Ba ote dakixu? | 2026ko Urtarrilaren 29a

Dreyfus afera (4/10)

Gilen Bacho

Legearen kontrako erabaki batek zuen “auzia” aldatu eta Dreyfusen destino tragikoa zigilatu. Gerla-kontseilua aitzin, “estatistikoen sekzioak”, Sanderr koronelaren agintepean, armadako buruzagi gorenen baimenarekin (Gerla ministroa, Mercier jenerala, eta Aitzindaritza Goreneko buruzagiak, de Boisdeffre eta Gonse jeneralak), “dosier sekretu” bat eraiki zuen.

“Traidore kolorea du”

Dreyfus hobengabe ekarria izan zitekeela ikusiz, Mercier jeneralak Du Patyri dosierra jujeeri eramatea manatu zion. Legez kanpoko manamendua zen baina jujeek ez zuten ezer erran (eta luzaz isiltasuna begiratu zuten egitate horri buruz). Alderantziz, dosierreko dokumentuak, denak muntatuak eta faltsuak zirenak, partikulazki Pannizzardi telegrama (“D. gizatxar hori” hitzekin), eta Du Patyren idatzizko oharrek Dreyfusen kulpabilitateaz jujeak konbentzitu zituzten. Orduan, 1894ko abenduaren 22an, juje militarrek aho batez Dreyfus “goi traizioaz” hobendun deklaratu zuten eta degradazio militarrera eta deportaziora kondenatu. Dreyfus kapitainaren degradazio militarraren zeremonia 1895eko urtarrilaren 5ean iragan zen Parisen, Eskola militarreko korrale handian, Pariseko garnizio tropen aitzinean, umiliatzeko helburuarekin. Burdin hesien gibelean, jendaldeak laido antisemitak Dreyfusi buruz botatzen zituen. Darras jeneralak sententzia berriz irakurri zuen eta errepublika zaindari axuant batek Dreyfusi galoiak bortizki kendu zizkion eta bere sabrea hautsi. Gero, Dreyfusek 4000 soldaduren aitzinean desfilatu behar izan zuen. Anitz aldiz bere inozentziaz oihu egin zuen baina jendeen laidoak ez ziren sekula gelditzen. Degradazioaren kontakizun kasik guziak izigarri gogorrak izan ziren Dreyfusentzat. Léon Daudet-ek zituen hitz lazgarrienak ukan: “Ez du gehiago adinik. Ez du gehiago izenik. Ez du gehiago kolorerik. Traidore kolorea du.” Dena Dreyfusen kontra erabilia izan zen, bere inozentzia oihuak barne, “bere arrazako traizioaren” froga bat gehiago bezala ikusia baitzen. Argiki, antisemitismoa zen Dreyfusen kontrako herraren iturria.


“Denak baten kontra”

Herraren itsaso horretan, Emile Zolak bere gizatasuna jadanik erakutsia zuen, bere “Karnet”-etan hitz hauek idatziz: “Nire bihotz pilpira giza ikuspuntuan: denak baten kontra, bere inozentziaz oihu egiten duena, jendaldearen basakeria”. Eskrupulu horiek isilarazteko, “aitormenen” leienda hedatua izan zen, Lebrun-Renault kapitainaren erran-merranetan oinarritua zena. Lebrun-Reunaultek, bere zalditeria pelotoiarekin, Dreyfus eraman zuen Cherche-Midi presondegitik eskola militarrera degradazioarentzat. Minutu zenbaitez Dreyfusekin bakarrik egon zen eta memento horretan Dreyfusek bere kulpabilitatea aitortu ziola kondatu zuen jende anitzi. Gezur handia zen (berantago frogatua izan zen bezala) baina egunkari “serios” zenbaitek (Le Temps, Le Figaro) berria hedatu zuten, Lebrun Renaulten erraneri sinesgarritasuna emanez. Gobernuak informazioa gezurtatu zuen baina kaltea egina zen iritzi publikoan. 1906a arte, leienda hori beti aitzinera emana izan zen Dreyfusen kulpabilitatea dudan ezartzen zutenen kontra. Alfred Dreyfusentzat, kalbarioa hasten baizik ez zen. 1895eko urtarrilaren 17ko gauean, Parise utzi zuen, trenez, Ré islaraino joaiteko, nondik itsasontziz Atlantikoa zeharkatuko zuen bere deportazio lekuraino, izugarrizko izena zuena, Debruaren isla.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3819. zbk

Gure Hitza | 2026/01/29

Totalitarismoa, urrats handiz

Peio Jorajuria

Munduak garai kezkagarria bizi du. Indartsuenen legea da gero eta gehiago bertze guzieri inposatzen, nazioartean nekez bada nekez eraikiak izan diren legeak airoski zangopilatuz. Azkenik hor dugu Donald Trump ipar-amerikar presidente autokrataren jokabide kriminala, Venezuelaren kontrako erasoa. Narkoterrorismoaren aitzakian gezur hutsa Trumpek Venezuelako petrolioa bereganatu baizik ez du nahi. Kuba eta beste herrialde batzuk ere jomugan ditu, hala nola Nikaragua eta Kanada, aipatu gabe Groenlandia, hau ere irentsi nahi lukeela, apetitua zorrozturik. Inperialismoak ez zuen aspaldian horrelako indarra erakutsia munduan barna. Taiwanek baduke kezkatzekoa Txinarekin, Ukrainak bere aldetik jadanik hainbertze pairatzen duelarik Errusiarengandik, eta beste herrialde asko ere badira tiranoen aztaparretara eroriak edo erortzen ahal litezkeenak. Trump, Putin eta Xi Jinping, enperadore izan nahi duten hiru predatore, eta beste txakal guziak,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016