Herriz Herri - Aldude (NB) | 2026ko Apirilaren 02a
Herriko hautetsiak eta karguen banaketa - Heriotze - Aste Sainduko elizkizunen egitaraua - Alf’Harro: kuir gaualdi
Herriko hautetsiak eta karguen banaketa
Aldudeko herrian, karguen banaketa honela antolatua da. Auzapeza Gilbert Arretche da, eta Euskal Elkargoko hautetsi gisa ere ari da, bere ordezkaria Itxaro Saldubehere delarik. Hiru axuant badira: lehena Itxaro Saldubehere, bigarrena Bertrand Harispe eta hirugarren Karine Maitia. Bestalde, baleako sindikatuan, Xavier Laxague da hautetsia eta haren ordezkaria Gilbert Arretche da. Azkenik, Garaziko hiltegian, Frantxoa Oteiza da hautetsia eta Julie Vescovi haren ordezkaria.
Heriotze
Joan den asteazkenean, Iruñean, Daniel Kolumbo ehortzi dute. Duela 16 urte, Junkalek eta bere espos lagunak “Bernardoinea” etxea, zenbaitek “Jaureginea” deitzen dutena, erosi zuten. Ofizioz margolaria zen, eta bere obrak erakusleihoan agertzen zituen, goi mailako margolaria zela erakutsiz. Goxoa bezain airosa, gizon laket baten oroitzapena uzten dauku. Gure doluminak Junkali, bere espos lagunari, bai eta familiari.
Aste Sainduko elizkizunen egitaraua
Huna Aste Sainduan iraganen diren elizkizunen toki eta tenoreak gure parropian. Ostegun Sainduz, meza Irulegin ospatuko da. Ostiral Sainduz, Jesusen Pasionea Urepelen iraganen da. Ebiakoitz Sainduz, Pazko bezperako meza Alduden eginen da. Ospakizun guziak 19:00etan hasiko dira.Igandean, Pazkoz, mezak goizez izanen dira, Bankan (9:00) eta Baigorrin (10:30).
Alf’Harro: kuir gaualdi
Apirilaren 18an, Alfaroinean, “Alf’Harro” izeneko kuir gaualdia iraganen da. Gaualdia aperitifa alaitu batekin hasiko da (19:30). Ondotik (21:00), Altxalili kabareta izanen da, eta (22:30) erromeria Julen Labaka eta Uxue Kerejetarekin, dantzarako eta besta luzatzeko parada eskainiz. Sartzea 15€-tan izanen da, eta hobe txartelak aitzinetik Alfaroinean edo Internet bidez, helloasso.com-en hartzea. Gaualdi osoan jateko eta edateko izanen da. Antolatzaileek azpimarratzen dute Altxalili kabareta ez dela haurreri zuzendua, bainan emanaldi denboran, heldu batez lagundurik, heldu diren haurrak ongietorriak izanen direla.











