Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Apirilaren 02a
Korrika - Loto eta kantaldia - Auzapez karguetan Christophe Jaureguy - Aste Saindu eta Pazkoetako elizkizunak - Lapurdiko Rallya - Kantaldi eta afari Amotzeko trinketean - Antzerkia
Korrikaren pasaldia
Saratik etorririk, olatu baten parekoa izan da Korrikaren pasaldia, itzulia egin ondoan Senpere herrian gaindi, Zuraideko bidea hartu aitzin. Hainbertzeraino jende bildu da, nun uhaina bere gorenean izan den karrika nagusia zeharkatzean. Ikustekoa baitzen, hango giro atsegingarria, haurrak kantuz, helduak lorietan, euskarak merezi duen arnasa-hartze beharrezkoa. Besta egun hortaz haratago, gauzatu dezagun euskararen erabiltzea, gure egunerako urratsetan.
Loto eta kantaldia
Martxoaren 21ean, bi ekimen polit eskainiak ziren, haatik arratsalde eta tenore bertsuetan. Inharreko lotoan, mahai guziak bete dira, Zaldubi Ikastolako antolatzaileak biziki pozik agertu dira giro eta emaitza onengatik.
Elizako gerizan, senpertarren arteko kantaldia aurkeztua izan da San Josepe eta Arretxeko eskoletako burasoek muntaturik. Hemen aurkitu dira Artxeroak, Hartzak’Kantu, Maider Cigarroa, Magali Zubillaga eta Arretxean kantuz. Nahiz usaian baino publiko arintsuagoa izan, honek ere parte hartu du zonbait kantutan, giro gozo eta alaia sortaraziz.
Auzapez karguetan Christophe Jaureguy
Ez da sorpresarik izan azkeneko herriko kontseiluan, hemen bozkatu beharra zegoen auzapez berria. Hasi aitzin, minutu bateko isiltzea egin da Christian Berçaitz, Bildozeko auzapez ohiarenoroimenez. Hats Berriko 23 hautetsiek bozkatu dute Jaureguyren alde, bertze seiek aldiz xuri. Jarraian 8 axuantak ere bozkatuak izan dira, emaitza berarekin. Bilkura bururatzean, hiru zerrendetako buruek hartu dute hitza, Christophe Jaureguyk, Mariana Laugier-ek eta Hervé Maurouk, Bernard Elhorgaren ordez.
Aste Saindu eta Pazkoetako elizkizunak
Ostegun Sainduko meza iraganen da Azkaingo elizan (19:00). Ostiraleko Gurutzearen bidea Senperen aurkituko da (15:00), aldiz Kristoren pasiopeko zeremonia Saran (19:00). Larunbatean, Pazko bezperako zeremonia gure elizan (20:00). Pazko eguna ospatuko da igandean (10:30) meza nagusiarekin, gure elizan. Oroit gaiten, Pazkok eta Bakeak izen bera dutela oinarritzat.
Lapurdiko Rallya aste hondarrean
Zorigaitzez aurtengo 48. Edizioa Pazkoetako asteburuarekin gertatzen da, alabainan animazio gehiago sortuko du, autoen burrunbak eta zirkulazio arazoak gainezkatuko dira umore onarekin. Mendiko autozaleak pozik ikusiko ditugu programa bikainarekin, ostiralean paperen egiaztatzeak iraganen dira Aintziran, aldiz egiaztatze teknikoak Gazteluko aparkalekuan. Larunbatean, 3 lehiaketa Ziburuko, Urloa eta Kantiako oihanean, arratsean denen bilketa Inharreko inguruan. Igandean, Ostolapia eta Uzkaingo probak, sariak banatuak izanen dira Ibarrungo plazan. Antolatzaileek galdegiten dute ingurumena errespetu handiarekin zaindua izan dadin, partehartzaile guzienganik.
Kantaldi eta afari Amotzeko trinketean
Apirilaren 10ean (19:30), Ahotsez (Kalakan bikotea/Berçaits anaiak) eta Ahizpak taldeek emanen dute kontzertua, hunen ondotik afari onuragarria. Kontzertuarendako prezioa 15€, urririk 7 urtez petik, erreserba: my.weezevent.com/kontzertua-concert edo 05-59-47-36-31, afaria 35€-tan erreserba beharrezkoa da.
Antzerkia Larrekon larunbatean
Apirilaren 4an (19:30), bikote baten gorabeheren istorioa kontatzen du “Pour le meilleur” ikusgarri pozgarriak, esketx multxo baten bitartez. Uztaritzeko Jondoni Bixente eta Ezpeletako Jondoni Estebe eskoletako burasoek antolatzen dute ekitaldia. Ateak idekiak izanen dira (18:30) ostatuaz gozatzeko. Ordu bat eta erdiren iraupena du, deneri zabaldua, prezio betea 15€.











