Herriz Herri - Sara (L) | 2026ko Apirilaren 02a
Olhain ikastola - Beti Gazte - Idazleen biltzarra - Elizako berri - Pilota - Errugbia
Olhain ikastola
Martxoaren 27an ortzirale ilunabarrean, eskolako haurren burasoek eta erakasleek antolaturik, 110 bat haurrek egin dituzte ikusgarriak. Ttiki horiek irringarriak ziren, bertzeak ere arras ongi, sei irakasle baziren eta lau haur zaintzale. Bazen jende etorria haur horien sustengatzera eta irakasleak ere, dena umore onean bukatu da.
Beti Gazte
Elkarteak antolatzen du bere biltzar nagusia apirilaren 11n larunbatarekin (12:00), Lur Berri gelan. Ondotik bazkaria Mariane eta Tristan Sagek prestatua, menua: aperitifa kir, eltzekaria, patea entsaladarekin, xerri almeki betea eta bildua patatekin, ardi gasna erreximentarekin, koka, arno beltz eta gorri, kafea ondokoarekin. Bazkaria eta kideen kartarekin 38€, bazkaria bakarrik 32€, interesatuek deitu apirilaren 7a aitzin Ganex (05-59-54-21-34), Maite (06-31-62-90-66), Anita (06-28-28-08-24) edo Therese (06-32-22-47-89). Eguna alaitua izanen da Ttotte musikariarekin, beraz erretretatu guziak gomit dira, egun goxo baten pasatzerat denak elgarrekin, aitzinetik eskerrak deneri.
Idazleen biltzarra
Apirilaren 5etik 7rat iraganen da. Igandean 5a Santa Katalina kaperan, (18:00) kontzertua sarrera 15€, hiru kantari, Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles. Astelehenean 6a kiroldegian, liburu azoka (10:00-19:00), biltzar saria (12:30), Marikita Tambourin eta Anne-Marie Lagardek ukanen dute, (14:30) kontzertua Fafa eta Baptiste bere semearekin. Liburu aurkezpen erakusketa (17:15), oihal azpian. Asteartean 7a, profesionalen eguna (9:00-17:00) Lur Berri gelan. Horra egitaraua, izanen da zer ikus, pentsatzen dut asteburu ederra pasatuko duzuela.
Elizako berri
Oroitu Pazko igandean dela meza (10:30). Bertzalde, Armeiko Beila: parropiako andana prest da erretorarekin joaiteko beila hortarat, elgarretaratzeko hango giristinoekin. Beila hori antolatua dute Larrungo Izpiritu Sainduko parropiak eta Kanboko San Migel Garikoitzek apirilaren 8tik 16a arte. Hilabete guziz mezak antolatuak dira, zahar etxetan, Saran apirilaren 9an ortzegunez (15:30).
Pilota
Esku-huska trinketean: 2. mailan finalerdian Etxeberri Pacheko Manex irabazle 40-27 Itsasuarrak-en kontra, beraz finalean da.
Errugbia
Sarak irabazi du 68-03 Buzy-Ogeuren kontra. Erreserbak irabazi du 46-26. Orain finala jokatuko dute Ziburuko taldearen kontra.











