Mundu zabalean | 2026ko Apirilaren 02a

Adimen artifiziala armadan

J.B.

Adimen%20artifiziala%20armadan

Joan den hilabetean, kalapita politiko judizialak mindu dira Estatu Batuetako administrazioa eta adimen artifiziala kudeatzen duen Anthropic enpresaren artean. Dario Amodei Anthropic enpresaren buruak ez du onartu amerikar armadak adimen artifiziala batere mugarik gabe erabil dezan, Donald Trumpen kexadura piztuz. Teknologia berriek proposatzen dituzten aitzinamenduak osoki bereganatu nahi ditu armadak. Hortaz arranguratzen dira ere Fisika Kuantikoan ari diren ehunka ikerlari.

Adimen artifizialaren erabilpena armadan

Jendeen eta tokien ezagutzeko, aztertzeko, informazioen biltzeko eta berexteko, mehatxuen deusezteko, drone, hegazkin edo beste tresnen gidatzeko adimen artifizialaren erabilpena handia da armadan. Azken gerla tokietan ohartu gira eremu gero eta handiagoa hartzen duela, izan Ukrainan, Palestinan edo Iranen eta teknologia horren integrazioa lehentasuna bilakatua da munduko armada guzietan.

Gerla “garbia” egiteko manera aipatuz, beste behin, teknologia berriaren erabilpena zabaldu nahi dute armadako arduradunek. Ez da gauza berria. Bainan gerla garbirik badea? Hasteko duda handiak ditu Dario Amodei Anthropic enpresako presidenteak.

Mugarik gabeko erabilpen lanjerosa

Anthropic enpresaren Claude deitu modeloa erabiltzen zuen, duela guti arte, Estatu Batuetako defentsa ministeritzak. Bainan zientzialariek finkatu mugak baditu adimen artifizialeko tresnak, ezagutzen ez ditugun ahalmen zabalak kontrolpean egon diten. Muga horien altxatzea galdegin dute Pentagonoko buruek bainan, arrazoinamendu etikoengatik, ezezko borobila erantzun die Dario Amodeik. Anthropic enpresako presidentearentzat “gizarte guziaren kontrolatzeko adimen artifiziala erabiltzea balore demokratikoen kontra doa”. Adimen artifizialeko sistema aitzinatuenak ere ez direla aski seguruak hiltzeko armen kontrola ukaiteko azpimarratu du enpresaburuak. “Osoki autonomoak diren armak gaur egun ez diren hesiak behar dituztela” gehitu du.

Donald Trumpek, usaia duen bezala, sekulako salaketak egin ditu Anthropic enpresaren adimen artifizialeko Claude modeloaren erabilpena gelditzea manatuz administrazio guziari. Defentsa ministeritzak urrunago pusatu du erasoa, Anthropic enpresa “arriskugarria” zela deklaratuz, Txinako Huawei edo Errusiako Kaspersky logizielak bezala. Ondorioz, Anthropic enpresarekin zituzten kontratuak desegitea behartu dituzte Estatu federaleko hornitzaile guziak.

Dario Amodei enpresariaren ihardukitzea izan da martxoaren 9an, Kaliforniako auzitegi gorenean, enpresa lanjerean ezartzen zituzten erabaki administratiboen geldiarazteko. Sustengu zabala ukan du adimen artifizialean lanean ari diren hainbat arduradun eta ikerlariren partetik. Google Deepmind edo Open IA enpresa konkurrenteko 37 ikerlarik, horietan Jeff Dean zuzendari zientifikoak, sustengu deklarapenak egin dizkiote jujeari. Azkenean funtsezko debatea abiatu behar ditaike adimen artifizialaren erabilpenari buruz.

Fisika Kuantikoko ikerlariak ere arranguratuak dira armadarekin

Heien lanaren militarizazioa salatzen dute Fisika Kuantikoan ari diren 300 ikerlarik. Plazaratu duten talde artikulu batean oroitarazten dute, historian zehar, aitzinamendu teknologikoak bereganatu dituztela armadek sinetsaraziz, aldi oroz, gaiztoen menperatzeko zela eta gizartearen edo demokraziaren onerako.

Nuklearra eta adimen artifizialaren ondotik, Teoria Kuantikoaren espezialistak arranguratuak dira. Egiten dituzten ikerketen emaitzak jendeen kontrolatzeko edo aplikazio militarrentzat erabiltzea salatzen dute. “Desarmatzearen aldeko zientzialari kuantikoen” izenpedurarekin hedatzen ari den kolektiboak, urteetan zehar arma berrien kontra izan diren zientzialarien mugimenduen segida hartzen du.

1950ean, Albert Einstein eta Bertrand Russell ikerlarien ageri famatuaren ondotik sortu zen Pugwash gerla mehatxueri buru egiteko nazioarteko zientzialarien mugimendua.

Gaur egun, Iranen kontrako gerlan bezala adimen artifiziala baliatzen da bonbardaketa “garbiak” egiteko omen, bainan huts egiteak ere badira, ahantzi gabe inguruko biktima zibilak, beti bezala. Hala nola, otsailaren 28an, Iraneko bonbardaketan eskola bat erraustua izan den, 175 jende erailez, gehienak 7 eta 14 urte arteko neska gazteak.

Robotika sailean arduradun nagusia zen Open IAko Caitlin Kalinowskik kargua utzi du bere enpresa eta defentsako ministeritzaren arteko akordioa salatzeko.

Armatzeko diru gero eta gehiago bideratua delarik mundu guzian, esperantza pizteko gai izanen dea zientzialarien oldarraldia?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3828. zbk

Gure Hitza | 2026/04/02

Aste Saindua eta Pazko

Jean-Louis Harignordoquy

Partikulazki herri ttikietan, gure aitzinekoentzat zerbait ziren garizumako eta pazkoko eginbideak. Astearte-ihaute izaiten zen libertitzeko azkena, garizuma hasten baita hauste asteazkenez. Ordutik goiti beraz barur eta mehe egunak, gurutzearen bideak, bekatuen aitortzak eta pazkoen egiteak, horiek oro urte osoan xuhurki eta xintxoki bizi ziren familientzat ere. Urteak joan, urteak jin, gizartearen pentsamoldeak eta bizitzeko moduak azkarki aldatu dira, beren alde on eta ez hain onekin. Ehorzketetan salbu, elizak ez dira lehen bezala betetzen igandetan eta bestaburuetan. Jende gehiago erakartzeko, berritasun zonbait ongi etorriak litaizke. Adibidez, denboran apez zenbaitek egiten zuten bezala, noiztenka zergatik ez kantagai eman “Odolaren Mintzoa” liburuko “Jainkoa eta ni”, bai eta “Ortzirale saindu bateko gogoetak” deitu bertsu miresgarriak? Herri gehienetan badira abeslari onak hori obra dezaketenak. Halaber noiz-behinka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016