Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Urtarrilaren 29a
Sortze - Herriko aldizkaria - Perkainen haritik
Sortze
Intxorteberriko Sylvie Ybargaray eta Arthur Colas zorionez beterik daude, Rubi semeari ongi-etorria eginik. Urtarrilaren 18an sortu da. Goresmenak aitameri eta agiantza zoriontsuenak sortu berriari.
Herriko aldizkaria
Aitzineko egun horietan banatua izan da herriko aldizkari elebiduna etxe guzietan. Aldizkari mamitsua, usaian bezala. Bada zinez irakurtzekoa: iragan urtean egin diren obrak, hemendik aitzina eremanen direnak, proiektuak, herriko bizia, elkarteen berriak eta beste. Eta bistan da laster beharrak diren herriko bozen aipamena: aurten bozkaldia lista osoka eginen da herri ttipietan ere, izenik marratu gabe, emazteen eta gizonen arteko parekotasuna errespetatuz. Martxoaren 15ean eta 22an iraganen dira.
Perkainen haritik
Gaualdi zinez goxoa eta interesgarria bizi izan dugu joan den ostiral arratsean, Mikel Erramuzpek presentatu daukun “Perkainen haritik” dokumental berriarekin. Lehen batean, hitz laburrez oroitarazi dauku jazko “Nun habila Perkain?” filmaren funtsa. Eta berehala hasi gira film berri hunen gozatzen, Aldudeko ibarreko paisaia miresgarriak ikusiz. Aspaldiko pilota soroetako bota luze jokoa, artzainen artean nagusiki iragaiten zena, mendian; laxoko jokoa, garai batean pilota joko mota hori baitzen nagusiki jokatzen, esku huska baino askoz gehiago; paleta jokoa, Gabriel Martiren bankarrak asmaturik hortan jokatzeko tresna; pilota desafioak ibarrean berean (Banka, Aldude, Urepele), Baztanen eta haratago ere; pilotari buruzko bertsuak, hala nola sortzez bidarraitarra zen Etchegaray apezarenak 19. mende erditsuan, ezagutzen ez ginituenak... Bai, film horrek aitzinekoak bezala badu mami. Ondotik, elgarrizketa interesgarria iragan da film egilearekin, publikoaren jakin nahia hazteko. Mikelek erran dauku beste bi dokumental ere onduko dituela, beti Aldudeko ibarrean eremaiten den pilota jokoaren alorrean. Beste bi hitzordu interesgarriren mentura, beraz. Eta, bistan da, atseginezko ahamen eta hurrupaldiarekin bururatu da gaualdia.











