Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Apirilaren 02a
Auzapez berria eta axuantak - Korrika ondotik - 13. Freedom for Aiherra larunbat arratsean - Lasterkari batzuen balentriak
Auzapez berria eta axuantak
Iragan astean hauteskundeen ondoko lehen kontseiluko bilkuraren berri eman genizuen batez ere auzapez berriaren izena emanez, aipatu gabe haatik hautatuak izan diren axuantak. Lau axuantek lan eginen dute auzapezaren ondoan: 1. Karine Perez, 2. Ramuntxo Oteiza, 3. Hervé Parachou eta 4. Maite Oxarango, bakoitzak 3 edo 4 lan talderen ardura ukanez. Lehenak (Karine Perez) hirigintza, herriaren antolaketa, herriko eraikinak eta komunikazioa; bigarrenak (Ramuntxo Oteiza) laborantza eta garapen iraunkorra, ura eta oihana, finantzak eta ekonomia; hirugarrenak (Hervé Parachou) kultura: Aiherra Antzuola parekatzea, euskara, bestak eta ospakizunak, elkarte bizitza; eta laugarrenak (Maite Oxarango): hezkuntza-gazteria, gizarte gaiak eta bideak. Bakoitzari eta gaiaren arabera juntatuko zaizkie beste hautetsi batzu. Lan egin dezatela herritarren onetan!
Korrika ondotik
24. Korrika berriki iragan zauku Aiherra bazterretik, gure herrian ere arrakasta gaitza kausituz parte hartzaileen aldetik. Bi urteren buruan berriz xoko huntarik pasatu behar bailuke, espero aldi huntan, 2019an bezala Donamartiri, Izturitze eta Aiherra herri barnetik iraganen dela, erran nahi baita jende anitz bizi eta mugitzen den herri barnetarik. Hots oraindanik eta aski goiz galdea egin beharko da!
13. Freedom for Aiherra larunbat arratsean
Freedom for Aiherra kontzertuaren 13. edizioa prestatzen ari dira gazteak, jo ta ke.
Duela zonbait aste kolore horia duten afixa ikus errexak ezarri bazituzten Iparraldeko pareta anitzetan, azken astean pankarta handien aldi, horrek erran nahi du gazteak pil-pilean ditugula. Alabaina hurbildua zaiote kontzertu eguna, apirilaren 4an, hots larunbat arrats honetan iragan beharra dena.
Lau talde ekarrarazten dituzte aurten, Dizkobolo, Xiberoots, The Locos (SKA-Pko ohiak) eta DJ Doy gaualdiaren bururatzeko. Musikaldia edo kontzertua (21:00) tenorez hasiko da. Sartzea 15€. Ongi etorri deneri
Lasterkari batzuen balentriak
Korrika iragan zauku joan den astean. Parte hartzaileetan adin guzietako herritarrak baziren, batzu 2 urtetarik AEK-k antolatzen duen Korrikan baizik laster egiten ez dutenak (edo urtean behin edo…), eta beste batzu eskuin eta ezker antolatzen diren lasterketa edo ibilaldi anitzetan, trebatuak, hala nola duela zonbeit aste Senpereko lasterketan.
Senpereko lasterketa 21 kilometrokoa da, 1.000 metroko desnibelarekin, eta lasterketa zailaren fama du. Sei herritarrek parte hartu dute eta Etxebazterreko Ximun Minjouk 852 lasterkarietarik seigarren bururatu du oren bat eta berroigeita bost minutuz itzulia eginez, eta balentria ederra kausituz. Pentsatzekoa da besta komiteko gazteek Aiherrako bestetan aurten antolatuko duten lasterkaldian ikusiko ditugula (Abarratia eta Paatze mendietan gaindi, ekainaren 13an, larunbatarekin).
Senpereko lasterketan parte hartu duten 6 herritarrak hauek dira: Camille Etcheverry, Miren Izoco, Amaia Etchegaray, Ximun Minjou, Gexan Martinon eta Nicolas Dirasse. Biba zuek!











