Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Apirilaren 02a
Euskal Herriko mus txapelketa - Musika eta dantza herrikoiak - Onddoenea
Euskal Herriko mus txapelketa
Bururatu da Euskal Herriko mus txapelketaren aurtengo edizioa joan den larunbatean, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). Lehiatu diren 128 bikoteen artean baginuen herritar pare bat: Sébastien Oxoby eta Mathieu Sallagoity. Bainan urrun gelditu dira, 113. postuan. Garaile atera da lehen aldikotz xiberotar pare bat, Urdiñarbeko Bixintxo Etxegoinberri eta Patrick Loustau. Bigarren Etxarri-Aranatzeko pare bat. Hirugarren Hazparneko Xavier eta David Mercapide.
Musika eta dantza herrikoiak
Jokin Irungaray itsasuarrak mintzaldi aberatsa eskaini dauku joan den ostiralean Arrume gelan, “Musika eta dantza herrikoien arteko loturak eta historia” gaia jorratuz. Zernahi gauza ikasi dugu, musika tresnetaz, hala nola aspaldiko denboretan, xirula eta ttunttuna aitzin, arrabita baizik ez zela erabiltzen, eta dantza mota desberdinetaz, bereziki oren bat edo gehiago irauten zuen dantza luze edo soka dantza ospetsuak. Orain arte Jean-Michel Guilcher bretoin etnologoa balin bazen dantza herrikoiez erreferente nagusia, jakin dugu CNRS-ko Xabier Itzaina itsasuar ikerlariak baduela ezinbestezko liburu bat plazaratua, “La société du tambourin”, Euskal Herriko musika eta dantza herrikoien historia barnetik jorratzen duena, artxibo asko ikerturik. Ondoko denboretan euskaratu nahi omen lukeen liburua, sail horren maitale guzientzat altxor paregabe geldituko dena.
Onddoenea
Lehenago ere aipatu dugu hemendik Onddoenea (Hôtel du Pont d'Enfer jatetxe ohia) berritzearen proiektua. Gau egun Onddoenea osoki lurrean da eta ordainez bastimendu berri bat eraikiko da, besteak beste ikus-entzunezko zentro bilakatuko dena, Euskal Elkargoaren laguntzarekin. Argazkietan duzue lehengo Onddoenea, osorik zenean, eta lurrera zoan Onddoenea.











