Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Apirilaren 02a

Herriko bozen bigarren itzulia - Korrika - EREINez kolektiboa - Liburu denda berria - Lotoa - Arroltze ihiza - Urruñarrak Pilotak 100 urte - Pausuko pala txapelketa

Urruñako Herriko Etxea
Urrunako%20Herriko%20Etxea

Herriko bozen bigarren itzuliaren emaitzak

Hilaren 22an, igandez izan zen herriko bozen bigarren itzulian aurkeztu ziren hiru zerrendek honako emaitzak erdietsi zituzten: Sebastien Etxebarnek %48,44, hau da, 2.844 boz eta 25 aulki; Filipe Aramendik %37,64, hau da, 2.210 boz eta 6 aulki eta Martine Mignot-Carmek %13,92, hau da, 817 boz eta 2 aulki. Parte hartzea: %69,17, hau da, 5.957 boz. Abstentzioa: %30,83, hau da, 2.655 boz. Milesker, bihotzez, Filipe Aramendiren taldekoei 6 urte hauetan Urruñaren, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lan handiagatik.

Korrikaren lekukoa eskuz-esku

Hilaren 19an, ostegunez, Korrikaren 24. edizioa Zuberoako Atharratzetik abiatu zen eta orduz geroztik, Euskal Herriko bideetatik barna jarraitu du, aitzina, beti aitzina. 25eko gauean (3:49), Urruñara sartu zitzaigun Azkainetik eta Oletatik barrena, eta herria zeharkatu ondoren, Hendaiako bidea hartu zuen. Lekukoa eskuz esku ibili zen, eta Urruñako eragile hauek aldizkatu ziren: Euroeskualdea, Hazia, Urruñarrak Pilota eta omnisports, UGA, Ikastola, Herriko Etxea, Berttoli, Iparra-Hegoa eta Bakalau elkarteak. Hunkigarria izan zen, gaueko tenore horietan, urruñar anitz karrika eta plazak animatzen ikustea. Gora Korrika eta aitzina euskara!

EREINez kolektiboa

Martxoaren 31n, asteartez, EREINez kolektiboaren aurkezpena egin zuten Pausuko Xaian, eta bertan izan ziren 25 pertsona inguru. Kolektiboaren leloa: “Gure soinua, gure hazia”. Kolektibo hau sortu dute euskal musikari eta kantarien eskubideak defenditzeko. Eta gomita egin zieten gainerako abeslari edota musikariei kolektiboan sar daitezen, elkarrekin indarra egin ahal izateko. Musika eskaintzen dituzten Iparraldeko ostatuak, elkarteak, besta komiteak… eta abar, gomitatuak dira elkarte berri honetan sartzeko. Haien helburu zehatzak hauek dira: 1.- Bertako musika hobeto identifikatzea eta ezagutaraztea. 2.- Artistek merezi duten aitortza eta ordainsaria jasotzea. 3.- Antolatzaileei eta ostalariei argitasuna eta informazioa eskaintzea. 4.- Ipar Euskal Herriak ahots bateratua izatea.

Liburu denda berria hiri barnean

Herriko Etxeak herria dinamizatzeko abiatu zuen interes agerraldi deialdiaren kari, liburu denda berri batek bere ateak ideki ditu herriaren barne-barnean, Jean Fourcade karrikaren 1. zenbakian, Herriko Etxearen ondo-ondoan. Liburu dendak hainbat liburu proposatuko ditu, literatura orokorra, gazteria, komikiak, saiakerak eta euskarazko liburuak barne.Zabalik, asteartetik larunbatera: (10:00-13:00/15:00-19:00). Telefonoa: 05-59-47-81-31.

Adixkideak elkartearen lotoa

Apirilaren 11n, larunbatez (20:00), Adixkideak elkarteak antolatu lotoa izanen da Iturbidea kiroldegian.

Arroltze ihiza

Apirilaren 5ean, igandez, arroltze Ihiza izanen da Bixikinean (10:00-13:00). Parte hartzea: 7 euro pertsona bakoitzeko.

Urruñarrak Pilotak 100 urte

Urruñarrak Pilota elkarteak aurten 100 urte betetzen ditu, 1926an, Cachenaut erretorak Pilota eta Klika izeneko elkartea sortu baitzuen. 1946tik goiti, Urruñarrak Pilota izena hartu zuen eta Pantxoa Lazkano izan zen elkarte arduraduna. Laster txapeldun handiak sortu ziren: Pitxun, Harizpe, Bessonart, Dongaitz anaiak… eta geroago, Zugasti, Bideondo eta Ezkurra. 80ko eta 90eko hamarkadetan elkarteak beste espezialitate batzuk zabaldu zituen: joko garbi, pala mutil eta neskentzat, xare, larruzko paleta eta pasaka. Horrela sortu ziren Sylvie Haltzuet bezalako txapeldun handiak. Zorioneko ehun-urteurrena elkarteko guziei!

Pausuko pala txapelketa

Urtero, Bidasoan Euskaraz kultur ekimenaren kari, Bakalau elkarteak antolatzen duen pala txapelketak, aurten ere, aitzinera jarraitzen du, eta hiru mailetan gainera. Maiatzaren 3an, igandez, jokatuko dute finala. 32 bikote, hau da, 64 pilotari, parte hartzen ari dira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3828. zbk

Gure Hitza | 2026/04/02

Aste Saindua eta Pazko

Jean-Louis Harignordoquy

Partikulazki herri ttikietan, gure aitzinekoentzat zerbait ziren garizumako eta pazkoko eginbideak. Astearte-ihaute izaiten zen libertitzeko azkena, garizuma hasten baita hauste asteazkenez. Ordutik goiti beraz barur eta mehe egunak, gurutzearen bideak, bekatuen aitortzak eta pazkoen egiteak, horiek oro urte osoan xuhurki eta xintxoki bizi ziren familientzat ere. Urteak joan, urteak jin, gizartearen pentsamoldeak eta bizitzeko moduak azkarki aldatu dira, beren alde on eta ez hain onekin. Ehorzketetan salbu, elizak ez dira lehen bezala betetzen igandetan eta bestaburuetan. Jende gehiago erakartzeko, berritasun zonbait ongi etorriak litaizke. Adibidez, denboran apez zenbaitek egiten zuten bezala, noiztenka zergatik ez kantagai eman “Odolaren Mintzoa” liburuko “Jainkoa eta ni”, bai eta “Ortzirale saindu bateko gogoetak” deitu bertsu miresgarriak? Herri gehienetan badira abeslari onak hori obra dezaketenak. Halaber noiz-behinka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016