Ba ote dakixu? | 2026ko Apirilaren 02a

Jules Durand afera edo “pobrearen Dreyfus afera” (2/2)

Gilen Bacho

Jules Durand eta bere sindikatuko lagunen auzia kasik berehala idekia izan zen, Roueneko asisetako auzitegian. Le Havreko abokatu gazte batek, karrera handia ukanen zuenak (Errepublikako presidente bilakatzeraino!), René Cotyk, zuen Jules Durand defendatu.

“Justiziaren hutsegitea” edo “klase justizia”

Baina, eztabaidetan, defentsaren aldeko elementu inportantenak baztertuak izan ziren, partikulazki poliziako Henry komisarioaren testigantza, zeinean bere informatzaileek, sindikatuaren bilkura guzietan izan zirenak, ez zutela sekula hilketarako deirik entzun erran baitzuten. Testigantza horrek parte akusatzailearen lekukoen (erosiak izan zirenak) testigantzen kontrakoa erraiten zuen baina ez zen kontutan hartua izan. 1910eko azaroaren 25ean, Jules Durand “hilketan konplizitate moralaz hobendun” bezala jujatua izan zen eta heriotzara kondenatua. Le Havreko sindikatuen batasunak, CGT-ak eta giza eskubideen Ligak kanpaina handia piztu, eraman eta prentsan hedatu zuten. Ber maneraz, ezkerreko lider zenbaitek, Paul Meunier eta Jean Jaurèsen gisa, Jules Durand azkarki sostengatu zuten. 1910eko abenduaren 10ean, L’Humanité egunkarian (1904an sortu zuena), Jaurèsek artikulu bat idatzi zuen Durand aferaz, argiki titulatua: “Justiziaren hutsegitea”. “Langile munduko Dreyfus afera”, “pobrearen Dreyfus afera” deitua ere, langileen borrokaren sinbolo bilakatu zen. Mobilizazioak Frantziako mugak zeharkatu zituen eta munduko herri anitzetan portuko langile eta zamaketariak greban jarri ziren.

Askatua baina “klase justiziaren” biktima

Mobilizazioaren aurrean, 1910eko abenduaren 31n, Armand Fallières Errepublikako presidenteak Jules Durand-en zigorra, heriotza kondena, pena arinago batez ordaindu zuen (zazpi urtez preso egotera). 1911ko otsailaren 16an, Jules Durand askatua izan zen eta, biharamunean, Le Havren, ospe handiko ongietorria errezibitu zuen. Baina, bizi izan zituen injustizia eta presondegiko baldintzak (heriotzara kondenatuen erregimena biziki gogorra zen) ondorio zinez txarrak ukan zituzten bere buruko osagarriarentzat. Askatua izan ondotik, aste zenbaiten buruan, eritegi psikiatriko batera sartu zen. Juridiko mailan, halere, eraman izan zen borrokak ondorio onak ukan zituen. 1911ko apirilaren 7an, kasazio auzitegiak inkesta berri bat manatu zuen eta inkesta horrek Transat konpainiaren jukutria erakutsi eta frogatu zuen. 1912ko agorrilaren 9an, kasazio auzitegiak 1910eko azaroaren 25eko kondenazioa ezeztatu zuen baina ez zuen auzi berri bat eskatu, Jules Durand akusatua ero gisa kontsideratu baitzuen, gertakarien denboran. Baina, Durand-en sostengatzaileek ez zuten batere erabaki hori onartu. Bataila segitu zuten eta, azkenean, 1918ko ekainaren 15ean, kasazio auzitegiak Jules Durand ofizialki hobengabetu zuen. Aldiz, testigu faltsuak eta jukutriaren arduradunak ez ziren auzipetuak izan. Jules Durand, bere aldetik, behartsuen erregimenera pasatu zen, Quatre-Mares-eko eritegi psikiatrikoan. Toki horretan hil zen 1926ko otsailaren 20an, “klase justiziaren” biktima gisa, Jean Jaurèsen hitzak errepikatuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3828. zbk

Gure Hitza | 2026/04/02

Aste Saindua eta Pazko

Jean-Louis Harignordoquy

Partikulazki herri ttikietan, gure aitzinekoentzat zerbait ziren garizumako eta pazkoko eginbideak. Astearte-ihaute izaiten zen libertitzeko azkena, garizuma hasten baita hauste asteazkenez. Ordutik goiti beraz barur eta mehe egunak, gurutzearen bideak, bekatuen aitortzak eta pazkoen egiteak, horiek oro urte osoan xuhurki eta xintxoki bizi ziren familientzat ere. Urteak joan, urteak jin, gizartearen pentsamoldeak eta bizitzeko moduak azkarki aldatu dira, beren alde on eta ez hain onekin. Ehorzketetan salbu, elizak ez dira lehen bezala betetzen igandetan eta bestaburuetan. Jende gehiago erakartzeko, berritasun zonbait ongi etorriak litaizke. Adibidez, denboran apez zenbaitek egiten zuten bezala, noiztenka zergatik ez kantagai eman “Odolaren Mintzoa” liburuko “Jainkoa eta ni”, bai eta “Ortzirale saindu bateko gogoetak” deitu bertsu miresgarriak? Herri gehienetan badira abeslari onak hori obra dezaketenak. Halaber noiz-behinka...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016