Azalekoa | 2026ko Apirilaren 02a

Euskara, kultura, liburuak… Et’abar!

A.E.

Jone Bordatoren “Erroen izerdia” liburuaren aurkezpena
Jone%20Bordatoren%20Erroen%20izerdia%20liburuaren%20aurkezpena

Aines Haristoyk Hazparnen kokatu Et’abar ostatu liburu denda ideki du iaz. Euskara, kultura eta partekatzearen elkargunea izatea du xedetzat. Proiektu hunen eramailearekin elkartu gira, horren inguruan solastatzeko.

Orrialde berri bat itzuli

Aines Haristoy 42 urteko aihertarra da. Mediateketan ibilbide luzea egin du, lehenik Kanboko mediatekan kasik 12 urtez, eta gero Baionako herriko mediatekan, bilketa.eus euskal funtsen ataria elikatzen. Ondotik, 4 urtez LAB sindikatuan ere ari izan da lanean.

Betidanik ukan du liburuekilako zaletasun handia, eta orokorkiago kulturaren ingurukoa. Badu 7 urte buruan duela liburu denda baten idekitzea. Aines Haristoyk azaltzen zuen ostatuek bizi sozialerako garrantzi handia dutela, elkarguneak baitira, sustut barnealdean. Ostatu arrunta idekitzea baino, alde kulturala eta literatura gehitu nahi zion proiektuari, jakinez momentu hartan barnealdean ez zela liburu eskaintza anitzik.

Aihertarra zazpi urtez buru belarri ibili da toki egokia aurkitzeko, eta azkenean, 2024ko abenduan, Hazparnen epizeria saltegi bat hustuko zela jakin zuen, eta paradaz baliatu zen. 2025eko apirilaren 1ean ukan zituen giltzak, bi hilabetez obrak egin zituen, ekainaren 3an ateak ideki ahal izateko.

Lehen bilana eginik, Aines Haristoy harritua agertu da, hastapenean pentsatzen baitzuen ostatua ongi ibiliko zela, baina azkenean jendea lehentasunez liburuen erostera etortzen da.

Eskaintza ugariak

Et’abar dendaren atea ideki, eta ezkerraldean ostatua aurki daiteke, nun alkohola eta alkoholik gabeko edariak kontsumitu daitezkeen. Ostatuaren ondoan, trumilka liburu agertzen dira. Orotara 3.000 erreferentzia inguru zenbatzen dira, berriak eta salgai direnak. Liburuak bataz bestean euskarazkoak dira %35ean, eta gaineratekoak frantsesez. Adin guzientzat eta mota guzietako liburuak dira. Horrez gain, Euskal Herrian ekoiztuak diren diskoak aurki daitezke, biniloak, haurrendako euskarazko jokoak, euskarazko karta postalak eta papeteria.

Literaturatik haratago, kulturgunea ere izatea duenez xedetzat, hainbat ekimen antolatuak dira gutienez hilabetean behin, besteak beste idazleekin topaketak, mintzaldiak edota kantaldiak. Martxo guzian adibidez, Joel Sistiague margolariaren ur margoak erakutsi dira. Erakusketa garatu nahiko litzatekeen pundua da. Helburua Et’abar-en edozein kultur forma desberdin proposatzea da.

Euskarak leku garrantzitsua du, osoki euskaraz hitz egiteko manera bada, baita euskarazko sorkuntzak aurkitzeko ere. Mintzapraktika taldeak bertan erregularki elkartzen direla zioen aihertarrak.

Horrez gain, Aines Haristoyk azpimarratu nahi ukan du emazteentzat gune lasaia ere dela.

Informazio baliagarriak

Antolatuak diren ekimenen berri ukan daiteke Et’abar-en Facebook (et’abar) eta Instagram (et.abar) kontuen bidez, baita Hazparneko Herriko Etxearen eta Euskal Elkargoaren turismo bulegoen webgunean.

Et’abar asteartetik ostiralera (9:00-13:30/15:00-19:00) idekia da, ostiraletan berantago hetsiz (22:00), eta larunbatean egun osoan mozturarik gabe idekia izanez (9:00-19:00). Astelehen eta igandetan hetsia egoten da.

Harremanetan sar daiteke 05-64-72-34-83 zenbakia edo etabar@ni.eus mailaren bidez.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3828. zbk

Gure Hitza | 2026/04/02

Aste Saindua eta Pazko

Jean-Louis Harignordoquy

Partikulazki herri ttikietan, gure aitzinekoentzat zerbait ziren garizumako eta pazkoko eginbideak. Astearte-ihaute izaiten zen libertitzeko azkena, garizuma hasten baita hauste asteazkenez. Ordutik goiti beraz barur eta mehe egunak, gurutzearen bideak, bekatuen aitortzak eta pazkoen egiteak, horiek oro urte osoan xuhurki eta xintxoki bizi ziren familientzat ere. Urteak joan, urteak jin, gizartearen pentsamoldeak eta bizitzeko moduak azkarki aldatu dira, beren alde on eta ez hain onekin. Ehorzketetan salbu, elizak ez dira lehen bezala betetzen igandetan eta bestaburuetan. Jende gehiago erakartzeko, berritasun zonbait ongi etorriak litaizke. Adibidez, denboran apez zenbaitek egiten zuten bezala, noiztenka zergatik ez kantagai eman “Odolaren Mintzoa” liburuko “Jainkoa eta ni”, bai eta “Ortzirale saindu bateko gogoetak” deitu bertsu miresgarriak? Herri gehienetan badira abeslari onak hori obra dezaketenak. Halaber noiz-behinka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016