Gogoa hazi | 2026ko Apirilaren 02a

Xipri Arbelbideren “Requiem” liburuari buruzkoak (2008)

Beñat Castorene

Liburua hasten da oroitzapen nostalgiko batzuekin. Xiprik deskribatzen du bere gaztetako Euskal Herria, XX. mende erditsutan. Laborari mundu isolatu eta penatsua zen, baina inolaz ere edertasun eta bizipozik gabekoa. Halako batean, ikusi zuen aurrerapen teknikoa bere munduan sartzen eta garatzen erritmo gero eta lasterragoan.

Xiprik, lanjer handia iragartzen digu: garapen tekniko eta ekonomiko itsuaren bultzapean, munduaren eraldaketa teknikoa inspirazio eta norabide zentzudunik gabekoa da. Eskatzen digu mota guzietako adituekin kontuz egotea, mundu honen martxa eroaren esklaboak baizik ez baitira.

Orain telebistarik gabe sufritzen dugu. Lehenago, ez. Aitzinatu gara?

Hitz sobera jakintsunik erabili gabe, esplikatzen digu gizartearen martxari buruz egiten duen gogoeta erradikalaren funtsa. Beretzat, garapen tekniko eta ekonomikoa, batez ere berrikuntza frenesiaren bidez ezagutzen duguna, ez da kapitalaren metaketaren gaurko prozesu itsua baizik. Gure sistema ekonomiko kapitalistak ez dezake iraun hori gabe.

Garapen modu horrek gure hedonismo eta kontsumerismorako joerak beharrezko ditu. Hondarkinen metaketa kontrolaezina ekartzen du. Horren ondorioz jaiotzeak ere larriki erortzen dira. Immigrazio masiboa da garapen ekonomikoa eta bizimodua mantentzeko soluzio bakarra, hau da, herri pobreetarik langileak trumilka jinaraztea, han eta hemen sortzen dituen arazo ugariekin: etorkinen eta guhauren deserrotzea, haien jatorrizko herrien pobreagotzea, hemengo etxebizitzen eskastea, eta abar.

Hau guzia gaurko mundu kapitalista globalizatuaren funtzionatzeko modu normala bilakatu da.

Ez uste ukan gu guziok biktima hutsak baizik ez garela: ez ote ditugu, modan izaiteko, zakarruntzietara botatzen on diren jantziak? Milaka tona jateko botatzen, gosetuak miliunka direlarik munduan?

Ez ote dugu guhaurk herria kanpotiarrei saldu lurraren prezioaren goititzeaz aprobetxatuz? Horregatik Xiprik nahi luke hemengo lurren sal-erospenen baldintzak udaletxeek kontrola ditzaten.

Bestalde ere, Xiprik proposamen nahiko erradikalak iradokitzen dizkigu. Hemen lan eskasik ez baita, lantegi berriak ez hemen sortu, bainan herri pobreetan egiteko alde agertzen da!

Xiprik, gizaki modernoa lehenagoko bere oinarri komunitario eta erlijiosoak galtzen ikusiz geroz, ez du ikusten nundik letorkiokeen indar materiala eta espirituala, kemena, mundu hunen martxa makurra zuzentzeko; eta aterabiderik ikusi ezinean Requiem-eko meza erraitera etsitzen da. Lehenago Requiem kantuarekin hasten zen hilen meza.

Requiem amaitzen da ez-usteko moduan: 2084an, aspaldian zeruan dagoela, bere urtebetetze kari (150 urte) Jainkoak lurrera bisita baten egiteko oparia egiten dio Xipriri. Tamalez, ohartzen da beldurra emaiten zioten aurreikuspenak oro bete egin direla lurrean. Iparraldean hamar mila euskaldun baizik ez dira gelditzen. Larriagorik ere bada; harrituta ohartzen da ezin onartuzko genetika erabiltzen dela; “haurgietan” haurrak ama baten sabelaren beharrik gabe programatuak dira, zoriona inork egin nahi ez dituen lanetan gozatzeko: peontzan, putetxeetan eta abar.

“Bizar xuriak” nahi zuen mundua ez zelakoan, nazkatuta Xipri zerura itzultzen da betirako.

Xiprirekin ados izan ala ez, denok aitortu beharra diogu bere garaiaren bilana ahal bezain kurioski eta oneski egiten saiatu izanaren merezimendu handia.

Makur ez banaiz, ez dugu egundaino horrelako saio kritiko askorik ikusi gure herrian.



Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3828. zbk

Gure Hitza | 2026/04/02

Aste Saindua eta Pazko

Jean-Louis Harignordoquy

Partikulazki herri ttikietan, gure aitzinekoentzat zerbait ziren garizumako eta pazkoko eginbideak. Astearte-ihaute izaiten zen libertitzeko azkena, garizuma hasten baita hauste asteazkenez. Ordutik goiti beraz barur eta mehe egunak, gurutzearen bideak, bekatuen aitortzak eta pazkoen egiteak, horiek oro urte osoan xuhurki eta xintxoki bizi ziren familientzat ere. Urteak joan, urteak jin, gizartearen pentsamoldeak eta bizitzeko moduak azkarki aldatu dira, beren alde on eta ez hain onekin. Ehorzketetan salbu, elizak ez dira lehen bezala betetzen igandetan eta bestaburuetan. Jende gehiago erakartzeko, berritasun zonbait ongi etorriak litaizke. Adibidez, denboran apez zenbaitek egiten zuten bezala, noiztenka zergatik ez kantagai eman “Odolaren Mintzoa” liburuko “Jainkoa eta ni”, bai eta “Ortzirale saindu bateko gogoetak” deitu bertsu miresgarriak? Herri gehienetan badira abeslari onak hori obra dezaketenak. Halaber noiz-behinka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016