Hegoaldean | 2026ko Apirilaren 02a
Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025
M.V.
Hizkuntza eskubideei buruzko salaketa, laudorio eta argibide galdeak biltzen ditu urtero Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Horretarako, Euskararen Telefonoa zerbitzua ezarria du herritarren esku, eta aitortu behar da ohar gehien-gehienak salaketak izaten direla. Martxoaren 24an aurkeztu dute “Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025” izeneko txostena, Gasteizen. Honek agerian uzten duen ondorio nagusia ez da ona: hizkuntza eskubideen aitortzan oraino ere ez da aitzinamendu handirik gertatu, eta zenbait aldiz, gibelatzeak ere izan dira. Hori erakusten dute iaz bildu ziren 883 salaketek, eta gogoan izan behar da urraketa frango isilik atxikitzen direla.
Bistan da euskarak ez duela estatus juridiko bera Euskal Herri osoan, batere aitortzarik ez duen herrialdeak baitira. Baina aitzineko txostenetan argi gelditu zen bezala, oraingo honetan ere urraketa anitz gertatu dira euskara ofiziala den herrialdeetan.
Sektore publikoan eta sozioekonomikoan gertatzen diren intzidentziak biltzen dituzte Behatokian. 2025ean, salaketa gehien ukan zituen erakundea Eusko Jaurlaritza izan zen (168). Ondotik heldu da Nafarroako Gobernua (92). Hirugarrenik, Bizkaiko udala dugu (59). Sektore sozioekonomikoan, salaketa gehienak merkataritza gune handietan gertatu ziren (66). Aisialdiarekin zerikusia duten egiturek 49 ukan zituzten eta ostalaritzakoek 47.
Txostenaren emaitzak aurkeztu ondoan, Behatokiak ohartarazi du “araugintzan errotiko aldaketak” baitezpadakoak direla. Alabaina, gaur egungo egoerak jendarteko hainbat sektoretan hizkuntza eskubideek duten “gutxiespena” argiki erakusten du.











