomugan ditu, hala nola Nikaragua eta Kanada, aipatu gabe Groenlandia, hau ere irentsi nahi lukeela, apetitua zorrozturik. Inperialismoak ez zuen aspaldian horrelako indarra erakutsia munduan barna. Taiwanek baduke kezkatzekoa Txinarekin, Ukrainak bere aldetik jadanik hainbertze pairatzen duelarik Errusiarengandik, eta beste herrialde asko ere badira tiranoen aztaparretara eroriak edo erortzen ahal litezkeenak. Trump, Putin eta Xi Jinping, enperadore izan nahi duten hiru predatore, eta beste txakal guziak,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016