Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Urtarrilaren 29a
Heriotze - Goiti Aire elkartearen biltzar nagusia - Biztanleen kontaketa - Mus txapelketa
Heriotze: Martin Oxarango Xapitaleko nagusi xaharra
Xapitaleko Martin Oxarango pausatu da, apirilean 98 urte egin beharrak zituen. Nahiz eta adin ederra ukan, forman zen gizona, eta Xapitale aitzinetik pasatzean, haren ikusteko usaia genuen etxeko baratzean.
Sortzez Makea Iribarnekoa, herriko eskolan 9 urtez eskolaturik, Lekorneko Garroa laborantza eskolan (1942-1943) anitz ikasi zuela erraiten zuen. 1957an Aiherra Pozuluko Jeannekin ezkondu zen, eta hunen etxaldean plantatu. Ardi hazkuntza sartu zuen (behi tropa zuten ordura arte), eta 1960ko hamarkada hastapeneko dirulaguntzak baliatu zituen, funts zenbaiten lurberritzeko. Gizon ernea, langilea eta osagarri handikoaren oroitzapena uzten dauku.
Langile handia izan baldin bada Martin, gazteago zenean plazer zuen herriko animazionetan parte hartzea Antzuolarateko bidaietan besteak beste, baita igandetan Gaztetxea trinketean pilotari berezkoekin antolatu partiden ikustera joaitea ere. Funtsean bururaino Euskal Telebistaren bidez segitu ahal ukan ditu Hegoaldeko pilotariak.
Azken egunetan eritu da, eta ospitaleraturik 5 egunen buruan zendu da. Ortzegun arratsaldean iragan dira Martin-en ehorzketak, Aiherrako elizan. Gure partetik dolumin bizienak Maite, Marie Paule, Graxi eta Xavier lau seme alaberi, hauen familiakoeri eta ahaidego guziari.
Goiti Aire elkartearen biltzar nagusia otsailaren 3an
Hirugarren adinekoen elkarteak, otsailaren 3an Aiherrako Denen Etxeko gelan eginen du urteko biltzar nagusia, astearte goizarekin (11:00). Biltzar nagusian aipatuko diren gaiak hauek dira: iragan urteari buruzko konduak eta txosten morala, bulegoko kide batzuen ordezkatzea, eta beste. Biltzar nagusiaren ondotik, denak mahain on baten inguruan bilduko dira, Denen Etxeko gelan. Apairuaren prezioa 20€, orain arte elkartearen kide direnentzat.
Biztanleen kontaketa
2026ko Aiherrako biztanleen edo herritarren kontaketa urtarrilaren 15ean hasirik otsailaren 14an bururatuko da. Horri esker, herriko biztanleen kopuru ofiziala jakiten ahalko da. Informazio bilketa egiteko bi langile hartuak izan dira: Maika Minjou eta Nahia Perez. Milesker ongi etorri ona egiteagatik. Azken kontaketa hunen emaitzak Estatuak herriko buxetean edo aurrekontuan duen parte hartzea kalkulatzeko erabiliak dira. Inkesta hau Interneten bidez https://www.le-recensement-et-moi.fr/ edo bi langile haueri arrapostua emanez egiten da. 2019an 1.094 aihertar kontatu zituzten. Eta aurten? Laster jakin behar genuke.
Mus txapeketa Gozategia ostatuan
Urtarril hastapenean hasi zen Frantziako mus txapelketa, gure herriko Gozategia ostatuan. 36 parek izena emanik, ortzirale eta larunbat arrats guziz biltzen dira muslariak multxoetako partiden egiteko, otsailaren 7a arte.
Txapelketa otsailaren 28an, hots larunbat arratsarekin bururatuko da, muslarien arteko afariarekin eta azken partidekin, orduan baizik ez baita jakinen kantonamenduko txapelketan parte hartuko duten Aiherrako ordezkariak nor izanen diren.
Ez ahantz aurten finalen egun handia Irisarrin iragan beharra dela, Pazko astelehenarekin apirilaren 6an. Txapeldunek munduko mus txapelketan parte hartzen ahalko dute Euskadin, Bilbo inguruan, abenduaren 5etik 13a arte. Anartean xantza on deneri!











