Orotarik | 2026ko Urtarrilaren 29a
Kukumarro
Xarles Videgain
Pastiza eta bizkotxa
Kanbon palangak pagoz: hitz horiek hogei aldiz zalu erraitea ez omen da egiten mihia behaztopatu gabe. Bainan bestalde Kanbok batzuetan ideia onak baditu hala nola bizkotxaren eguna. Adituek errezetarik hoberena zein den baitakite ez dut salatuko.
Haur denboran, bizkotxa hitza entzuten nuen eta pastiza ere bai. Iduritzen zait ardurenean bizkotxa jaten zela, etxean egina zela, eta aldiz pastiza hura erosten zela festa egunetan edo igandetan bainan baditeke oker nabilan.
Pastiza hitzak badu gaskoinaren urrina. Pastoute eta patstouch deitzen dute Nabarrenkoxen eta norbait pisu balin bada hala deitzen da. Baionan pasteyen delakoa arrunta zen eta saltzaileek “qui bo paste?” erranez ari ziren oihuka gaskoinez karrika erdian. Pastetxa Zuberoan ezaguna da eta hori da Manexaldean taloa deitzen dena, lehen artzainen janaria; hura ere aski arrunta zena. Landesetan egiten den pastizak irina badu, eta arroltzeak, sukre, burra, altxagarria, alkohol xorta. Pastiza hitzak ez du bere sortzezko -s- galdu: aldiz frantsesak bai eta pâte edo pâtée hitzetan “s”-rik ez da ahoskatzen. Latinetik heldu da hitza: PASTA. Eta pasta irinaz egina zen Erroma denboran.
Baina euskaraz pastiza gauza bera ote da edo bera ote zen? So egin dut ea zer zioen euskarazko liburu batek, sukaldarientzat argitaratua izan baitzen Baionan 1864an, Cluzeauren inprimategian, Argenterie karrikan. Hor ohartu naiz euskaraz pastiza gehienetan ez zela oraiko deserta.
Horra konparazione liburu horren arabera erbi pastiza nola egiten den.
“Emazu zure erbia puxketan xehaturik eltze batian; estal zazu erdi arnoz eta erdi urez bainan arno gehiago, perrexil buket bat, baratxuri xister bat, kanela puxka bat, espizeria, biper beltxa, gatza, xingar azpiki puxka bat gizena eta ginarria tipularekin xehaturik pasa zaitzu zarthainean, ogi rapura koloriaren emaiteko; eta utz zazu egosterat”.
Mutur fin izan gabe ere, nornahi ohartzen da ez dela deserta eta pastiza horrek gehiago tiratzen duela pate-ren aldera. Alabainan, liburu berean bada ere pastiza lanterna moldean egiten dena. Lanterna zen orduko ontzi bat.
“Egin behar da haxiz bat xingar freskoz edo azpikiz, tipula. Perrexila, exalota, espizeria; hartzen dira ihizi kasta guzietarik, errimatzen dira lanternaren barnian haxixarekin nahasirik. Phizten da lanpiuna azpian eta uzten egosterat bortz edo sei oren. Ez balinbada lanternarik, eman diteke hori kasola batian eta utz egosterat su eztian. Ihizirik ez bada, eman diteke gibel gizenak, edo denak nahas elgarrekin nahi balin bada. Errimatzen da gero supier batian eta yaten da hotza”. Hura ere ez da azkenburuko ez desertako.
Azkenean pate izan gabe beste pastiza errezeta bat atzeman dut oraiko pastiza gisako dena, hots deserta. Horra zer behar den: “Yo zaitzu hamabortz arroltze xuringo eta gorringo guziak elgarrekin. Emaitzu terrina batean bi kullera fleur dorangerekin zitron raspura, gatz poxi bat, laurden bat burra, libera bat kasonade, baso erdi bat agordient, taza bat esne bero...” Pastiza honetan ez da ihizirik ez lumakirik ez gibelik.
Hemen berean frankotan ageri den bezala, denbora joan arau beraz hitzen erranahia kanbiatuz doa. Euskaraz pastiza pate bat izan zen gehienik, hots haragiaren inguruko pasta. Iduri luke, beganoa izan gabe, bere haragia bidean galdu duela pastizak eta emeki emeki patizeria aldera joan dela.
Bizkotxa beste egun batez aipatuko: ez ahantz biscuit-tik heldu dela, hots bi aldiz bederen errea izan behar litekeela eta beraz itsasoan hura zutela jaten mariñelek luzaz begiratzen zelakoan.












