Euskal diaspora | 2026ko Apirilaren 02a
Aberri Eguna, Aita Antton eta Obabakoak
Joseba Etxarri
ABERRI EGUNA. Munduko Euskal Etxe frangotan ez dira oraino itzaliak Korrikaren oihartzunak (bai, aurten inoiz baino gehiago izan dira bat egin duten Diasporako jende eta elkarteak) eta hemen dira Aste Saindua eta Aberri Eguna. Aberri Eguna tradizioa da Euskal Etxe askotan, Hego Amerikan bereziki, eta bere egunean bertan, aurten apirilaren 5ean, Caracas, New York, Montevideo, Mendoza edo Necochea bezalako hiri eta Euskal Etxetan ospatuko da, besteak beste, baina frango gehiago izanen dira ondoko asteburuan eta geroago ere gisa batez edo bestez bat eginen dutenak, abantzu guzietan elgarrekin bazkaldu edo afaldurik, edo zernahi euskal saio eta emanaldiak antolatuz. Hitzordu horien artean azpimarratuko dugu Argentinako Cañuelasekoa, kasu huntan apirilaren 11n eginen dena, bertako Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile, hainbat Euskal Etxetako dantza talde eta gazteen biltzaile, musika, jolasak, euskal produktuen salmenta, pilota, danborrada, koralen bilkura eta, eguna bururatzeko, erromeria/dantzaldia ukanen dituena.
AITA ANTTON. Aipatu izan dugu inoiz hemen aita Antton Egiguren. Gipuzkoako Bidanian 1954an sortua, 2015ean heldu zen Estatu Batuetara bertako euskaldunen omoniera izateko, urte batzuetan euskaldunek apezik gabe egon eta gero, Aita Martxel Tillous xiberotarra zendu ondoren. Lehenik Boise izan zuen bizitoki, Idahon, ondoren Fresno, Kalifornian, eta bi leku hauetarik ibili da udan euskal elgarretaratzeetara joaten, tokian tokiko xahar eta eri euskaldunak bisitatu eta piknikeko mezak emanik. Orain, aldatu berria dute bigarrenez elizbarrutiz, eta Fresnotik Bakersfieldera pasatu da, hemendik goiti beraz, Hego Kaliforniako hiri hau izanen duela oinarri, bere parropia zabalaz okupatzeko. Ez ahantzi urtean zehar berak igande guziz euskaraz eta ingelesez ematen duen meza online hedatzen dutela zuzenean, eta grabaketa Facebooken gelditzen dela, beste tenore batean ikusi nahi dutenendako. Bera sustengatzeko sortu zen Boisen, Artzai Ona euskal elkarte giristinoa, www.facebook.com/BasqueCatholic.
OBABAKOAK da Bernardo Atxaga euskal idazle ezagutuenaren, eta munduko hizkuntza gehiagotara (32 omen, tartean japoniera, Irango farsiera, hebreera edo Etiopiako amharera, konparazio) itzulia izan den eleberriaren izenburua, horien artean, bistan da, ingelesa, zenbait edizioz. Apirilaren 13an, San Frantzisko oinarri duen BEOko (Basque Educational Organization) Euskal Irakurle Klubak, Obabakoak aztertu eta komentatuko du. Saioa zuzenean online segitu eta parte hartu ahal izanen da, Kalifornian (17:30), Euskal Herrian, asteartean (2:30). Interesa baduzu edo informazioa norbaiti pasa nahi badiozu: www.basqueeducational.org/book-club.











