Herriz Herri - Sara (L) | 2026ko Urtarrilaren 29a
Heriotze - Erretretatuen bazkaria - Kontzertua - Lezeak - Pilota - Errugbia
Heriotze
Jean Fagoaga medikua pausatu da 97 urtetan. Erien zerbitzari, pilotari famatua zen Paul bere anaiarekin, Sarako Izarrak taldetik joan zen Donibane Lohizuneko taldera. Xistera ttikian baditu partida anitz irabaziak, bi aldiz Frantziako txapela, eta bortz aldiz Frantziako txapeldun errebote luzean.
Sarako auzapez egona da 1971tik 1977a arte. Ezpeletako kantonamenduko bozetan presentatu zen abertzale gisa. Iparraldeko Eusko Ikaskuntzan lehendakari izan zen 2002an eta ahantzi gabe Anai Artea elkartean lehendakari ere egona dela anitz urtez.
Bere bizi guzian euskararen alde borrokan arizana da, zeren maite baitzuen Euskal Herria.
Ongi gozatuz bere familiarekin, tenorea etorri zaio pausatzeko, urtarrilaren 24an larunbat goizean ehortzia izan da.Nere sentimendu handienak bere andreari, hiru semeeri beren lagunekin, haur ttiki guzieri eta familia guziari.
Erretretatuen bazkaria
Urtarrilaren 24an, larunbat eguerditan, erretretatuek ukan dute tripotx bazkaria, Lur Berri gelan. 120 bat jende bazen etorria bazkari hortarat, kontseiluko 10 hautetsiekin. Tristan eta Marianne Sage haragitegikoek prestatuak, onak ziren gainera, eta zerbitzatuak bero-beroak. Bazkaria ongi pasatu da, euskal kanta batzu emanez, Battitt auzapezak ongietorria egin eta eskerrak eman ditu deneri. Ganex Beti Gazteko lehendakariak, bere taldearen partez eskerrak eman dizkie hautetsi guzieri eta orain bezala segitzea galdetu du, eskertu ditu ere sukaldariak. Bi solas eman dituzte auzapezak eta Ganexek, aipatuz Jean Fagoagaren heriotza eta ohoreak kantatuz “Agur Jauna”. Heldu den urtean berriz egitea espero da.
Kontzertua
Otsailaren 8an (17:00), igandearekin, ikastolak kontzertuak antolatuko ditu Sarako elizan, Haurrock eta Xiberotarrak taldeekin.
Ondotik, etxera eramateko pizzak edo kixak erosten ahalko dira.
Lezeak
Otsailaren 9tik zabalik arratsaldetan (14:00-17:00). 2026ko prezioak: helduek 10€, 5 urtetatik 13 urte arteko haurrek 6€, gazteek 8,5€ eta familia bat hiru haurrekin 32€.
Pilota
Esku-huska trinketean Frantziako txapelgoan: Semerena Eneko-Berasategui Unai galtzaile 39-40 Zaharrer Segiren kontra. Trinketean buruz-buruka: 3. mailan: Zozaya Eñaut galtzaile 20-40 azkaindarren kontra. 4. mailan: Elizalde Lauran irabazle 40-38 Beti Onak-en kontra. Etxabide Olazabal Beñat galtzaile 27-40 itsasuarren kontra.Iribarren Oihan galtzaile 08-40 Beti Onak-en kontra.
Errugbia
Heldu den igandean Ychoux-en kontra ariko dira Saran (15:30).











