Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Apirilaren 02a
Administrari kontseilari izendatze - Korrika - Kantaldi
Administrari kontseilari izendatze
Frantses legearen arabera, CCAS herriko ekintza sozialen eta familien zuzendaritzarako kideen izendatzeko tenorea etorria da. Izendatu beharko dira:
- Tartekatze eta kanporatze borroka sailean elkarteetan lan eginen duen ordezkari bat.
- Jende adineko eta erretretatuen elkarteetako ordezkari bat.
- Elbarrituen laguntzan lan egiten duten elkarteetako ordezkari bat.
Ordezkaritza horientzat elkarteek bakarrik proposatzen ahal dute hiru izeneko zerrenda bat, irudikatzeko gai direnak (nun ez duten ezinezkoa frogatzen). Elkarte batek baino gehiagok ber helburua badu, zerrenda bakarra proposa dezake. Kideak errezebituak izaiteko baldintzak hauek dira: 1) kide gaiek behar dute elkarteetako bulego kideenganik garbiki izendatuak izan, elkartea bera departamendukoa izanez, 2) herrian sozial sailean animatzaile bezala edo garapenean doi bat ezagutuak izan behar dute, 3) ez dute CCAS-aren hornitzaile izan behar deusezetan ez eta lokarririk ukan, 4) ezin dira herriko hautetsi izan.
Izenak proposatzeko gutunez errezibitu batekin, Herriko Etxearen idazkaritzan, azken epea da apirilaren 24a. Emailez ere egin ditaike: ccas@ustaritz.fr.
Korrika
Uztaritzen ere egin zuen bere pasaia joan den astearte arratsaldean. Piero Rouget auzapezak eta Andi Martinez Tolosako alkateak elgarrekin hartu dute lekukoa Uztaritzen sartzean eta ereman bere kilometroan. Elkarteetako kide batzuek segitu dute gero herrian gaindi, azkenik suhiltzaileek hartu dutela lekukoa Milafrangako Herriko Etxeari pasatu aitzin.
Kantaldi
Boubamed elkarteak beti ekarri du laguntza atzerrietarik, askotan denak galdurik eta deus gabe, etorri diren etorkineri. Elkarte hori Diakite frantses federakuntzako kide da. Urtero bezala karitatezko laguntza ekartzeko kantaldia antolatzen du apirilaren 10ean ortziralearekin Arruntzako elizan (20:30). Aurten gomitatua du Ezpeletako Ezpela gizon korua, hau elkartasunez urririk etorriko dena. Jestu hori eskertzekoa da. Sartzea libro izanen da bakotxak gero eskaintza egiten ahalko duela. Ongi etorri deneri.










